Juan Luis Mugertza Unanue

Nork bere droga aukeran

Geu ere probatzera joan gara. Egokitutako lekua ez da bat ere handia; alfonbren gainean, edozein modutan, zabaldutako kuxinak hartu, eta hormen kontra ipini gara eroso izateko. Kanpokoen begirada itzaltzeko ateak errezel moduko zapi bat du.

Izen desberdinak dituzte, baina kultura guztietan oso errotuta daude. Batzuk arinak. Beste batzuk gogorrak. Halarik ere, gehienak kaltegarriak. Behar dugu, behar dute. Ez dago efektutik libratzen denik, ezta interesetatik ere.

Crack-a: drogetan gogorrena. Droga kontsumitzaile askok kokaina crack izenarekin ezagutzen badute ere, desberdintasun batzuk badaude kokaina eta crack delakoaren artean. Crack kokaina purifikatua da eta ezin da esnifatu (sudurretik sartu), pipa batean edota zigarroan erretzen da. Itxura denez, crack izena produktu hau erretzerakoan sortzen duen zaratagatik ipini zioten. Droga plastikozko tutu txiki batean saltzen dute, eta klarion itxura du. Bere kolorea grisa edota zuria da, eta bere balioa hamabost pesokoa izaten da. Kokaina, berriz, hamar aldiz gehiago ordaindu behar. Droga honek denbora laburrean sortzen omen ditu menpekotasuna eta jasamena eta eragiten duen kaltea ikaragarria da. Droga kontsumitzaileen arteko komentarioa honako hau izaten da: «Behin crack-a kontsumitzen hasiz gero ez dago gelditzerik». Acapulco inguruko auzo baztertuetan (Coloso, La Laja, Puerto Marqués, Zapata...)  egindako inkesta batzuen arabera, orain arteko kontsumitzaile gazteen adin muga 10-18 urte bitartean baldin bazegoen, orain 8 urtekoen artean ere antzematen da droga kontsumoa. Gero badaude beste pare bat datu kontuan hartu beharrekoak. Alde batetik, droga motaren kontsumoa; azken urteotan marihuana zen zabalduena, eta azken bolada honetan kokainak, crack-ak eta droga sintetikoek aurrea hartu diote. Bestetik, kopurua. Izugarri egin omen du gora. Datuak hortxe daude, konponbidea? Hector Astudillo Flores gobernadoreak argi eta garbi esan du zein den irtenbidea: «Acapulcok polizia etxe gehiago behar du narkotrafikoaren kontra borrokatzeko».

Mexikar tradizioaren magia: tekila. Guadalajaratik 50 kilometrora, likorearen izena duen herria dago: Tequila. Alde banatan ereindako soloetan, agabe urdina (Agave tequilana) deritzon landarearen lurrina sudur-zuloetatik gora nabaritzen hasita gaude, eta bide bazterretan egokitutako dendatxoetan tekilaren negozioak familia askori etekinak ematen dizkiola oso ondo antzematen da. Aspaldian, mexikar indiarrek jateko, janzteko, papera egiteko eta landareak dituen punta luzeak eta zorrotzak torturatzeko; egun, agabe urdinetik Mexikoko edari nazionala ateratzen da. Edariaren nondik norakoak jakiteko, La Rojeña lantegira joan gara eta bertan Jose Cuervok ekoizten duen tekila ikusteko parada izan dugu.

