Imanol Esnaola
Gaindegiko koordinatzailea

Nazio garapena 2019

Ez genuke inozoak izan behar, ekimen horiek borondate saiatuak dituzte atzetik, baina hauspoa emango dien arkitektura instituzionalik ez ia

Jokoen teoriari datorkeena iragartzeko gaitasuna aitortzen zaio. Euskal Herrian, aspaldian entzun genuen jokatzeari uzteko garaia zela, baina hemen gaude eta 2019 urteari erreparatuz gero ez dirudi jokatzeari utzi diogunik. Baina ez gara jokalari bakarrak.

Nazio garapenarentzat 2019 urtea arrunt nekagarria gertatu da. Madrilgo hauteskunde eta negoziaketek bete dituzte eztabaidak eta gogoetak. Berdin Frantziako Errepublikan Macronen gobernuaren asmoen aurka bizi izandako mobilizazio sozial ia iraunkorrak. Urruneko ospakizunentzat idatzitako musika ozen entzun da gure erromerian.. Atzeraezina da, ordea, lurralde honetan bizi garenok aurrean ditugun erronkei elkarrekin nola erantzun adostea eta bide horretan behar ditugun helburu eta tresnak indarrean jartzea, eskumen muga edo lurralde zatiketaren gainetik. 2019an problema hori ez da erreferentziazko guneen agendara iritsi eta hori bere baitan kezkatzekoa bada.

Erret jauregiko berri dutenek ahapeka diote, euskaltasunaren nazio adierazpenak bazterrak inarrosten dituela eta erne ibili beharra dugula. Bixintxo Bilbao pilotariak jasan zuen zigorra horren lekuko, ez gara gai izan, ordea, halakoen kontrako euskal lobbyrik eraikitzeko, errazagoa izan da Eurocopa Bilbon jokatzeko erabakia txalotzea.

Huerta de Peraltako greban sindikalista abertzaleek nozitutako ezohiko errepresioak edo Pirritx, Porrotx eta Marimototsi ezarritako hesiak norabide bera adierazten dute. Ez dira, ordea, nazio garapenarekin engaiatutako jardueren aurkako urrats bakarrak izan, Seaskaren hazkundeari erantzungo dion irakasle dotazioa murriztea ere antzera ulertu behar da, Hirigune Elkargoak euskarazko eskolatzeaz urte amaieran argitaratu duen txosten eskandalagarriak balio izan du non gauden gogorarazteko. Jazarpenari dagokionez, zaharrak berri.

Hala eta guzti, 2019an euskal nazio garapenaren aldeko bulkadak adierazpide ugari utzi du. Ohikoa zaigun moduan (ikus aurreko urteetako balantzeak hemerotekan) nazio garapenaren aldeko zantzuak hiru kategoria nagusitan antolatuko ditugu, hots, adierazpenak, ekimenak eta prozesu eratzaileak.

Adierazpenen alorrean, Joxe Azurmendiri buruzko kongresua etorkizunari eragiteko mugarri gertatuko delakoan gaude. Kongresu horrek eduki mamitsuak utzi ditu, baina zalantzarik gabe, Gernikako Estatutua berritzeko aditu taldeak egin beharreko lanak utzi du adierazpen sokarik luzeena eta oso aintzat hartzekoa bere baitan. Xabier Barandiaran EAJko kideak argi esan zuen (2019-10-10) «euskal komunitatea sendotu beharra dugu gure sozializazio komunitarioko sistema, gure ekoizpen sinbolikoarena eta ekintza politikoarena  XXI. mendean herri izaten jarraitu nahi duen herri honen beharretara egokitzeko (…). Nazio eraikuntzako euskal estrategia gizartean, ekonomian, kulturan eta politikan berreraiki eta erreproduzitu beharra dago» [itzulpena geurea da]. Iñigo Urrutia legelariak, EAEko estatutua berritzeko lanak amaitu berritan non gauden gogorarazi digu (2019-11-30) “Euskal Herriko gainerako herrialdeekin izan beharreko harremanei dagokionez gehiengoak babestutako testuak ez du inongo urrats kualitatiborik (…) oinarri eta printzipioek Euskal Herriaren izaera nazionalari aipamen esplizitua egitea eskatzen zuten (…) gehiengoak babestutako testuak «identitate nazionala» aipatzen du (…) baina ez dakar inongo aipamenik euskal naziotasunaren kontzeptuari” [itzulpena geurea da]. Biak ala biak adierazpen sendoak gertatu dira, baina eduki horiek mahai gainean jarrita, badago zertan lan egin etorkizunean.

