Joxemari Carrere
Kontalaria

Munduko kontalaritzaren eguna

Suezian antolatu zuten, udaberriaren hasierarekin, 1991eko martxoaren 20an ipuinak kontatzeko egun nazionala. Jardunaldi hori hartu ohi da geroago Munduko Kontalaritzaren Eguna izango zenaren hastapena. Sueziatik Australiara pasa zen ideia eta ondoren Latinamerikako herrilde ezberdinetara.

Mendearen hasierarekin Eskandinabia aldean ideia berreskuratu eta zabaldu egin zuten beste kontinentetara egungo ospakizuna ezagutzen dena egituratu arte. Egun munduko herrialde ugaritan martxoaren 20 kontalaritzaren aldarrikapenaren eguna ospatzen da. Kontalariak elkartu eta ipuin kontaketa saio kolektiboak egin ohi dituzte, emanaldi txiki eta handietan, herri txikietan, hiri handietan, basoetan, basamortuan, itsas bazterrean, antzokietan, lokaletan, guztietan narrazioek betetzen dituzte bazterrak eta hitzak airean barreiatzen dira. Udaberria loraldia dakarren bezala, ahoetatik sortutako hitzek kontalaritzaren loraldia ekarriko dute, hitzarekin batera jaiotako giza sorkuntza zaharra etengabe berritzen denaren seinale. Istorioak, ipuinak, leiendak, kondairak pertsona humanoekin batera mendetan bidaiatu dute elkarren ondoan, euren kezkak eta gogoetak argitu nahian; mundu ikuskerak agertzen; giza harremanak azaleratzen; ideiak azaltzen; baina, batez ere, hitzak elkarri esanez bizitzari gorazarre eginez.
    
Lema bat hartu ohi da urtero egunaren ikur gisa, aurten Emakume Indartsuak delarik. Emakumeek mundu osoan, kultura guztietan ipuinetan duten presentzia nabarmena da. Disneyren eredutik ihes, ipuinetan emakume indartsuak eta ausartak agertzen dira mundu osoan: sexualitatea bere gustura bizi duen amazoniako Miritinga; eguzkiaren bila abiatu zen Mara ausarta; askatasunaren bila jipoitzen zituen senarratik aldendu ziren bi emakume inuitak; sorginak, belagileak beti besteei laguntzeko prest. Ugari aurkituko ditugu halakoak ipuinetan. Baina baita ere ipuinak kontatzeari ekiten diotenak, hitzaren gordailu gisa: emakume palestinarrek gordetzen duten hiyake ohitura zaharra, emakume artean kontatzen direlarik istorioak; edo, aspaldian, Palermon bizi izan zen Agatuzza Messia, letretan ezjakitun, baina hitzetan aberats, kontakizunaren artisaua, irudimenaren argia. Aurten, bereziki, horiek guztiak izango dira gogoan eta ahotsetan munduan barrena egingo diren kontaketa saioetan.
    
Munduko Kontalaritzaren Eguna kontatzearen artea eta bere garrantzia aldarrikatzeko eguna da. Maiz haurrei zuzendutako aisialdi jardun gisa hartzen dena edo bestelako helburuak lantzeko –irakurketa, baloreak, jarrerak, terapiak…–, erabiltzen den tresna, gutxietsita agertzen da, bere horretan baliorik ez balu bezala. Istorioen kontaketa jardun artistiko eta sortzaile moduan ez da ikusten normalean, ikustea besterik ez dago kultur egitaruetan zein lekua hartzen duen edo hedabideetan zer lekua eta tratamendua ematen dioten. Ohikoa da kontalarien izenak edo ikuskariaren izenburua ez agertzea egitarauetan. Kezkagarria da ere ikustea azken urtetan helduentzako kontaketa saioek nolako beherakada egin duten, haurrentzako programazioetara zokoratuz. Kontalaritzaren Egunean horiek guztiak ere agerian uzteko aukera aproposa da, kontagintzaren kultur garrantzia azpimarratzeko jardun artistiko gisa, kontalaritza berriaren bideak ezagutarazteko; hau da, ipuinak kontatzearen duintasuna sortzailea aldarrikatzeko.
    
Jende humanoak bere izatearen kontzientzia hartze beretik ipuinak, istorioak eta bestelako narrazioak asmatu eta kontatzeari ekin zion, bere izate hori bera ulertu nahian segur aski. Eta horrela jarraituko du izaten, esateko grina dagoenean ez baitago oztoporik, erraldoia bada ere, isilaraziko duenik. Hala bada, hala bedi.

Bilatu