Nafarroako ospitalean euskaraz artatua izateko eskubidea
Atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, publikoan, ordua nuen kirurgia txiki bat egiteko. Hilabeteak neramatzan egun honen esperoan eta ospitale batean sartzeak betidanik sortarazten dizkidan hainbat emozio borborrean nabaritzen nituen. Jakin banekien kontu erraza eta azkarra izango zela, egunero horrelako hainbat egiten direla eta gainera izenak berak dioen moduan, egin beharrekoa kontu txikia zela. Baina, hala ere, horrek ez ninduen erabat lasaitzen, txikia izanagatik, «herri txiki, infernu handi» legez, zauriak ere antzeko bilaka daitezkeelako. Zorionez, ahizpen babesa daramat soinean betiko eta oraingoan ere, horrela izan zen, horrek ematen didan kemenarekin. Zorionekoak beti gu.
Ospitaleko sarrera nagusian paratu dituzten eskulturek bero hartu gintuzten. Arratsaldeko eguzkiaren argi izpiak, gustu onez zintzilikatutako apaingarrietan jo eta ortzadarraren koloreak islatzen dituzte sarreran barreiatuz, honela arimak alaituz eta berotuz. Arteak eta hori gauzatzeko erabilitako detaileek sortarazi dezaketen ahalmen eta boterearen adibide garbia. Dena den, tamalez, argiak iluntzen doaz eta beroa hozten, kirurgia txikiak egiten diren txokorainoko pasabide hotzak zeharkatu ondoren; indarrak eskutik doaz noski.
Konpainia onean egonagatik ere, luze joan zen itxaronaldia, pasabide narras hartako ahulki deserosoetan. Azkenik, kirurgilariak pasabideko ate metaliko hotza ireki eta berak zuzenean deitu ninduen; detaile hau nahiko ez ohikoa izanagatik ere, oraindik ezin erreparatuz zetorkidanari.
Kirofano arrotz bateko sarrera zirudiena, oasi txiki batean bilakatu baitzen. Euskaraz artatua izanak ekarri zituen berriz ere nire baitara ospitaleko sarrerako ortzadarreko kolore guztiak, haiek nirekin batera kirofano hotzera sartu izan balira bezala, nolabait indarrak nire arimara eramanez. Ez da erraza hitzez azaltzen sentitutakoa, pairatu ez duenak nekez jakingo dut euskaldunontzat gure hizkuntzak suposatzen duena. Hainbestetan zapaldua eta gutxietsia izanda ere edo izanagatik hain zuzen; guri, barruan pizten digu sugarra. Euskarak etxeko goxotasunera eraman ninduen, sorterrira; eta ez dut zalantza izpirik ere horrek prozesu guztia, txikia eta erraza izanagatik ere, samurtu zuela.
Esku-ohean etzanda nengoela esku onetan aurkitzen nintzenaren sentimenduak gurutzatu ninduen, eta horrela izan zen. Beldurrak, intseguritateak eta antsietate guztiak desagertu ziren eta horren ordez pribilegiatu bat sentiarazi ninduten; zirujaua zein erizaina, euskaldunak biak. Haien arteko eta nirekin izandako elkarrizketak errespetuz eta goxotasunez blaituak. Goraipatzekoa eskainitako tratu-ona, interbentzioak iraun zuen bitartean nire duintasuna eta ongi izatea uneoro kontuan izaten. Baina ez hori bakarrik, Nafarrok horren barneratua dugun hizkuntz eskubide urraketak bermatu zizkidaten; eta hori, tamalez, nekez lortzen dugu gure herrian.
Behin etxean, eta nire zauri txikia osatzen den bitartean, konturatzen naiz euskaldunok zelako zauri itzela pairatzen dugun gure hizkuntza eskubideak etengabean urratzen dituen gizarte honetan. Bigarren mailakoak sentiarazten gaituen gizarte honetan. Nekagarria bezain gogaikarria da. Mendeetan zehar zapalduak eta gutxietsiak. Pribilegiotzat jotzen dudan gertaera hau, normala beharko luke. Lotsagarria da ikustea urratsak txikiak direla eta zoritxarrez etorkizun hurbilean ez dirudi aldaketak emango direnik. Nahiko nuke, nire seme alabek horrelako egoera batean aurkitzen direnean, haien ama hizkuntza izan dezaten bidelagun eta horretarako berandu baino lehenago eskubidez dagokiguna bermatu besterik ez dute egin behar.
Eskerrik asko bihotzez artatu ninduten erizain eta zirujauari euskararen oasia sortzeagatik.