Martxel Toledo Garmendia
Euskal Pilota Selekzioa kolektiboko kidea eta ESAITeko kide ohia

Merezi izan zuen, du eta izango du. Aurrera!

Euskal pilotari batzuek Espainiarekin edo Frantziako selekzioarekin aritzeari uko egin izana baloratzekoa eta txalotzekoa bada ere, ez da nahikoa izan nazioarteko txapelketa ofizialetan euskal selekzio gisa aritzeko.

Gure herrian, gurea dugun eta gure izena daraman kirolean hau gertatzea lotsagarria eta penagarria dela deritzogu. Horrela zioen Durangon urriaren 12an eta Biarritzen urriaren 23an Euskal Pilota Selekzioa kolektiboak antolatutako agerraldietan irakurritako idatziaren pasarte batek. Biarritzen jokatzen ari den munduko euskal pilota txapelketaz ari natzaizue.

Euskal pilota selekzioaren aldeko aldarrikapenak urte asko daramatza gure artean. Kronologia labur eta azkar bat eginez, aipatu, 1990ean, Euskadiko Pilota Federazioak bultzatuta eta Nazioarteko Federazioak onartuta, munduko euskal pilota txapelketa Kuban jokatu zenean euskal selekzioa gonbidatu gisa bertan egon zela eta hasierako desfilean eta ondoren erakustaldi modura antolatu ziren lehiaketetan parte hartu zuela. Ekimen hura ofizialtasunaren aldeko abiapuntu garrantzitsua izan zen, guretzat behintzat.

Ordutik 32 urte pasatu dira eta berdin jarraitzen dugu, alegia, ofizialtasunik gabe. Eta hau diot, asteartean Madrilgo Kirol Batzordean hitzartutakoa alde batera utzi gabe, txikia eta korapilatsua izan arren, pertsonalki aurrepauso gisa hartzen dudalako eta etorkizunari begira urrats garrantzitsua ere bihur daitekeelako. Baina, zoritxarrez, oraingoz, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna, nazioartean zein etxean, tamalez, urrun ikusten dut. Errealitatea baino ez da.

Munduko euskal pilota txapelketak lau urtez behin jokatzen dira eta, ondorioz, 1994an jokatu ziren hurrengoak, eta Biarritzen antolatu ziren, aurtengoak bezala. Baina, zoritxarrez, euskal selekzioak ez zuen inongo aukerarik izan Kubako esperientzia errepikatzeko eta itxaropenarekin jarraitzeko, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskadiko Pilota Federazioa ez zuelako bertara gonbidatu. Kuban bai eta Euskal Herrian ez, zergatik ote galdetzen genuen orduan. Ulertezina, gure herrian, gurea dugun eta gure izena daraman kirolean hau gertatzea. Eta horrek gure haserrea sortzearekin batera, ofizialtasunaren aldeko irrintzia kaleratzera bultzatu gintuen. Eta, horretarako, kirol eta kulturako jende ezagunekin, Kultur Gizakera izena zeraman plataforma irekia sortu zen. Egia esan, ez zuen gehiegi iraun eta, aldarrikapenak indarra eta ezagutza har zezan, ESAIT (Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) sortzea erabaki genuen.

1998an, berriz, Mexikon jokatu zen munduko euskal pilota txapelketa. Eta, horren harira, Donostian, Anoetan, ESAITek bultzatutako agerraldian, euskal pilotari batzuek Espainiako eta Frantziako selekzioari uko egiten ziotela adierazi zuten. “Anoetako adierazpena” izenarekin bataiatu genuen, eta idatzian, besteak beste, Euskal Herria nazio den heinean duen eskubide kolektiboa eta euskal pilotariek beraiek sentitzen dituzten koloreekin eta ereserkiaren doinupean lehiatzeko duten eskubide indibiduala aldarrikatzen zen. Orain, Durangon eta Miarritzen egindako agerraldietan aldarrikatu dugun modura.

Ondorengo urteetan ere Euskadiko Pilota Federazioaren aldetik saiakerak egon dira euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna nazioartean lortzeko. Eta, zorionez, lortu ere bai kide izatea joko zuzeneko modalitateak kudeatzen dituen Nazioarteko Pilota Konfederazioan (CIJB).

Baina gurean ezagunak ditugun modalitate indartsu horietan eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak kudeatzen dituenetan (esku-pilotan, zesta-puntan, palan..., trinketean zein ezkerparetan) oraindik ez da ofizialtasun hori lortu eta, ondorioz, aldarrikatzen jarraitu behar dugu, orain Durangon eta Biarritzen egin dugun modura.

Euskal pilotari batzuek Espainiarekin edo Frantziako selekzioarekin aritzeari uko egin izana baloratzekoa eta txalotzekoa bada ere, ez da nahikoa izan nazioarteko txapelketa ofizialetan euskal selekzio gisa aritzeko. Ikusi baino ez dago zer egoeratan aurkitzen garen, ofizialtasunik gabe eta burumakur, etsipenetik gertu. Bitartean, guk hemen diru publikoarekin interes gutxiko Espainia eta Frantziako txapelketak jokatzen, antolatzen eta babesten jarraitzen dugu eta, modu batera edo bestera, egungo egoera makur hori «normalizatzen». Horrela doakigu!

Baina ezin dugu etsi eta egungo egoera lotsagarri honi, ahal dugun neurrian, aurre egin behar diogu eskura ditugun baliabide guztiak erabiliz, aldarrikapena barne. Bestela, kirola erabiliz, gure bi etsai potente horiek, Espainiak eta Frantziak, lortuko dute egoera guztiz «normalizatua» bilakatzea eta gu hor eroso sentitzea. Eta hori da, zoritxarrez, gertatzen ari dena.

Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da herri, nazio, bezala dagokigun eskubide kolektibo eta indibidualen defentsa egitea. Euskal Herria betidanik dago murgilduta borroka horretan eta ez dugu zalantzarik horretan jarraitu behar duela, dugula.

Zentzu horretan, uste dut merezi izan zuela 1990ean Kuban abiatu genuena, merezi izan duela orain artekoa, azken bi agerraldiak barne, eta mereziko duela datozen urteetan aldarrikatzen jarraitzea. Konbentzituta nagoelako bide horretatik bakarrik lor daitekeela egun euskal herritar gehienen ametsa errealitate bihurtzea.

Inposaketarik ez, ofizialtasuna! Gora Euskal Herriko selekzioak!

Bilatu