Juan Luis Mugertza Unanue

Maskara sasoian maskarada Altzürükün

Maskaradan parte hartzen duten ofizio bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, bere ofizioa ardatz duen antzerki-erritual bat eskainiz. Txorrotxek dute ofizio bakoitza kantuz aurkezteko ardura, plazari itzulika, eta ofizioen artean tartekatzen dira dantzarien emanaldiak.

Zazpiak bat ahotan, oraindik batzuok mintzatzen garelarik ere, zer dakigu, egiatan, mugaz haraindiko maskaradaz hegoaldeko manexok?

Zuberoa, bihotz-mihitan su beroa. Zuberoa oso txikia da. Guztira, 18.000 mila bizilagun ditu, eta gehienak Maule-Lextarren (3.500), hiriburuan, bizi dira. Kopuru horri gehituz gero, inguruko herri auzo hurbiletan (Sohuta, Garindaine, Bildoze-Onizepea eta Gotaine-Irabarnen) bizi direnak (6.800), Zuberoako biztanleriaren ia erdia hiru bat kilometroko esparru batean dago. Arrazoia, XIX. mende amaiera, eta XX. mende hasierako industrializazioa: espartingintza, zapatagintza, eta ehungintza, batez ere. Halarik ere, kopuruz horren txikia bada ere, zer du maskaradak 14 astez, astebururo, herri ezberdinetan (Muskildi, Urdiñarbe, Maule, Atharratze, Barkoxez Eskiula…) horren handi egiteko Zuberoa?

Maskaradetan dantzek, bertsoek eta kantuek leku berezia dute. Gehienetan, 25 bat lagunek osatzen dute segizioa, eta batzuk gorriz egoten dira dotore jantzita. Beste batzuk beltzez narraz, eta aurpegiak apainduta. Sasoi batean onak gorriak ziren, eta txarrak, besteak. Egun, aldiz, ikertzaile batzuen (Roslyn Frank, Urbeltz...) iritzia jakin eta gero, badakigu maskaradetan onik ez dagoela, baizik eta txarrak eta txarragoak. Izan ere, ikertzaile horien ustez, maskaradetako gorriek gizakientzat arriskutsua, txarra dena sinbolizatzen dute, eta beltzez, berriz, oraindik okerrago dena, izurrite bera. Zuberoako maskaradak XVI. mendean omen du jatorria.

Maskaradak hiru zati ditu:

Barrikadaren haustea

Goizean, behin herrira heldutakoan, erakustaldia prestatzeko segizioa herrian zehar ibiltzen da. Zuberotarrentzat maskaradak beraien arteko harremanak sendotzeko aitzakiak izan ohi dira. Hori dela eta, barrikada osteko geldialdi bakoitzean mahaietan jarritako jan-edariak dastatzeko, eta beraien artean mintzatzeko batzarrak izan ohi dira.

Eguerdi aldera, plazara heltzean, jauziak ematen dituzte denek elkarrekin, eta ostean antzezleak bazkaltzera joaten dira, askotan herritarren etxeetara.
Ofizioak

Arratsaldeko saioari «ofizioak» esaten zaio, eta hasieran goizean egindako barrikada egiten dute. Izan ere, maskaradan parte hartzen duten ofizio bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, bere ofizioa ardatz duen antzerki-erritual bat eskainiz. Txorrotxek dute ofizio bakoitza kantuz aurkezteko ardura, plazari itzulika, eta ofizioen artean tartekatzen dira dantzarien emanaldiak.

Ofizio batzuk:

Marexalak: Ferratzaileak dira. Zamaltzaina ferratu behar dute.
Kerestuak: Zikiratzaileak dira. Beraien egitekoa zamaltzaina zikiratzea da.
Xorrotxak: Jaunaren ezpata zorroztu behar dute.

Buhameak: Ijito moztaileak dira. Lanbidez zaldien ilea mozten zutenak.

Kauterak: Hauek ere ijitoak dira, baina kalderash (kaldereroak) taldekoak. Beraien dantza berezia egiten dute, eta Kabana Handiak bere predikua egiten du.

Jolasak

Ofizio-joko horien artean egiten dituzte dantza ezberdinak. Ezagunena Godalet-dantza da. Halarik ere, dantzarietan oso gutxi dira edalontziaren gainean edalontzia zapaltzen dutenak. Zamaltzaina, edo kantiniersa izan ohi dira. Zuberotarrentzat «godalet-dantza»-ren benetako zailtasuna edalontziaren inguruan egin beharreko urratsak basotik ahalik eta hurbilen egitean datza. Azken jauzietan ikusleak ere gonbidatzen dituzte beraiekin dantza egitera.

Bilatu