Joseba Aurkenerena

Makeako kabalkada, herri ttipi baten indarra

Idazleak Makean abuztuaren 28an estreinatu zuten kabalkadari buruzko azalpenak eskaini ditu. Garaian herrian eskaintzen zen ohitura zela oroitarazi ondoren, egun horretan bizitakoa kontatu du. Azkenik bere iritzia plazaratu du: "Makeako herritarrak zoriondu nahi dut, horrelako herri ttipian halako kabalkada handia eta ederra emateko gauza izan direlako".

Kabalkadak, toberak eta horrelakoak kontu zaharrak dira Euskal Herrian, edo hobeto erranik, garai zaharretatik datozkigun usai edo ohitura zaharrak dira. Nafarroa Beherean eta Lapurdin indar handiko ikuskizunak izan dira. Hainbat herritan biziki sustraituak eta Makea dugu horietako herri bat.

1.- Makea eta kabalkadak

    Hirurogeita hamarreko hamarkada arte maiztasun handiz egin bazituzten ere, hortik aitzina ez zuten kabalkada gehiagorik egin. Garai batean, toberak egiten zituzten, hau da, epaiketa moduko ikuskizunak, baina badirudi, XX. mendearen hasieran toberarik gabeko kabalkadak egiteko deliberoa hartu zutela. Ez dezagun ahantzi molde zaharreko toberak sobera bortitzak zirela, eta agian horregatik, erabaki zuten antzerki mota hori baztertzea eta kabalkada, berriz, eustea. Ez dakit, gauza da, aurtengoan ere toberarik gabeko kabalkadari eutsi diotela.

    Kabalkada parte-hartzaile guztien ibilaldiari deitzen zaio, baina Makean erranahi zabalagoa hartu du, bere baitan hasierako eta bukaerako ibilaldiaz gain, kantuak, dantzak eta antzezkizuna hartzen baititu.

    Makean egin zituzten azken kabalkadetan, Ganix Antxordoki kontrabandista entzutetsuaren bizitza izan zen gai nagusia. Oraingo honetan Ganix izan da lau gertaldiei batasuna eman dien pertsonaia.

    Makeak gaur bostehun eta berrogei biztanle ditu, eta kabalkadan ehunetik gora aritu dira. Zenbait dantzetan hirurogeita hamar  inguru aritu dira eta antzezle gisa hogeita bi lagun, gehien-gehienak herriko Jostakin antzerki elkartean ibilitakoak, eta hori nabarmen gelditu da aurtengo kabalkadaren egituran. Manex Fusch izan da antzerki-zuzendaria eta haren estiloak eta dinamikak indar handia eman diote antzezkizunen egiturari.

2.- Kabalkadaren sarrera

    Aurtengo kabalkada bi egunetan emateko prestatu dute, lehena agorrilaren 28an, igandearekin, eta bigarrena irailaren 3an, larunbatarekin. Ni lehen emanaldira hurbildu nintzen. Agorrilaren 22tik 26ra biziki berotsua izan zen Lapurdin izan genuen eguraldia, sargoria handikoa, bero sapa izugarria; larunbatean eguzkia hodei artean ezkutatu zen eta arratsean euria azaldu. Igandean ere eguna horrela itzarri zen, goiz-goizetik euria atertu gabe bota baitzuen.

Parasola eskuan hartuta, Makeara hurbildu nintzen. Arratsaldeko hiruak ziren eta jadanik, herria jendez betetzen ari. Herriko ostatuan kafe goxoa hartu ondoren, harmaila bustietan tokia hautatu eta eseri nintzen. Lauetan kabalkada, herriko plazara sartu zen. Euria gogotik ari zuen eta ikusle ugariek parasola zabalik zuten. Euri azpian egin zuten sarrera airosa. Kabalkadaren buruan bi zaldizko zihoazen eta horien segidan, makilariak, oilarrak, zapurrak, banderariak, herritarrak… eta bukaeran, zirtzilak eta bertsolariak. Osora ehun eta hogeita hamar lagun inguru.