Edariaren kalitatea bermatzeko, Mexikoko gobernuak Jalisco estatura eta Nayarit, Michoacán, Guanajuato eta Tamaulipas eskualdeetara mugatu du tekilaren ekoizpena: paraje hauetan bakarrik eman ohi dira baldintzak tekila zapore eta kalitate onekoa izateko. Ehun milioi agabe urdin baino gehiago ekoizten omen dira jatorri izeneko lekuetan, eta orain dela ehunka urte moduan mandoen gainean garraiatzen eta eskuz-eskuz landatzen eta biltzen dira agabe horiek. Agabeak, landatzean kipula baten tamainakoa bada ere, zazpi-hamar urte igarotakoan ehun eta berrogeita hamar kiloko anana baten tamaina har dezake eta ezpata itxurako hosto urdinxkak ditu. Kaktus itxura izan arren, lirioen familiakoekin antza handiagoa ei du. Behin zatitu ostean labe batean egosten da hiru egunetan, landareak bigun daudela txikitzeko eta muztioa lortzeko. Jarabe kolorea hartzen duenez, zukuak ezti-ur du izena; upeletan lagatzen da harrotzen eta bertan legamiaz nahasten da. Tekilarik onenek %100 agabe etiketa daramate; aitzitik, beste batzuek azukrea eta koloratzaileak izaten dituzte. Legeak dio %51 baino gutxiagoko agabea badu ez duela tekila izenik merezi.

Tekilak 35-40 gradu bitartean izaten du eta lau tekila mota daude: zuria, hamabost bat egun altzairu herdoilgaitzetako tanketan egoten dena; gozoa, urtebete haritz zuriko upeletan egondakoa; urtetsua, urtebete baino gehiago upeletan egondakoa, eta gaztea, tekila zuria, goxoa eta urtetsua nahasturikoa. Gero badaude tekila mistoak, %51 azukrea eta gainontzekoa tekila dituztenak. Zuria aperitiboan edaten dute, eta goxoa eta urtetsua jatorduetan. Onena zein den? Orain probatzea eta norberak esatea baino ez du falta.

Tekilak herritarren artean izan duen arrakastak gehiegizko kontsumoa bultzatu du eta horren ondorioz landatutako eskualdeetan agabe gutxiago izatea. Horrek garestitzea ekarri du eta ekoizle asko haien etiketatik jatorri-izena kendu eta azukrea erabiltzen hasiak dira ezti-ura baztertzeko. Gero eta gehiago erabiltzen omen dute kanpotik ekarritako agabea eta gero eta gehiago dira agabea landatzen aritzen direnak. Esperientzia txikiko nekazari berri hauek horren sona handia izandako tekilari kalte baino ez diotela ekarriko sinetsita daude bertako asko.

Kolaren umeak. Zabortegiko ume askoren eskolan ez dago libururik. Jakituria kola-flaskoetan izaten dute gordeta. Euren historiak putzuko uraren zaporea du; geografia ke kolorekoa da; eta gramatika adjektiborik gabekoa. Zabortegian ez dago eskolarik; kalean ikasten dute. Haurrek, adinaren arabera, kola basokada bat hartu ohi dute lanean hasi aurretik, eta koilarakada batzuk esnifa. Horrela gosea eta hotza asetzen dituzte: eskolarik gabeko umeentzat oinetakoen kolak mirariak egiten ditu. Ez dute oinetakoen zolak atxikitzeko erabiltzen, amesgaiztoak eta eldarnioak izateko baizik. Hori dena Bros-ek esan digu, hamar urteko mutikoak. Berak behin baino ez omen du probatu. Baina kolarena ez da aukera bakarra zabortegian; bestelako okasio pozoitsuak ere badaude: azazkalak pintatzeko esmaltea, gasolina, aerosol pinturak... Dena den, eurek kola dute nahiago. Phnom Penheko kale eta estoldetan bizi izan ohi diren umeen %70ek kolarekiko mendetasuna dute. Dirudienez, hartutakoan umeak oldarkorragoak dira eta lapurtzeko joera bultzatzen du. Kolorerik gabeko eta usain sarkorreko substantzia likido horren toluenoak eta ziklohexanoak egindako kaltea oso handia da: entzumen, memoria eta buru-argitasun galera handia dakar, eta burumuinari, gibelari eta giltzurrunei kalte egiten. Bat-bateko heriotza ere ekar dezake. Gaiaren gogorra alde batera utzi nahian-edo, Bros-ek bere gustuko gaiari eutsi dio: futbolari, alegia. Eta orduan punta-puntako jokalarien izenak aipatu ditu: Messi, Bonano... Helduek dolar bat irabazten dute egunean, eta umeek erdia. Dena den, Bros pozik dago, zabortegian aritu ostean Phnom Penheko kale bazterretan plastikozko botilak eta paperak batzen dituelako. Zabortegian bakoitzak burutzen du bere lana, buru-makur, zoruan topa daiteken altxor horri begira; hirian, aldiz, taldeka ibiltzen dira haurrak, eta orduan jolasteko eta barre egiteko denbora ere hartzen dute. Berriketan geundela familia bat igaro da gure ondotik. Euren ondasun guztia begi bistan daramate karroan: lapiko pare bat, arropa eta atzetik datorren txakurtxoa. Herrixka askotatik etortzen dira familiak zabortegira diru gehiago irabazteko. «Lia jay», «Agur, Bros». Agur Kanputxea.

