Bea Sever
Sexologoa

NAIZ, giza eskubideen aurka

Imajinatzen duzue pertsona beltzak ez direla gizakiak esaten duen artikulu bat egunkari digital mainstream batean? Edo pertsona homosexualak burutik gaixo daudela dioen bat edo... Muga batzuk gaindiezinak dira, pertsona transexualei buruzkoak badira salbu, antza.

Haur eta gazteen transexualitatearen aurkako mezuak ugaritu dira azkenaldian, errealitatea ukatzea eta pertsona transexualen giza eskubideen kontra egitea adierazpen askatasuna omen da. Ondorioak: erasoak gehitzea.

Duela zazpi urte luze, haur eta gazteen transexualitateari buruzko lehendabiziko hitzaldiak eta formazioak ematen hasi ginenean adi entzuten zuen jendeak, errealitate horren berririk ez zuten eta informazioa interes handiarekin jasotzen zuten. Baziren hasieratik sinesgogorrak eta kritikoak, baina, orokorrean, Euskal Herrian ondo hartu zen informazioa. Are gehiago, Hazte Oir elkarteak haurren transexualitatearen aurkako autobus laranja gurera ekarri zuenean jende ugari kaleratu zen aurre egiteko asmoz.

Gaur egun, ordea, ugaldu dira orokorrean pertsona transexualen kontrako mezuak, haur eta gazteen kontrakoak barne. Adierazpen askatasunaren izenean ez bakarrik irainak, haien izate bera ukatzen duten idatziak irakur ditzakegu. Ez bakarrik sareetan, baita komunikabideetan ere! Imajinatzen duzue pertsona beltzak ez direla gizakiak esaten duen artikulu bat egunkari digital mainstream batean? Edo pertsona homosexualak burutik gaixo daudela dioen bat edo... Muga batzuk gaindiezinak dira, pertsona transexualei buruzkoak badira salbu, antza. Kasu horietan, ez direla existitzen, zoratuta daudela eta horrelakoak esatea adierazpen askatasuna omen da. Eta adierazpen askatasun horren ondorioak erasoen igoeran ikusten ditugu.

Ez naiz ni jarrera punitiboen aldekoa inondik inora, baina giza eskubideak urratzea adierazpen askatasuna ez dela ere badakit eta ez dut ulertzen zergatik pertsona transexualen kalterako denean onargarria den. Ulertezina egiten zait hau bezalako komunikabide batean gorroto-mezuei ahotsa ematea.

Bilatu