Miren Egaña, Aitor Garjon, Amaia Kowasch eta Piru Zabalza
Sanfermines-78: gogoan! herri ekimeneko kideak

Martin Villa, Argentinako kereila eta frankismoaren krimenak

Zeregina ezinezkoa dela erraten digutenei erraten diegu ezen duela hamabi urte kereila aurkeztu genuenean inork ez zezakeela pentsa horren urrutira iritsiko zela.

Komunikabideek barra-barra zabaldu dute berria: Argentinako Kasazio Ganberak atzera bota du CEAQUA Argentinako Kereila sostengatzeko Estatuko koordinadorak Martin Villaren auzipetze autoa ezeztatzearen aurka paratutako errekurtsoa. Auzipetze autoa Servini epaile andreak eman zuen. Nolanahi ere, komunikabide handien titularrek aditzera eman dute horrek ministro ohiaren errugabetzea eta erabateko garaipena ekarri duela eta, argi eta garbi, porrot izugarria gizateriaren aurkako krimenen egile gisa akusatzen zutenena. Baina gauzak ez dira horrela. Ikus dezagun.

Has gaitezen hastapenetik. Argentinako kereila makrokausa bat da, hainbat pertsonak maila indibidualean eta memoria-elkarte zenbaitek aurkeztutako mila kereila eta salaketa inguru biltzen dituena. Justizia eskatzeko mila ekimen, lehenago Espainiako epaitegietako murruen kontra jo zutenak. Justizia unibertsalaren printzipioak Argentina, Txile, Guatemala edo El Salvadorko kriminalei aplikatzen zalantzarik izan ez zuten epaile berberek erabateko ezetza eman zioten krimen frankistengatik paratutako kereilak izapidetzeari: erailketak, desagertzeak, adingabekoen lapurretak, lan esklaboa, ondare espoliazioak, espetxeratzeak, torturak eta abar. «Bertzeendako azkarki badakite, baina berendako ez» erraten omen zuten togadun jaun-andreek.

Kereila argentinarra Maria Servini de Cubria epaile andrea ari da izapidetzen, Buenos Airesko Krimen eta Zentzate arloko 1. Epaitegi Federaleko titularra bera. Haren eskumenak Argentinako lurralde osoa hartzen du eta, gainera, hauteskunde eremuko instantzia judizial gorena da lurralde horretan. Erran nahi baita, ez garela tokian tokiko bake epaitegi txiki batez ari, justizia argentinarraren maila goreneko instantzia batez baizik.

2013an eta 2014an, lau urtez ikertu ondoren, Servini epaileak 22 kargu eta erantzule polizial frankista goren inputatu zituen gizateriaren aurkako krimenen arloko hainbat heriotzarengatik. Haien artean, bertzeak bertze, zenbait ministro frankista ohi, polizia eta guardia zibil, militar, epaile... zeuden. Horietako batzuk jada hilik daude (Billy el Niño, Utrera Molina, Licinio de la Fuente...), baina bertze batzuek bizirik segitzen dute (Martin Villa, Jesus Muñecas Guardia Zibileko kapitaina, Fernando Suarez ministro ohia...), ohore handien eta ondare, pentsio eta errenta garrantzizkoen titularrak direlarik.

Garrantzizkoa da aurrekoa azpimarratzea zeren, kereila argentinarrarekin lotutako azken egitate nabarmenak Martin Villaren inguruan zentratu badira ere, arestian aipatutako inputazio guztiek hor segitzen baitute eta bertze batzuk (1978ko sanferminetako erantzule politiko eta polizialak) aribidean daude, ebazpenaren zain.

Inputazio horietatik, Martin Villaren kasua maila prozesal goragoko batera pasatu zen 2021ean, epaileak ulertu baitzuen hari zegozkion hamabi heriotzetatik laurengatik (Gasteizko martxoaren 3a eta 1978ko sanferminak) maila kriminalean auzipetua izan behar zela. Nolanahi ere, inputaturik segitzen zuen gainerako zortzi heriotzengatik (1977ko amnistiaren aldeko astea, urte bereko Madrilgo aste beltza...), aurrerantzean maila penalean ondorioztatzen ahalko zenaren zain.

Martin Villak errekurritu zuen auzipetze auto hori eta Apelazio Ganberak bertan behera utzi zuen, ebazpena hartzeko aski froga ez zela iritzita, baina, eta hau oso inportantea da, kasua baliogabetu edo artxibatu gabe. Aitzitik, Servini epaileari eskatu zitzaion ikertutako egitateetan gehiago sakontzeko. Hau da, Martin Villak inputaturik segitzen zuen hamabi heriotzagatik, gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen testuinguruan larriagotuta. Eta horixe da gaurko egoera, Kasazio Ganberak emandako azken ebazpenaren ondoren.

Kereila argentinarra da munduan frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenengatik irekita dagoen bakarra. Bakarrik horregatik Estatu espainiarreko demokrata guztien eta justizia maite dutenen sostengua eta begikotasuna beharko zuen. Alabaina, ez da horrela. Krimen horiek estali zituen isiltasun eta inpunitate harlauzak hedabide, politikari, erakunde eta epaitegien sostengu handia izaten segitzen du. Hala eta guztiz ere, partida bukaeraraino jokatu behar da. Bertan, batzuetan karta txarrak heldu dira eta, bertze batzuetan hobeak, baina sekula ez dugu mahaitik altxatu behar jokoa den bitartean. Bertolt Brechtek errana: «Gaurko garaituak biharko garaileak dira... Segurua ez da segurua». Pazientzia hartu.

Atsedenaldian gaude. Bigarren aldia falta da eta ados gaude. Inputazioek hor segitzen dute, baina auzipetze golak berandutzen ari dira. Zeregina ezinezkoa dela erraten digutenei erraten diegu ezen duela hamabi urte kereila aurkeztu genuenean inork ez zezakeela pentsa horren urrutira iritsiko zela; kereila Argentinan onartua izanen zela horrenbertze danbateko hispanoren ondoren; 22 inputazio izanen zirela goi mailako kargudun frankisten kontra; haien estradizioak eskatuko zirela eta nazioartean auzitan paratuko zela inpunitate politika espainiarra; Martin Villa, errepresio frankistaren capo di capi auzipetuko zutela... Eta horretan gaude. Partidak segitzen du. Golak iritsiko dira.

Justiziaren eskakizuna, egia, ordaina eta ez errepikatzeko bermearekin batera, memoria historikoaren funtsezko lau hanketatik bat da. Horietako batek huts egiten badu, gainerakoak ukituak suertatuko dira eta aulkia kulunkatuko da. Justiziaren eskakizuna ez da gutxietsi edo abandonatu behar, ez Espainiako Estatuan, ezta Argentinan ere. Bukaeraraino haren alde borrokatu behar da.

Bilatu