Yanomamiak: tabakoa eta yopoa. Yanomamien artean tabakoa ez da erretzen, zurrupatu baizik. Horretarako, ezpainen barruko aldean kokatzen dute tabakoa; horrek balio die gosea baretzeko, dastamena disimulatzeko eta organismoak behar dituen gatzak hartzeko. Perutarrentzat koka bezalakoa da eurentzat tabakoa. Tabakoa zurrupatzeko ohitura aspaldikoa omen da, bai gizonezko bai emakumezkoetan, eta edateko eta jateko baino ez dute ahotik kentzen. Berriketan daudela ere, tabakoa ezpainaren azpian daukate eta horrek ahoskerari ezaugarri bereziak ematen dizkio. Horregatik guztiagatik, eurek landatutako tabakoari kontu handia egiten diote, eta sutegiaren goiko aldean batzen dituzte hostoak lehortzeko. Bazkaldu ostean pattarra edateko paradarik ez dugu izan –edari alkoholikorik ez omen dute ezagutzen–, baina bai tabakoa erretzeko.

Yopoa pararo izeneko arbolak sortutako hazietatik hartzen dute yanomamiek. Haziak zuritutakoan, eguzkitan ipintzen dituzte lehortzen, gero orea egiteko. Yopoaren osaketa goizean goiz edota eguerdian egiten dute, eta kontsumoa, berriz, arratsaldeko lehenengo orduetan. Arratsaldeko lauretatik aurrera hartzea ez ei da batere ona, izpirituak etortzen baitira. Gizonezkoek baino ez dute parterik hartzen prestaketan. Emakumezkoek pararoa batzen, eta aleak zuritzen lagun dezakete, baina horretan baino ez. Ospakizunaren helburuetako bat izpirituekin harremanetan ipintzea, bertakoen eritasunak sendatzea, eta etsaiengan kalte eta gaitzak eragitea da. Yopoaren zeremonian pertsona bik hartzen dute parte: batak esku ahurrean zabaldutako yopoa (hautsa) bestearen sudur zulotik gora egiteko mokohiro izeneko kainaberaren zuloan barreiatuko du mutur batetik putz eginez. Besteak, bitartean, izpirituekin kontaktuan jartzen ahaleginak egingo ditu. Horretarako, behin eta berriro, dantzatu, eta kantatuko du «komïre, komï, komire, komïre, komïre» (oihukatzen duen tximino zuria naiz), trantzean egon arte.

Rocinha: Rioko favelarik handiena. Rio de Janeiroko postalek bestelako kolorea erakusten badute ere, 750 favelak osatutako paisaia ezin albora daiteke. Klase ertaineko brasildar gutxik ezagutzen ditu favelak. Hemengoentzat kale erpin eta zoko-mokoetan ibiltzeak txirotasuna, bazterkeria, delitua eta gainerako keriak dakartza. Kanpotik ikusita favelek mendi magalari eskegitako gotorlekuak dirudite, baina behin barruko labirintoetan sartuz gero, etxeek beren estetika dute eta barruko munduak bere nortasuna.