Beharbada, ozpin zurrutada hori goxatzera etorri zaigu Durangoko Azokan Doctor Deseo “Maketoen Iraultza” izendatu duen diskarekin, euskal konbergentziarako asmo baikorrak aitortuz. Afrika Bibang artistak aurkeztu duen diskoak (“Nomadak”) ez zuen horren izenburu zirikatzailerik baina biak ala biak Barandiaranek aipatzen duen sozializazio komunitariorako euskal sistema eratzeko bidean doaz. Bide horretan topo egiten ari dira “baskorroak”, “maketoak” zein “beltzak”. 21. Korrika eta Berri Txarrak taldearen despedidako soka luze eta jendetsua esaten ari garenaren erakusgarri gertatu dira. 2019an euskal marka gure inguruan den bateratzaileena dela ikusi ahal izan dugu eta ez da gutxi, nazio garapenerako gure tresneria ingurukoen aldean zeinen ahula den aintzat hartuz.  Ez da aski, ordea, ongi dakigunez. Nazio garapena XXI. mendeko zibilizazioen agendara ekarri beharra dago.

Nazio garapenaren, lerroan kokatutako ekimenek ere utzi dute aipatzeko uzta arloz arlo (izan lurralde batasuna jorratzeko edo komunitate nazionalak dituen erronkak aztertzeko). Udan Euskarabenturak gazteak jarri ditu gure herriaren dimentsio ukatua azaleratzen, “nazio marka” jorratu dute UEUren udako ikastaroetan eta euskararen marka eraikitzeko egitasmoa abiatu da. Udazkenean Errigorak kanpaina arrakastatsua burutu du, elikadura iraunkorra eta euskalduntzeko herri ekimenak babesten. Eusko Ikaskuntzak lurralde orekaz zein ongizate politiken arteko alderaketaz jardunaldi teknikoak antolatu ditu, lurralde guztietako ordezkari eta erreferentziak jorratuz, etorkizuneko lankidetza helburu. Antxeta irratiak ere, ipar-ekialdeko albisteak hiriburu guztietan hedatzeko irrati egitasmoari ekin dio.

Prozesu eratzaile eta egituratzaileak dira, ordea, adierazpen zein ekimenek azken buru ekarri beharko luketena. Maila horretan azpimarratzekoa da 2019an aurreko hamarkada osoan izan ez dugun aldi emankorra izan dugula. Herri xedea duten saretze ahaleginak inoiz ez bezala azaleratu dira, hain urriak izan dira azken urteotan. Durangoko topaketa feministak izan dira horien artean herri xede handieneko urratsa, baina ez dira gutxitzekoak Hendaian Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Euskal Herriko elkargunea eratzeko egindako topaketak, edo ekonomilarien zein psikologo euskaldunen biltzarrak, ezta Eusko ikaskuntzak abian jarritako Euskal Herriko gazteen sarea ere. Arizmendiarreta Fundazioak ere ahaleginak egin ditu kooperazio eta inklusiozko enpresa eredua Euskal Herri mailan hedatzen. Aipamen berezia merezi du Eusko Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko lankidetza hitzarmenak sinatu izanak. Lankidetza instituzionalak, ordea, joriagoa izan behar luke. Euskarari ezartzen zaizkion galgak gainditzeko EAEn eraikitako adostasunak, hainbat arlo ukitu dituena (hizkuntza eskubideak, euskarazko hedabideak, eragin linguistikoaren ebaluazioa, euskara ikasteko doakotasuna…) baliteke etorkizunean beste hainbat arlotan antzekoak eraikitzeko baliagarri gertatzea.

Kostata bada ere, badirudi herri xedea duten urrats eratzaileak forma hartzeko premia azaleratzen ari dela. Hor dago 2019ak utzi duen emaitzarik baliotsuena, egungo ereduaren mugak nazio garapena sustatzeari dagokionez. Ez genuke inozoak izan behar, ekimen horiek borondate saiatuak dituzte atzetik, baina hauspoa emango dien arkitektura instituzionalik ez ia.

Mundu mailako joera nagusiek gurean oihartzun baikorra izan dute. Horrela, joan berri zaigun urtean  lan eta pentsio duinak, agenda feminista edo larrialdi klimatikoaren aurreko erantzunak bultzada sozial sendoz agertu dira Euskal Herrian, oraindik urrun ikusten da, ordea, arlo horietan euskal agenda komunaren gorpuztea. Zein da Euskal Herriak abian jarriko duen erantzuna auzi horiei dagokionez? Hortxe egon daiteke gure komunitate nazionalaren etorkizuneko agenda.

Beraz, zertan gara? Beñat Zarrabeitiak NAIZ.EUS-en Athletic-en geroaz egin gogoetan iparra trebetasunez zirriborratu zuen: «jarduera hauek indartu eta hedatzeak klubari beste dimentsio bat ematen diote, sozialagoa, errealagoa, komunitario eta herritarragoa (…) Athletic zelaira jauzi egin eta bertan borrokatzen da hiru puntuak eskuratzearren, baina eremu gehiagotan ere jokatzen du. Bere gizarte eta komunitatearentzat kluba zer den argi izatea, bere sinbolismoaren eta izaera komunitarioaren sendotasuna, lehentasun horiekin baizik ez baitira jarriko oinarri egokiak proiektu on batentzat».

Bilatu