UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordea
Medikuntza euskaraz UPV/EHUn?

Euskal gizarteak medikuntza UPV/EHUn ikasten ari diren ikasleen egoeraren berri izan du berriki. Ikasleen berbetan «ezinezkoa da Euskal Herriko Unibertsitatean medikuntza euskaraz ikastea». Egia da. Baina ez egia osoa. UPV/ EHUn medikuntza euskaraz ikastea posible da, baina ez karrera osoa.

2015/05/23

Hori horrela izanda, UPV/EHUko errektore taldeak aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du, orain arte egin duen bezala. Azken urteetako ibilbide horrek argi erakusten du UPV/ EHUk euskararekiko duen konpromisoa sendoa. Euskal gizarteak behar dituen profesional euskaldun trebeak hezteko estrategia zehatza eta ditugun baliabide urriak modu egokian erabili ditugu, gure ustez.

Horrela, osasun zientzietan geneukan gabezia ikusita eta gizartearekin bat eginez, hau da, osasun zerbitzu ona eta euskaraz emateko beharrari erantzun nahian, neurriak zehaztu eta erabakiak hartu genituen unibertsitateko Euskararen I. Plan Gidarian. Osasun zientzietan 2006. urtean arduraldi osoko irakasle eta ikertzaile elebidunen portzentajea %23,53koa zen, 2013an, aldiz, %38,30. Hamabost puntuko igoera hau bakarrik arlo zientifiko honetan gertatu da.

Erabaki hauei esker Medikuntzaren lehen zikloa euskaraz ematea lortu dugu.
Ospitaleetan ematen dugun bigarren zikloan daude arazoak, egoera oso desberdina delako. Hain zuzen ere, ziklo horretan eskolak emateko Osakidetzan azpiegituren eta profesionalen beharra daukagulako eta soluzioak denon artean, UPV/EHU eta Osakidetzaren artean, diseinatu eta ezarri behar ditugulako. Gauzak horrela, bigarren ziklo osoa euskaraz ezin izan dugu eman orain arte. Baina, gure estrategiari eutsiz, bigarren zikloan irakats eskaintza eta irakasle euskaldunen kopurua handitzen joan gara etengabe. 2000. urtean ospitaleetan geneukan irakasle elebidunen kopurua %2,1 zen. 2014. urtean, %26; hau da, 13 aldiz handiagoa. Nahiz eta aurrerapauso horiek eman, helburua ez dugu bete oraindik. Horregatik, ospitaletako irakasleen erretiroak gertatzen direnean, salbuespenak salbuespen, plaza elebidunak ateratzeko konpromiso irmoa dugu. Horrez gain, aurrekoetan bezala, indarrean dagoen Euskararen II. Plan Gidarian, neurriak aurreikusten dira karrera euskalduntzen jarraitzeko. Planaren amai-eran, hau da, 2017. urtean, arduraldi osoko irakasleen %52 gutxienez elebiduna izatea onartu dugu, eta arlo zientifiko guztietan gutxienez %45era heltzea. Hots, osasun zientzien 2013ko datuekin alderatuz 7 puntuko igoera lortu behar dugu.

Bestalde, azpimarratzekoa da medikuntzan helburuak lortzeko, UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenak Euskararen II. Plan Gidariaren helburuak eta irizpideak jaso behar dituela. Instituzio biok helburua argi daukagu eta, beraz, elkarlanean jarraituko dugu tinko. Noski, ibilbide honetan unibertsitate komunitatea eta haren proposamenak bidaide behar ditugu.

Unibertsitate baten helburua, baina, ez da eskolak ematera mugatu behar; ikerkuntza ere bultzatzen dugu euskaraz, eta bereziki materialen garrantzia aipatzea gustatuko litzaidake. UPV/EHU da une honetan euskaraz unibertsitate mailako ikasliburu eta argitalpen gehien egiten dituen instituzioa, baita osasun zientzietan ere. Hor dugu iaz argitaratu genuen «Giza Anatomiako Atlasa», medikuntza arloan euskaraz dagoen lanik garrantzitsuena.

Osasun arloan, euskararen erabilpenaren normalizazioaren bidean UPV/EHUk berebiziko papera du. Era berean Osakidetzaren ekarpenak funtsez- koak dira. Osakidetza euskalduntzen den neurrian gure unibertsitateak errazago izango du eskolak euskaraz eskaintzea eta, UPV/EHUk mediku euskaldunak hezten dituen neurrian Osakidetzak errazago izango du zerbitzuak euskaraz ematea. Biok autoelikatzen gara eta bakoitzak bestearen beharra du. Denbora kontua da, eta ez oso luzea, ikasleek aldarrikatzen duten helburua eta gurea lortzea. Bitartean, lanean jarraitu behar dugu. Ikasleak ekarpenak egiten eta guk UPV/EHUn Euskara Plana garatzen. Hor daude gure konpromisoa eta gure borondatea, orain arte fruituak eman dituztenak.

Agian, justizia, hezkuntza eta osasun arloak euskalduntzea da euskal gizartearen kezkarik handiena. Hiru arlo horietan unibertsitatea da gakoa, baina ez da irtenbide bakarra. Gure politikari jarraipena emanez, asko dira eman ditugun pausoak eta asko gelditzen dira emateke. Kalitatezko euskal profesionalak, ikertzaileak, langileak prestatzeko UPV/EHUk, azken urteotako ildotik jarraituz, irakasle doktore elebidun kualifikatuak lehenesteko politikarekin jarraituko du, gizarteak hala eskatzen digulako, gizartearen zerbitzura gaudelako.

Artikuluak
Iñaki Etaio, Rosa Lago e Igor Muñoz*
2019/06/27
Juan Carlos Poderoso
2019/06/27
Xabier Rodríguez y Nikolás Xamardo
2019/06/27
Ion Andoni del Amo
2019/06/26
Gutunak
Gaizka Argiñano, Iker Larrañaga, Eider Del Valle, Mireia Elizegi, Leire Gesteira, Clara Paredes eta Naire Vicioso | Salesianos Donostia Ikastetxeko 4.DBH ko Biología eta Geología ikasleak
2019/06/26
Ra Abad | Autor
2019/06/26
Joseba Otano Villanueva | Administrazioan Euskaraz Taldea
2019/06/26
Gerardo Hernández Zorroza
2019/06/26
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/06/27
Martin Garitano
2019/06/26
Martin Garitano
2019/06/25
Martin Garitano
2019/06/24