Jule Goikoetxea

New York, New York

New York, New York, 
I want to wake up,
In a city that never sleeps, 
And find I'm a number one, 
Top of the list, 
King of the hill 
(Frank Sinatra)

Asteartean Zohran Mamdani demokratak irabazi zuen New Yorkeko alkatetza, 1969tik izandako parte-hartze handienarekin. Eta hori, establishment demokratak Cuomo aukeratu zuela hautagai, hamahiru emakumek sexu-jazarpenagatik salatu zuten arren. Badirudi Ameriketako Estatu Batuetako establishment politikoari, izan demokratak izan errepublikanoak, konfiantza ematen diola hautagaiak sexu-erasotzaileak izatea, gizontasun berme gisa. Newyorktarrek aldiz Zohranen alde bozkatu dute, etxebizitza irisgarriak, doako autobusak eta 5 urte arteko haurrak zaintzeko sistema unibertsal bat promestu duenaren alde. Hemen ez ditugun hiru gauza, bide batez. Hori guztia finantzatzeko korporazio handiei eta aberatsenei zergak igoko dizkiela esan du.

Etorkinentzako legezko eskubideak eta ordezkaritza bermatu nahi ditu, bai eta santutegi-hiriaren politikak indartu ere. Santutegi-hiriak migratzaileak deportatzen saiatzen diren agente federalekiko lankidetza murrizteko politikak hartu dituzten AEBko estatuak, konderriak eta hiriak dira. Mamdani New Yorkeko santutegi legeak zabaltzearen alde agertu da, immigrazioaren aurkako agenteek ospitaleetan, eskoletan edo udal-jabetzetan epailearen agindurik gabe sartu ez daitezen.

Trumpek, jakina, arrisku gisa ikusten du Zohran, baita bere immigranteen kontrako planerako ere, eta laguntza federala murrizteko mehatxua egin du, metropoli eremuko 19 milioi herritarren bizitzetan eragin zuzena izango lukeena. Eta ez nintzateke harrituko alkate berria Ugandara deportatzen saiatuko balitz.
 
Bitxiena da Trumpek dirua ken diezaiekeela haurtzaindegiak, ospitaleak, etxebizitza eta gizarte-politikak finantzatzeko, modu erabat “baketsuan”, alegia, zuzeneko indarkeriarik erabili gabe. Ez erakusleihoetara harriak bota eta edukiontziak erretzen dituzten biolentoak bezala.

Bilatu