3.- Lehen gertaldia

    Plazan ohiko bi itzuliak egin ondoren, Ibai Barroso eta Ortzi Idoate bertsolariek sarrera moduko saioa egin zuten. Lehen gertaldiaren hasiera izan zen. Gero, denek batera, “Makea xoko” izeneko kantu ederra abestu zuten. Hitzak Gilen Hiribarrenenak ziren eta musika Xalbat Berterretxerena. Osora zazpi kobla. Hona hemen horietako hiru:

1.- Mila zortzi ehunean / Makea xoko partean, / denak umore onean, / kanpolan ala gordean, / galtza ilunak soinean, / boneta kasko gainean, / makila esku artean, denbora doan heinean,/ mila zortzi ehunean / lan onekin lanean! // 2.- Makea xoko ixila / leku xume ta umila / urtetan hemen nabila / afera onaren bila, / kontrabandako mutila /  jende zuzen ta bipila, / eskuan tinko makila, / sarea sendo dadila / Makea xoko ixila / leku zuhur ta abila // 7.- Makeako Antxordoki / gauaz lan egunaz loti, / ibiltzen da erreposki / guarden parean komonzki, / mendietako ordoki, itsasondoko gorosti / den lekuan ez du aski, / negozioan bekaizti. / Makeako Antxordoki / memorietan egoki!!!

Kantua bukatu orduko berrogei emaztek Makeako soka-dantzari ekin zioten, baina kantatuz, garai batean egiten zen bezala. Ama-alabak / eta ahizpak / aitzina doaz / saltoka. ---errepikatzen zuten, behin eta berriz.

Ondoren, gabota dantzatu zuten. Dantzariak erretiratu bezain laster hasi ziren antzezkizunarekin. Ordurako ateri zen, euria Makeatik aldendurik. Turista itxurako gazte multzo bat sartu zen plazara, ingelesa eta euskara nahasiz. Kabalkada ikustera etorriak omen. Gero zirtzilak agertu ziren eta Ganix Antxordoki heien artean. Beranduxeago, Ganixendako moduko printzesa azaldu zen. Ganixkeriak (edo zirtzilkeriak, nahiagoz gero) egiteari ekin zioten, harmailetan ginenon irri-karkailak sortuz.

4.- Bigarren gertaldia

    Bostak laurden guttitan bertsolariek bigarren saioa iragarri zuten. Saio bikaina egin zuten, lehena bezain ona. Biak ongi aritu ziren entzuleen arretan ongi bereganatuz eta bihotzak piztuz. Segidan herritarrak plazara sartu ziren eta bizpahiru kontradantza eder eskaini. Ondoren, Baigurako mazeletatik etorritako artzainak sartu ziren lau ardi berezi-berezirekin (lau gazte ardi larruz jantzita). “Etxahun eta Otxalde”  bertso famatuaren doinuaz bi bertso eman zituzten gaurko artzainen zailtasunak adieraziz. Horretan ari zirela, hamar bat mendizale edo ibiltari moderno horietakoak sartu ziren.

    Hortik aitzina antzezkizuna korapilatzen joan zen, eta era guztietako pertsonaiak eta agerpenak azaldu: traktore bat, mendizale horietako baten barnea jan zuten saiak, torero edo zezenketari bat txaranga baten doinuaz mugitzen zena,….  Zirtzilkeriatan aritu ziren laborarien mundua eta hiritarrena aitzinez aitzin ezarriz.

5.- Hirugarren gertaldia

    Bostak eta laurdenetan bertsolariek hirugarren  saioari hasiera eman zioten. Aitzinekoak bezain ederra. Gero zortzi mutil sartu ziren, Otsagiko makila-dantzan oinarrituriko  dantza bortitz bati ekinez. Bukatu bezain laster, hamabost bat neska sartu ziren eta euskal usadioan oinarrituriko dantza berriak eskaini zizkiguten.

