Bertha Gaztelumendi, Jon Moñux eta Sabino Ormazabal
Argituz elkarteko kideak

Memoria partekatu baterantz

Lehenik eta behin, giza eskubideen errespetuan oinarritu behar du, salbuespenik gabe; urraketa berari eskubide berberak dagozkio. Partekatua eta barneratzailea izan dadin, memoria horrek egia guztiak bere baitan behar ditu eta ahots guztiak jaso, oso desberdinak izango direnak, zalantzarik gabe.

Egia jakiteko eskubidea, giza eskubideen ageriko urraketei eta zuzenbide humanitarioaren arau-hauste larriei buruzkoa, eskubide autonomo eta besterenezina da, nazioarteko hainbat itun eta tresnatan aitortua... (Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordea). Beraz, iraganeko gertaerak ezagutzea biktimen eta gizarte osoaren eskubidea da. Zentzu horretan, memoriarako eskubideaz ere hitz egin genezake.

Hemen memoria eta giza eskubideen gaiaz arituko gara, bereziki «memoria hurbila» izenekoari dagokionez, «memoria historikoarekiko» begirada baztertu gabe. Bi kasuetan, batzuek uste dute dagoeneko gai amortizatua eta gainditua dela. Hala ere, udaberri honetan hainbat ekimen, plan eta inaugurazioren aurkezpenak izan dira, baita salaketa-ekintzak eta protesta paraleloak ere.

Batzuek eta besteek agerian uzten dituzte oraindik konpondu gabe dauden hainbat eta hainbat gai, gure iraganean izandako giza eskubideen urraketa ugarien inguruan, zeinak motibazio politikoko indarkeriek eragin baitzituzten. Gaia oso konplexua denez, berriz ere egiaztatu ahal izan dugu memoriari eta hura irudikatzeko moduei buruzko ikuspegi desberdinak daudela.

Eusko Jaurlaritzak Udaberri 2024 Planaren berri eman du, non bere zirriborroan Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko lege bat onartzea jasotzen den –komeni  da gogoratzea Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua apirilean onartu zuela Kontseilu Fiskalak–; Terrorismoaren Biktimen Memorialak zabaldu berri ditu ateak Gasteizen, polemikaz inguratuta eta Estatuko agintari gorenen presentziarekin; “Non dago Mikel?” dokumentalaren estreinaldia izan da –bertan Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko galderak plazaratzen dira, Intxaurrondoko kuartelean atxilotua zela jakinik–.

Era berean, Maixabel Lasaren, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargunaren, istorioan oinarritutako filmaketaren amaiera ezagutu dugu; baita Pili Zabalak bultzatutako B-Egiaz plataformaren aurkezpena ere, besteak beste, Maria Jauregirekin batera, GALen eta haren arduradunen inguruko egia bilatzeko; Donostiako Udalak Maria Jose Bravo gazte donostiarrari lehen aldiz eginiko omenaldia, zeina Batallon Vasco Español delakoak 1980an bortxatu eta erail zuen Loiolan; bestalde hainbat libururen aurkezpenak... Zalantzarik gabe, asko dago oraindik egiteke eta argitzear.

Testuinguru horretan, Argituz-ek jardunaldi batzuk burutuko ditu (ekainak 18 eta 19), Memoriaren esparruan egiteke dauden gaiei buruzko gogoetan sakondu eta partekatzeko; hau da, dagoeneko egindakoaz eta oraindik egitear dagoen guztiaz, baita nola egin behar den ere hausnartzeko. Laster beteko dira hamar urte gure lehen hausnarketak argitaratu genituenetik “Orain da garaia” txostenean, gai honen inguruan: “Posible al da esparru lokalean biktimen oroimen bateratzailea?”. Eta hamarkada honetan zehar Argituz-ek memoria partekatu bat eraikitzeko esperientzian parte hartu du, tokiko txostenak landuz Gipuzkoako hainbat udalerritan (Errenteria, Lasarte-Oria, Elgoibar, Andoain, Arrasate eta Legazpi).

Txosten horietan, gure ustez, bizikidetzako gizarte-giroa erraztuko duen, iragana ahaztuko ez duen, autokritika egiten lagunduko duen eta inor atzean utziko ez duen memoria lortzen lagun dezaketen printzipioak aplikatzen saiatu gara. Lehenik eta behin, giza eskubideen errespetuan oinarritu behar du, salbuespenik gabe; urraketa berari eskubide berberak dagozkio. Partekatua eta barneratzailea izan dadin, memoria horrek egia guztiak bere baitan behar ditu eta ahots guztiak jaso, oso desberdinak izango direnak, zalantzarik gabe. Halaber, biktimek, guztiek, errespetua eta enpatia merezi dute, eurak funtsezko atal bat izanik memoria horren eraikuntzan, baina ez bakarra.

Hainbat ibilbide ezberdinetatik memoria partekatu baterantz abiatzeak aukera ematen du beste errealitate batzuetara hurbiltzeko, beste begirada batzuk aurkitzeko, eta zer gertatu zen, nola gertatu zen eta zergatik gertatu zen ulertzen lagun dezake. Prozesu horrek, oso abiapuntu desberdinetatik abiatuz gero ere, baita aurrez aurre egonda ere, bidean hurbileko puntuak lor ditzake. Lerro labur hauek zenbait seinale erakusten dituzte memoria partekatu bateranzko ildoan; hain zuzen, helburu horrek izenburua ematen die gure txostenei, oraindik eraikitzear baitago.

Bilatu