Josu Jimenez Maia
Idazlea

Marokoko Mohamed VI. errege satrapa

«Satrapa» hitza −antzinako grekoz: σατράπης, satrápēs; antzinako persieraz: xšaθrapā; , euskaraz, «herrizaina»−, probintzia bateko gobernaria izendatzeko erabiltzen zen antzinako Persian. Erregeak berak izendatzen zituen satrapak, eta gehienetan nobleen familietako kideak izaten ziren. Sekulako boterea zuten: administrazio eta epai aginpidea, zergak bildu, barne segurtasunaren ardura. Marokon satrapa baten adibide garbia dugu: Mohamed VI.a.

Hogei urtez larderiaz gobernatu eta oraino gobernatzen duena satraparen etsenplu bikaina dugu. Marokoren majzen edo benetako gobernua errege familiaren lagun, senide eta enparauen sarea da, pribilegiodunen erpinean Mohamed VI bera delarik. Marokon ez dago gobernurik; mafia bat da, errege mafia erreala.

Antzinako satrapek euren bizio eta gehiegikeriak obratzen zituzten modura, berdin Mohamed VI.ak. Egitate ezagun bat aipatzearren, Estatu espainolaren uretan sartzean Guardia Zibilarekin izandako istilua uretarako motorrarekin, isildua izan zena.

Gainera, errege despotak denboraldi luzeak ematen ditu Frantzian «negoziotan», eta Parisko parrandak vox populi izateaz gain haren irudia higatu dute: frogak, duela hilabete batzuk grabaturiko bideoa, non Mohamed VI.a balantzaka agertzen den. Mohamed VI.aren gaineko irudia gero eta ilunagoa bihurtu da, baina ezin izan da ezkutatu haren osasuna zalditik astora doala, lobby marokoarra gainbehera hori ezkutatzen saiatu den arren.

Duela aste gutxi batzuk, azken Laylat Al Qadr delakoaren ospakizunean, Mohamed oso hauskor eta lekuz kanpo ageri zen, makal eta pattal, bertan egotera behartuta balego, beste senideak Islamaren errituetan murgiltzen ziren bitartean. Balizko abdikazioaren zurrumurruak zabaldu ziren berehala.

Salatzen ditugunean PSOEk Saharako populuari egin traizioa edo berriki Albares ministroaren adierazpen ahalkegarriak, era berean noren alde ari diren agerian utzi behar da: XXI. mendeko satrapa baten alde.

Bilatu