Noiz arte?

Ondo ez doana sistema bera da, batzuen indarkeria asumitua baitu matxismoak sortua dela onartu gabe

2019/04/15

Ugari gara Euskal Herrian lanean dihardugun irakasle emakumeak*. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gabiltzanok tentsio eta hainbat neraberen kontrolik eza ditugu bizigai baina, gainera, emakumea* izanez gero, sexismoa gehitu behar diogu egoera horri.
 
Kalean, emakumeok* gizonek jasan behar izaten ez dituzten eraso matxistak nozitu ohi ditugu. Bada, ikastetxeetan bertan ere gertatzen da hori. Gainera, eskoletan, gizonek ere erasoak jasaten dituzten aitzakian, ikusezin geratzen da irakasle emakumeekiko* indarkeria. Indarkeria sexista pairatzeko arriskua emakume orok du. Terry Threadgold unibertsitateko irakasleak aztertutakoaren (1995) arabera, gaztetasuna eta emakume izatea ikasleen tratu txarrak jasateko faktore arriskutsuak dira. Gauzak horrela, arrisku egoeran bizi garen hainbat irakasle emakume* gaztek ikasleen eraso bortitz onartezinak pairatu behar izateraino.

Ikasleei dagokienez, zuzena da adin txikikoei babesa ematea baina tentuz ibili behar da; batzuk babesten ari garen heinean, beste batzuk alde batera uzten ari bagara, honela ez goaz inora.

Hemen benetan ondo ez doana sistema bera da, batzuen indarkeria asumitua baitu matxismoak sortua dela onartu gabe. Hori aldatu ezean, nekez izango dugu hobekuntzarik. Hala eta guztiz ere, irakasleok gutxieneko babesa jaso ahal izaterainoko baliabideak ezarri daitezke eta emakumeenganako* indarkeria tabu izateari utzi.

Guretzat prestatuak dauden ikastaroak, esaterako, esertzeko posturei buruzkoak edo «Bideko Ian arriskuen prebentzioa» dira. Ez dugu inongo ikastarorik ikasleek kotxeko gurpilak zulatuz gero, zer egin, edo ikasleek jokabide sexistak izanez gero, nola aurre egin jakiteko.

Andaluzian, Erkidegoan ez bezala, dagoeneko B2 Consultores Marketing Estratégico enpresak Andaluziako Institutuko Irakasleen Elkartearentzat (APIA) egina duen azterlana aipatzea ezinbestekoa da. Bertan jasotako datu esanguratsuetako bat da Andaluzian irakasle diren emakumeen* %84k hitzezkoa edo fisikoa den erasoren bat pairatua dutela. Hortik harago, irakasle emakumeekiko* indarkeriak beldurra, segurtasunik eza, kulpa izatearen sentimendua, estresa... dakarkigu.

Euskal Herrian egoera gatazkatsuak egunerokotasunean izan ditugu eta ditugu bizigai. Teorikoki saltzen diren elkarbizitza planek zein beste hainbat proiektuk gehienetan itxura egiteko besterik ez dute balio.

Amaitzeko, emakumeok* irakaskuntzan nerabeekin pairatzen ditugun eraso sexistak hor daudela argi eta garbi helarazi nahi dugu eta utz diezaiotela «gizonek ere pairatzen dute berdin-berdin», «nerabeak dira»... zein beste hainbat aipamen egiteaz egoera tapatu eta normaltzat jotzeari. Ezin al da normaltzat jotzen den egoera jasangaitz hori deseraiki eta beste errealitate bat eraiki? Ez dugu inongo babesik eta egoera okerrera doa. Noiz arte?

*Hauek ere sinatu dute: Ainhoa Calvo, Aitziber Santa Cruz, Eli Laburu, Mikel Mendizabal, Edurne Elizalde, Nora Alejos, Maite Larraz, Ana Isabel Laguardia , M. Carmen Giral, Marijo Telletxea, Arantzazu Fernandez, Andone Marín, Regina Adarraga eta Karmen Zabaleta

Artikuluak
Joseba Garmendia
2019/07/21
Iñaki Egaña
2019/07/20
Rebeka Ubera
2019/07/20
Gutunak
Mikel Lombillo Eletxigerra | Bilbo
2019/07/18
Edurne Huesa | Landarlan Ingurumen elkartea
2019/07/16
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
2019/07/16
Patxi Alaña Arrinda | Iberba euskara zerbitzua
2019/07/15
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/07/19
Martin Garitano
2019/07/18