Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Nik «tinc por»

Beraz, irakurle zaitudan hori, ez al da gure eginkizuna Bardeetatik atera daitezen borrokatzea, zentral nuklearrekin egin genuen bezala? Ez al da guztion borroka NATOri ezetza eman genion bezala, Espainia behartzea hortik baseak eta hegazkinak ken ditzan?

Sinesgaitza egiten zait «ez dut beldurrik» esatea gezur borobila delako, eta gezurra erabiliz ez dugu aurrera egingo.

Batetik, jaiotzen garenetik hil arte egiten dugun denbora mugatuan, gero eta bizitza basatiago izaten ari delako lehen mundua deituriko gizarte neoliberal hau. Eta bestetik, honi aurre egiteko sortu duten «beste munduko jainkoaren legioak» hemengo mundua konpondu beharrean, txikitzera daramatzate eta garamatzalako. Batetik zein bestetik harrapatuta gaituzte!

Gainera, ausartuko naiz esaten, gure bizitza paradisu modukoa izango balitz ere, beldurra izango genukeela geure baitan, ezin dugulako geure bizitza erabat kontrolatu, ezta erabat neurria eman ere, hain zuzen, hilkorrak garelako!

Beldurrez jaiotzen gara, beldurrez hezi ere, eta beldurrarekin bat eginda bizi gara. Eta, bizitzak hauxe erakutsi dit: ausart edo adoretsu ez da beldurra ezagutzen ez duena beldurra uneoro gaindituz bizi dena baizik!

Hau esan eta gero, ezinbesteko galdera datorkit burura: Itziar, zein da zuretzat beldurrik handiena? Eta, bihotza eskuetan dudala aitortzen dut artikulutxo hau irakurtzen ari zareten euskal herritarron aurrean, Euskal Herriak bere nortasuna galtzea da uneoro gainditu behar dudan beldurra!

Ikaraz eta dar-dar jartzeko zorian uzten nau gure ama lurraren zilbor-hestea galtzeko arriskuan ikusteak, hau da, herri bezala ditugun ezaugarriak betirako desagertzeak: lurraldea, eta euskara oinarri nagusienak direlarik; euskal-kulturaren altxorra; gizarte-lotua antolakuntzaren aldeko auzolanean; elkartasuna askatasunaren aldeko borrokan diharduten herriekin... Azken batean, batasuna herria izateko beste herriekin elkarlanean!

1936ko gerratearen ondoren, 1960tik aurrera, gure belaunaldiak erakutsi zuen ausardiak argia ekarri zuen iluntasuna besterik ez zegoen Euskal Herri tristera. 1978an herri borrokak lotuz, bideratu genuen euskal herritarren ilusioa. 2011n zentzudun bide berri bat ireki zen, orain lantzen ari garena, noski, nik baino gazteago eta jakitunagoek zuzentzen dutena.

Aipatu ditudan bi etsai boteretsu horiei aurre egiteko, kapitalismo neoliberalari EEBBak buru direla eta Europa bere esanetara dagoena, batetik, eta «beste munduko jainkoaren legioei», bestetik, metodo onenetan onena, gu geu izateko borrokan jarraitzea da. Sortzen diguten beldurrak uxatzeko, eta Herri gisa duintasunez bizi ezinari aurre egiteko tresna egokiena da borroka, herriaren alde tinko lan egitea.

Martxoaren 12an bete ditugu hogeita hamaika urte Hego Euskal Herriak NATOri ezetz borobila eman ziona. Hain garrantzizko erantzunak Espainiako eta Europako agintariak garaitu zituen, baina, ez zuen eta ez du garaipen «usainik» ere izan Euskal Herrian, beste arrazoi askoren artean, honegatik:

NATO aliantza militar bat baino zertxobait gehiago da. Bere konstituzioaren 2. artikuluak baieztatzen duen bezala: «Beren Nazioarteko politika ekonomikoei oztopo egiten dien oposizio guztiak desagertarazten saiatuko dira sinatzaileak». Eta, ondoren honakoa: «OTANeko partaide izatea bermea da zenbait prozezu iraultzaile suntsitzeko».

Espainia eta Frantzia NATOren partaide dira. Eta, NATOren indarren Komandate Gorenak, beti komandante iparramerikarra izan da. Garai hartan, Haig jaunak, honela zioen: «Barruko etsaia identifikatzea eta deuseztatzea da NATOren funtzio garrantzienetakoa».

Beraz, ez da harritzekoa munduan bizitzen ari garen gerra giroa; gosea eta duintasun eza; gizarte desorekatua; desideologizatua; biderik gabeko gizartea, eta ilusioa galdu duena, Euskal Herria bera ere, horren isla izatea. NATOtarrek beharrezko duten gizartea lortzen ari dira! Eta hori da hain zuzen, utzi behar ez dieguna, «beste munduko jainkoaren legioak» ere gainean izango ditugulako, gainera. geurea dena defenditu behar dugu askatasuna lortuz!

Bardeetan, gure basamortu bakar eta ederrean dute NATOtarrek beste herrialdeak suntsitzeko armamendua. Eta, ondo dakigu, bertatik gerra-hegazkinak irteten direla gure borondatearen aurka. Behar balitz, gure aurka ere!

Beraz, irakurle zaitudan hori, ez al da gure eginkizuna Bardeetatik atera daitezen borrokatzea, zentral nuklearrekin egin genuen bezala? Ez al da guztion borroka NATOri ezetza eman genion bezala, Espainia behartzea hortik baseak eta hegazkinak ken ditzan?

Nik behinik behin ez dut zalantzarik herri bezala, Euskal Herria bezala onar gaitzaten, eta errespetatuak izan gaitezen, lehen pauso garrantzizko litzatekeela aipatu dudana. A! eta beldurra uxatzeko, primerakoa!

Bilatu