Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Mundu berria: teoriatik praktikara

Esperientzia praktikoak egon badaude. Baina oraindik gutxi batzuk murgiltzen dira proiektu horietan, gehienok teorizatzen jarraitzen dugun bitartean. Eta heldu da pausoak emateko ordua. Gure esku dago, egingarriak eta martxan diren proiektuak izanik, bultzatzea eta eragitea. Gaurdanik eta proiektu txikietatik abiaturik, euskal estatua eraiki behar dugu.

Biziki interesgarria izan da Biarritzeko G7 bileraren karietara antolatu den herri ekimena. Hasteko, erabili den lema bera aski erakargarria izan da: «Euskal Herritik mundu berria eraikitzen». Ildo berberari jarraiki, toki berezia eskaini zaio lekuko esperientzia berriak azaldu eta ezagutarazteari eta, gainera, mehatxu eta mezu beldurgarrien gainetik, mobilizazio jendetsuak eta modu koloretsuan antolatzeko gaitasuna erakutsi da.

Esanguratsua da lema, ezkerreko mugimenduen aldetik aldaketa erakusten duelako. Kapitalismo kriminala zorrozki kritikatzetik at, bide alternatiboak zabaltzeko joera adierazten duelako. Aspaldiko urteetan ezkerreko mugimendua, oro har, kapitalismoaren hondamendia kritikatzera mugatu da, eskumako indar politikoek hartzen zituzten erabakien ilogikotasuna eta zentzugabekeria salatzera, alegia. Badirudi urrats berria egin nahi dela, kritikatik alternatibak proposatzera pasatuz.

Adierazgarriak dira kontragailurreko datuak: 200 hizlari, 98 hitzaldi eta tailerrak, 6.000 parte hartzaile, 15.000 pertsonako manifestazio jendetsua... Hori guztia zerbaiten erakusle da. Jakin-nahia badago, mundu berria aldarrikatzeko gogoa nabaria da. Eta posible dela erakusten diguten esperientzia praktikoak ere egon badaudela ikusi ahal izan da herritarren gailurrean. Entzun eta ikusi ahal izan da Ficoban, teoriatik at, praktikan saiakerak egiten ari direla, ari garela, bide berriak eraikitzen. Eta horrek esperantza sortzen du.

Gainera, proiektu lokalak dira baina dimentsio globala dutenak. Elikadura- burujabetza edo energia-burujabetza lortzeko bidean nonahi sortzen ari diren alternatibak modu lokalean garatuak izan arren, jomuga zabala eta mundiala dute. Izan ere, tokian tokiko garapen jasangarriak garatzea ez da soilik herri edo gune batera mugatzen den ekimena, dinamika askoz zabalagoaren parte baizik. Bere txikitasunean, bestelako gizarte eredu baten isla. Gure bitartekoak eskasak izan arren, eraiki ahal diren proiektuak dira, neurri batean behintzat, gure esku daudenak, gure bitarteko eskasekin egingarriak. Gainera, gaur- gaurkoz behintzat eraiki ditzakegun alternatiba bakarrak. Guk bestelako errealitate berria lortzeko bidean, egunerokotasunean, eman ditzakegun pauso egingarriak eta praktikoak.

Ficobakoa oso ondo dago. Beharrezkoa zen. Behar zen honelako egoera aprobetxatu. Baina ez da aski. Ildo beretik, irailaren 20an, larrialdi klimatikoa dela eta, Sabin Etxearen aurrean salatu zen gaiaren larritasuna, erabaki zehatzak hartzeko burujabetza eskatuz eta hitz ederretik at koherentzia praktikoa exigituz. Ekimen txalogarria. Baina horrek ere praktika osagarria eskatzen du, hor ere aldarrikatzera mugatzen baikara. Ezinbestean, horrekin guztiarekin batera, hurrengo pausoa eman behar dugu: hainbat aldaketa gure bizitza pertsonalean txertatu, gure eguneroko ohiturak aldatuz beste eredu baten eraikuntzan murgildu, besteei eskatzen dieguna norbere bizitzan praktikatu, alegia. Zaila dugu kapitalismoaren atzaparretatik guztiz libratzea. Baina hori ezin da aitzakia izan kapitalismoan murgildurik lasai bizitzen jarraitzeko. Izan ere, «iraultzaile teorikoak» egunerokotasunean kapitalismoan murgildurik bizi bagara, sistemaren baloreak onartu eta transmititzen bukatzen dugu. Sistemak irentsi egiten gaitu.

