Gorka Elejabarrieta
GAUR8

Mindanao

Iazko martxoan Mindanao uharteko Askapen Islamikorako Fronte Mairuak (MILF) eta Filipinetako Gobernuak bake akordio historikoa sinatu zuten.

Hamarkadetako konfrontazio armatuari amaiera eman eta gatazka politikoaren arrazoiak konpontzeko bide orria adostea lortu zuten. Bide orri horrek Mindanaok autonomia parlamentarioa eskuratzea aurreikusten du, eta, hori gauzatu ahal izateko, Filipinetako Parlamentuak eta Senatuak hainbat lege aldatu eta moldatu behar dituzte, eta horretan dihardute.

Urtarrilaren 25ean Filipinetako Poliziak tiroketa bortitza izan zuen MILF gerrillako zein bake prozesuaren kontrako Bangsamoroko Askatasunaren Aldeko Borrokalari Islamikoak (BIFF) taldeko hainbat kiderekin. Ondorioz, 60 lagun baino gehiago hil ziren, horietako 44 poliziak. Gertakari horrek bake prozesuaren garapena stand by egoeran utzi du. Polizia MILF gerrillak kontrolatzen duen lurraldean Abdulbasit Usman eta Zulkifli Bin Hir atxilotzen saiatu zen. Bake akordioaren arabera, poliziak horrelako operazioak MILF gerrillarekin eta Filipinetako Armadarekin koordinatu behar ditu; ondoren baieztatu dutenez, ez zuten horrela egin. Filipinetako presidenteak eta MILFko zuzendaritzak gertakaria «istripu» gisa hartu dute eta bake prozesuaren agendak bere horretan jarraitzea eskatu dute. Horrelako gertakariak berriz ez gertatzeko, baina, bake akordioaren bide orrian aurrerapausoak ematea da bide bakarra, ez dago B planik. Bi aldeetako buruek, bai eta nazioarteko bitartekariek ere, prozesuak aurrera jarraitzea eskatu dute, baina, hala eta guztiz ere, ez dago batere ziur zer gertatuko den datozen aste eta hilabeteetan. Parlamentuan eta Senatuan aurrera doan prozesu legegilea moteldu egin da, zenbaitek jarrera aldatu dute eta prozesua babestetik kontra egotera pasa dira. Parlamentuak eta Senatuak Mindanaok autonomia eskuratzeko beharrezkoak diren legeak babesten ez badituzte, prozesua pikutara joan liteke.

Gobernuen ikuspegitik, sekurokratak beharrezkoak dira gatazka eta konfrontazio garaietan, beraiek dira maila handi batean gobernuen agenda politikoak erabaki eta baldintzatzen dituztenak, beraien ekinbideek eta inteligentzia zerbitzuei esker lortzen dituzten informazioek garrantzi handia dute. Konfrontaziotik konponbide elkarrizketatu eta adostu baterako bidean, baina, sekurokraten interesak prozesuentzat kaltegarriak izan ohi dira. Arerioa zapaldu eta desagerraraztea lortu ez denean, hau da, sekurokraten estrategiak porrot egitean, hasten dira horrelako prozesuak normalean. Norberaren porrota onartzea ez da erraza, norberaren bidea onena eta eraginkorrena dela pentsatzeko ohitura dugu-eta. Sekurokratak dira etsaien kontra borrokan ibiltzen direnak, on the ground daudenak, eta, ondorioz, arerio hori gehien gorroto dutenak. Hego Afrikan, Irlandan eta bestelako prozesuetan ikusi da sekurokratak bake prozesuei zer-nolako arazo eta trabak jartzeko prest dauden. Arerioaren inguruko inteligentzia zerbitzuen informazioak sekurokraten eskuetan jarraitzen du konponbide prozesu garaietan ere, izugarria da, beraz, haien boterea.

Mindanao horren guztiaren beste adibide bat da. Polizia buruak adierazi du ez zuela MILF gerrillaren operazioaz informatu ez zelako gerrillariez fio, eta horrek argi adierazten du gatazka baten konponbidea akordio bat sinatzea baina askoz gehiago dela. Polizia buruak harturiko erabakian ez zuen teorian Gobernuak zerikusirik izan –aldeek adierazitakoaren arabera badirudi horrela dela–, eta, hala ere, erabaki horrek urte luzetako elkarrizketa prozesua pikutara bidal lezake. Horrek prozesuon ahultasuna erakusten du; prozesuak etengabe elikatu eta indartu beharra dago, eta kontuan izan amaigabeak direla. Ez da sekula gatazka bat zeharo konpontzea lortzen. Aipatu bezala, sekurokratek eragin negatiboa dute Estatuetako erabakiguneetan, gobernuen aldaketa nahia itotzeraino batzuetan. Gure kasuan egoera are dramatikoagoa da, sekurokratak baitira gobernua zuzentzen dutenak. Espero dezagun, arazo guztien gainetik, Filipinetako Gobernuak eta MILF gerrillak bake prozesuarekin aurrera jarraitu ahal izatea, eta alde guztien ekarpenak norabide berdinean joatea, hori baita Filipinetako herriaren eta Mindanaoko herriaren interesen aldeko bide bakarra.

Bilatu