    Hauek amaitu eta antzezleen tenorea hasi. Urrearen xerka ibili diren konpainia bateko langileak parodiatu zituzten fartsa moduko kritika zorrotza eginez. Ondoren, errugbilariak sartu ziren kanta-kantari. Bukatzeko, birziklatzearen inguruan izan diren ika-mikak oroitarazi zizkiguten pertsonaiak agertu ziren, biziki momentu irringarriak sortu zituztelarik.



6.- Laugarren gertaldia

    Seiak laurden guttitan, bertsolariak azaldu ziren, berriz ere, eta azken gertaldiaren hasiera aurkeztu. Plaza gainean genuen Urtsuia mendian lainoa zen nagusi, baina Makean euririk ez. Hirurogeita hamar bat herritar inguru plazara sartu eta mutxiko kantatuak dantzatzeari ekin zioten.  Ez zen ohiko gertaldia izan, ez baitzen oraingoan antzezkizunik egin. Horren ordez, mutxikoek hartu zuten gertaldiaren ildoa.

    Mutxikoak bukatu ondoren, zaldizkoak eta parte-hartzaile guztiak plazara sartu eta ohiko bi itzuliak egin zituzten. Gero izkina batean, musikariak ziren oholtzaren aldean, bildu ziren denak eta azken kantua abestu ziguten. “Herriaren indarra”  izena zuen, eta egileak lehen kantua egin zuten berberak ziren: Gilen Hiribarren eta Xalbat Berterretxe. Horra hor:

    1.- Hizkuntza eta tradizioak sortu euskal nortasuna / saltzeko merkatuan merke guhaurrek ezarri duguna. // 2.- Xenderak xut, hertsi ta lerrakor; eta sasien menpean… / Galurik lanopean gaude eta haize hotza parean. // 3.- Bizitza hobe baten ametsa gure ahutuen menpean, / ez ote goaz gibelezka garapenaren izenean?! // 4.- Bildurik belaunaldi guziak plazarat atera gira, / orok bat eraiki dezagun bizi hobe baten desira! //
Eta koblen artean honako errepika abesten zuten:  Herriaren indarra batasuna, / elkar laguntza eta bakea! / Euskaldunen pindarra eta sua; / berpiztuko da Makea!

    Bukatu orduko mutxikoak izan ziren denontzat eta plaza dantzariz mukuru bete zen. Plazan tokirik ez, eta harmailetan ere baziren dantzan ari zirenak.

7.- Kabalkadari buruzko iritzia

    Hasteko erran behar dut tobera maite dudala, eta Makean egin behar zutena tobera ez zela jakin nuelarik, pena hartu nuela. Dena den, Makeako kabalkada ikustera joan nintzen. Berehala desagertu zitzaizkidan  gogoan estekaturik neramatzan pena eta aurreiritzi guztiak, makearrek sekulako ikusgarria eskaini baitziguten.

    Hasieratik bukaeraraino irringarri eta bihotz-piztaile izan zen. Jendeak ez zuen aspertzeko aukerarik izan. Antzezkizun bikaina, dantzak eta kantuak ere ederrak izan ziren. Bi oren aski izan ziren bizi-bizi hori dena emateko. Antolaketa zuzen eta zorrotza zutela nabari zen.

    Eta zer erranik ez, makearren euskararen aldetik. Sumatzen zen euskara bizi-bizirik dagoela Makeako biztanleen artean, zahar zein gazteren artean, eta naturaltasun oso aritu zirez emanaldi osoan zehar.

    Nire aldetik, eta bukatzeko, Makeako herritarrak zoriondu nahi dut, horrelako herri ttipian halako kabalkada handia eta ederra emateko gauza izan direlako. Zenbait herri handitan ez dira gauza horrelakorik egiteko. Badute zer ikasi makearrekin. Hiritarren adiskidetasunak eta elkar-lanak fruitu ederrak eman ditzake; Makean ederki frogatu digute, bederen.

Bilatu