Ficobatik pasa diren 6.000 ezkertzale horiek eta hara joaterik ez izan arren bertakoa interesaz jarraitu dugun guztion esku dago aldarria eguneroko praktika bihurtzea. Gure bizitzatik multinazionalak uxatuz, bestelako ekonomia eredua garatzen murgiltzea. Vandana Shiva ekofeministak esaera borobil honetan laburbiltzen du elikadura alorretik nola eraldatu gizartea, nola eraiki egunerokotasunean bestelako ekonomia solidarioa: «Inork iraultza egin nahi badu, egunero hiru aukera ditu: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan». Jakina, gure eguneroko erosketa multinazionalen sarean dauden supermerkatuetan edo horien «bezero» diren dendetan egin beharrean, «bertokoa, ekologikoa eta prezio justuan» eskaintzen duten herri proiektuetan parte hartzen baduzu, urrats praktikoak egiten ari zara. Zure aldarrikapenak proiektu konkretuetan gauzatzeko gai zarela erakusten duzu eta horrela zure diskurtsoak edo protestak bestelako sinesgarritasuna dute. Zure ideiak eta ametsak egia bihurtzetik oso hurbil daude, bizitzaren parte baitira.

Maiz entzuten dugu: «Sinistu behar dugu boterea eskuratu dezakegula». Ados naiz, baina galdera zera da; zeintzuk dira lortu eta eraiki ditzakegun botereguneak? Soilik instituzionalak? Nola lortu botereguneak alor ekonomikoan, kulturalean edo politikoan? Eraldaketa globala lortzea izanik helburua, txikitasunetik abiatzea da bide bakarra. Ez dago eraldaketa globalik, norberagandik hasita, eraldaketa txikiak burutzen ez ditugun bitartean. Ekonomia solidarioa, lurraren defentsa, klima larritasuna, energia sostengagarria, elikadura osasuntsua, ekonomia zirkularra... nola txertatu eguneroko bizitzan? Urratsez urrats, egingarriak diren proiektuetatik hasita eraiki dezakegu mundu berria.

Esperientzia praktikoak egon badaude. Baina oraindik gutxi batzuk murgiltzen dira proiektu horietan, gehienok teorizatzen jarraitzen dugun bitartean. Eta heldu da pausoak emateko ordua. Gure esku dago, egingarriak eta martxan diren proiektuak izanik, bultzatzea eta eragitea. Gaurdanik eta proiektu txikietatik abiaturik, euskal estatua eraiki behar dugu.

Eraldaketa soziala ezin da soilik maila pertsonalean garatu, dimentsio kolektiboa eta estrukturala ere baduelako. Halabeharrez, eginbehar kolektiboa da. Baina kolektiboa hori norbanakoen konpromisoetatik abiatzen da. Eraldaketa sozialak oinarri pertsonala ere badu. Norbanakoen joerek eta bizierek eragin zuzena dute gizarte eredua osatzeko eta alderantziz ere bai: gizartearen eraketa estrukturalak eragin zuzena du gure bizitza pertsonalean. Norberaren ohiturak eta joerak eraldatu, gizarte berria sortzeko eta gizartea eraldatuz, pertsona berria sortu. Utopia eguneroko praktika bihurtzea da abertzale eta ezkertzaleon erronka.

Bilatu