Maider eta Xabier IRAZUSTA ZARRA, Monika REFOJOS IRAZUSTA eta Dani GOÑI IRAZUSTA
Maider eta Xabier Irazusta Rosa Zarraren alaba eta semea dira, eta Monika Refojos eta Dani Goñi, ilobak.

Mina minaren gainean

Mina minaren gainean, eta amorrua, eta etsipena, sentipen ugari eta nahasiak; horixe da Rosiren senideek sentitu genuena urtarrilaren 25ean, telebistaren aurrean, Juan Maria Atutxa Sabino Arana saria eskuetan ikustean eta haren adierazpenak entzutean.

Martxoan beteko da urtebete, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren eskutik biktima gisa aitortzen duen txosten ofiziala jaso genuela. Ekainaren 30ean, heriotzaren urteurrenean, omenaldia antolatu genuen senideok, eta, azaroaren 8an egindako ekitaldian, Donostiako Udalak plaka jarri zuen Rosi biktima gisa oroitarazteko eta omentzeko. Bi ekitaldietan, alabak, esperantzari leiho bat irekitzearren, Atutxari gogorarazi zion aukera zuela eragindako mina aitortzeko eta barkamena eskatzeko, eurentzat ona eta aringarria izango zelako, bai eta gizartearen elkarbizitza duin eta justu baterako ere. 

Telebistan, ordea, Atutxa tinko eta harro azaldu zen biolentzia mota bat salatzeko eta biktima batzuen sufrimenduaren aitortza egiteko orduan. Aitortza egokia, guk ere, biktima gisa, oso ondo ulertzen baitugu haien sufrimendua. Baina, kazetariak Rosa Zarraren kasua aipatu zionean, bere jarrera beste bat izan zen (Barne sailburua zen garai hartan eta eragin nabarmena izan zuen hartutako erabakietan). «Ez dekot nik ezelako arazorik barkamena eskatzeko, esan badabe Ertzaintzaren jokaera ez zela izan izan beharrekolakoa, ezelako zalantzarik, ze hori nire sasoian izan zan; dana dalatik gauza asko sartu behar geunkez pakete horretan, 15 ertzain erailak izan zirenak be, haren senitartekoak be, zerbait gura dabeko entzun; dana dala, hau da, baina berriro dinot, ez daukat nik inongo eragozpenik barkamenak eskatzeko erratuta egon baginen edo Ertzaintzak berak, esate baterako, hanka sartzeren bat izan baeban».

 Zein “paketetan” sartzen du Rosi? Rosi bere alaba gazteenarekin kalera jaitsi berria zen azterketak bukatu zituela ospatzeko eta afaltzera joateko. Begira ari zen arkupetatik alaba ondoan zuela eta 6-8 metrotik botatako pilotakada sabelean jaso zuen. 

Eragozpenik ez Atutxa jaunak Balorazio Batzordearen txostena eta Justizia Sailaren aitortza zalantzan jartzeko. Ez! Juan Maria Atutxak ez du barkamenik eskatu eta ez du eskatuko. Eta guk ere ez diogu horrelakorik eskatuko. Gizartearen aitortzarekin, Balorazio Batzordearen lanarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailetik jasotako aitortzarekin geratu beharko dugu oraingoz. 

Teleberri berean guztiok ikusi ahal izan genuen, Ameriketako Estatu Batuetan, Minneapolisen, poliziak nola hiltzen zuen, tirokatuta, Alex Pretti, emakume bat babestu nahian ari zenean. Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariaren eta Donald Trumpen adierazpenak ere ikusi genituen honakoa esanez: terrorista arriskutsua zela eta ondo hila zegoela. Urrutiko gauzak beste modu batera ikusten ditugu, nonbait. 

Gurera itzulita. Gure eskuetan dugun Justizia Sailaren ebazpenak argi uzten du Rosiren heriotza «naturala» izan zela zioen bertsio ofiziala adostutako gezur eta injustizia nabarmena izan zela. Bi auzitegi medikuk sinatutako txostenak heriotza kausa zientifikoki defendaezina jaso zuen. Epaile batek, ikerketarik egin gabe eta familiaren auzitegi medikuaren txostena baztertuz, kasua azkar batean artxibatu zuen. Eta, berehala, lau haizeetara, Rosiren heriotza osasun arrazoi naturalen ondorioz gertatu zela zabaldu zuen Barne sailburuak. 

Zaila egiten zaigu, mina minaren gainean pilatzen zaigunean, buruari hotz eusten eta neurritsu idazten. Duintasunari, ordea, ezin egin uko. 

Bilatu