Joseba Otano Villanueva
Administrazioan Euskaraz Taldea

Mendigorriko Udalak galdu egin du merezimenduen dekretuaren kontrako errekurtsoa

Nafarroako Gobernuak 2024. urteko bukaeran onetsi zuen Merezimenduei buruzko 97/2024 Foru Dekretua. Foru Dekretu horrek okertu egin zuen Euskarari buruzko 1986ko Foru Legea. 2024. urtera arte, udalek nahi adina balora zezaketen euskara beren lan deialdietan bere beharren arabera, baina Merezimenduen Dekretuarekin, eremu mistoko udalek gehienez puntuazio guztiaren % 2,1 balora dezakete euskara. Eremu mistoko udal askok askoz gehiago baloratzen zuten euskara, esaterako, puntuazio guztiaren %10 bitarte Berriobeitin, Burlatan, Zizur Nagusian... Merezimenduen Dekretuak eraso larria egin dio euskarari eta udalen autonomiari. Hala, Mendigorriko Udalak errekurtso judiziala jarri zuen Merezimenduen Dekretuaren kontra, baina 2026ko urtarrilaren 15ean, epaia eman zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auziekiko Aretoak, Mendigorriko Udalaren kontra, nola ez. Galdu egin du, eta kostak ordaindu beharko ditu.

Hauxe da epaileek erran dutena, laburbilduta:

Lehenengoa. Dekretua konstituzionala da. Konstituzioak ez du agintzen euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan ezarri behar denik.

Bigarrena. Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna ez da bloke konstituzionalaren parte. Konstituzioa eta hori garatzen duten arauak soilik dira bloke konstituzionalaren parte. Hizkuntza gutxituak babesteko irizpide interpretatiboak ezartzeko balio du Gutunak, besterako ez. Jakina, hizkuntza bakoitzaren egoeraren araberako interpretazioa izanen da, Gutunak ezartzen duenez.

Hirugarrena. Dekretuak ez du urratzen Euskarari buruzko 1986ko Legea, betiere epaileen arabera. Ez eremu mistorako artikuluak, ez Bigarren Xedapen Gehigarria (udalei Euskararen Ordenantzak onartzeko ahalmena ematen die). Epaileek diotenez, bai Euskararen Legeak, bai Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuak ahalmena ematen diote Nafarroako Gobernuari lege horiek garatzeko. Eta hori da Nafarroako Gobernuak egin duena.

Laugarrena. 2019ko epaiak erran zuen lanpostuetan euskararen balorazio orokorrik ezin zela egin. Euskararen balorazioa lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera egin behar zela. Baina, epai honen arabera, Dekretuak egiten duena da muga bat jarri euskararen balorazioan (eremu mistoan gehienez deialdietako puntuen %2,10). Beraz, hori beste gauza bat da. Lanpostu bakoitzaren ezaugarriek ez dute garrantzirik gehieneko muga jartzean.

Beste ondorio batzuk ateratzen ditugu guk:

Lehenengoa. Euskararen Legea onartu zenetik ia 40 urte igaro dira. Eremu mistoko udaletan 500 deialdi inguru izan dira %2,10eko portzentaje irrigarri hori baino gehiago puntuatu dutenak. Akabera eman diote epaileek horri. Epaileek eta «gobernu aurrerakoiak», bistan da.

Bigarrena. Eraso larri honen aurrean ez da ia inolako mobilizaziorik izan, ez da inolako protesta publikorik izan. ELA eta Steilas sindikatuek errekurtsoa jarri zuten, baina udal abertzaleek isil-isilik onartu dute erasoa. Herritar gehienek ez dakite gertatu denik ere. Eremu mistoko udal guztietatik bakarrak errekurritu du Dekretua, bakartasun erabatekoan, epaile euskarafoboen aurrean.

Hirugarrena. Euskararen kontrako erasoak ez dira geldiarazten isilik geldituta, baizik eta erantzuna emanez, zalaparta eginez, erakundeetan, epaiketetan, hedabideetan, eta, jakina, kalean.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu