Nekea ez da purismo politikoaz elikatzen
Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeñaren artikuluak eztabaida garrantzitsua mahaigaineratu du, baina, nire ustez, fokua oker jarrita: nola kudeatu behar dugu gure lan-borroka deialdiak muga administratiboak gainditzen dituenean edo eskuin muturraren itzala hurbil dabilenean? Donostialdeko ESIko Lehen Arretako mediku gisa, abertzale eta ezkertiar gisa, nire errealitatea ez dago bulegoetako analisian, eguneroko lubakian baizik.
Adrian Unai, ulertzen dut zure mesfidantza politikoa, baina 24 orduko guardiek −edo atsedenik gabeko 17 orduko jarraipenek− berdin-berdin lehertzen gaituzte Donostialdeko ESIan zein Madrilgo La Paz ospitalean. Pazienteen segurtasuna jokoan dago. Osasun Ministerioak Medikuaren Estatutu propio bat arautzeko giltza badu, ezin dut zain geratu Euskal Errepublika iritsi arte nire lan-baldintzak duintzeko. Nire lehentasuna gaur osasun publikoa eta nire osasun mentala dira, ez deialdiaren atzean nor dagoen.
Zuk «espainiartzea» deitzen diozun horri, nik langile-klasearen batasuna deitzen diot. Medikuak langileak gara, eta gure arazoak (MIR sistema zaharkitua, espezialista falta, prekarietatea) Estatu mailakoak dira. Patronala eta kapital sanitarioa ezin hobeto koordinatuta daude; guk gure borroka muga administratiboen arabera zatitzen badugu, ahulagoak izango gara negoziazioan.
Baina gure gatazka ez da bakarrik Estatu mailakoa, gure etxe barruko egiturazko arazoa ere bada. Lehen Arretan «agendarik gabeko» errealitatera kondenatu gaituzte. Egunero 40, 50 edo 60 paziente artatu behar ditugu, mugarik gabe, kalitatea zenbakien azpian lurperatuz. Nola artatu behar dugu duintasunez eta segurtasunez patologia konplexua duen paziente bat, gure kudeatzaileek sei minutu besterik ematen ez dizkigutenean? Prekarietate horrek ez du mugarik, eta gure erakundeek, Osakidetzak eta Osasunbideak, urteak daramatzate murrizketak egiten eta langileak gaizki tratatzen. Gure erakundeek ez badute jakin gure sanitatea blindatzen, estatu mailako gutxieneko estatutu bat bilatzea ez da traizio bat, autodefentsa neurri bat baizik, gure kudeatzaileen utzikeriaren aurrean.
Voxek greba babesten duela diozu. Hain zuzen ere, horregatik joan behar dugu! Mediku abertzale eta ezkertiarrok etxean geratzen bagara, protestaren monopolioa eskuinari oparitzen diogu. Guk joan egin behar dugu, gure aldarrikapen propioekin (euskara, kudeaketa dezentralizatua), eta erakutsi osasun publikoaren defentsa ez dela Voxen edo Ayusoren bandera, langileona baizik. Espazioak ez oparitzea da gure erantzukizun politikoa.
Greba honetara joateak ez dakar euskarari uko egitea, ezta gure autogobernua mespretxatzea ere. Atseden hartzeko eskubidearen, agenda jasangarrien eta prekarietatearen amaieraren alde noa grebara. Nire konpromisoa hizkuntzarekin eta Euskal Herriaren burujabetzarekin egunerokoan erakusten dut, kontsultan eta militantzian. Lan-araudi duin bat eska daiteke estatu osorako eta, aldi berean, hemen gure errealitate nazionala errespetatzea exijitzen jarraitu. Ez dira borroka kontrajarriak.
Laburbilduz: nekeak ez du mugarik ulertzen, ezta agendak betetzen dituzten paziente konplexuek ere. Etsai politikoarekin bat egiteko beldurrez geldi geratzeak egoera prekarioan mantentzen gaituztenei soilik egiten die mesede. Osasun publikoaren alde, mugarik gabe.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.