Rocinhan etxe gehienek jabego titulua dute; halarik ere, gainerako hiritarrek baino zerga gutxiago ordaintzen dute. Copacabanan jendea eskean ikusten da, lapurretak daude, baina Rocinhan arauak betez gero, ez omen da ezer gertatzen. Hori bai, kale kantoi askotan droga trafikatzaileak bezeroei itxoiten egoten dira, bizkarzorroak eta plastikozko poltsak begi bistan. Beraiengandik 50 metrotara polizia postua egon daiteke, eta ezer gertatuko ez balitz bezala, emakumeak umetxoekin eskutik helduta pasatzen dira. Inor ez da harritzen. Inork ez du inor salatzen. Halarik ere, batzuetan poliziek sarekadak egiten dituzte eta hildakoak erruz izaten dira.

Baina, noiz edo noiz suertatutako gora-behera horiek alde batera utzita, Rocinhan bizi diren berrehun mila pertsonak gainontzeko leku askotan ez bezala, amesteko sekulako aukera dute. Rocinha eta Gavia, Rio de Janeiroko auzorik aberatsena, elkarren ondoan daude. Leihoa zabaldu eta hantxe dute aberastasuna, aurrez aurre.

Chata: paradisuko lorea. Landare honek izen asko ditu: kata, khata, gata, jima, mira, Abysiniako tea, kafta (arabieraz)... «Nekatua bazaude, edota gaizki, probatu eta ondo sentituko zara», tankera honetako esaldiak sarri askotan entzungo dituzu Harar-en bertakoen ahotik. Chataren inguruko usteak poetak inspiratu, filosofoen gogoetak aberastu, eta herri xehearen ametsak ikusten laguntzen omen du, eta horrek hiri honen kulturari eta harremanei kutsu magikoa ematen die. Aspaldian adintsuek bakarrik dastatzen zuten, eta erlijioarekin oso harreman estua zuen chatak. Halarik ere, sasoi batean Koranak debekatu egin zuen paradisuko lorearen kontsumoa: arimari eta gorputzari kalte egiten zien. Baina debeku horrek ez zuen denbora luzerik iraun, bertako arduradun erlijiosoek pentsatu baitzuten meditatzeko onuragarria zela. Gaur egun, chataren kontsumoa oso zabalduta dago: musulmanek, kristauek...; guztiek dastatzen dute belar honen gozoa. Nekazariek laneko ematen duen indarra eskertzen dute; eta enpresaburuen arteko berriketaldia arintzeko balio ei du.

Eguerdiko ordu biak dira Hararen. Chataren mamua gizonezkoen ninietan nabaritzen da. Emakumezko saltzaileak merkatuko eskailera mailetan daude eserita euren gustuko laranja koloreko zapiak eta tunikak jantzita. Eta begi bistan, metro erdi, metrora bitarteko adaxkak paketetan akaras edota surba izenez ezagutzen duten chata: belar pixka batez txukunduta eta banana hostotan ezkutatuta, fresko izateko. Gizonezkoak urduri daude; gustuko sorta erosi nahi dute, baina ahaleginak egin behar izango dituzte modu onean erosiko badute.

Geu ere probatzera joan gara. Egokitutako lekua ez da bat ere handia; alfonbren gainean, edozein modutan, zabaldutako kuxinak hartu, eta hormen kontra ipini gara eroso izateko. Kanpokoen begirada itzaltzeko ateak errezel moduko zapi bat du. Gurekin batera bertako bat dago: haginik gabeko agure bat. Ahoaren ertzetik etengabe darion bitsak gutako bati baino gehiagori atzera eragin badio ere, nik gogoa dut probatzeko. Apurtxo bat gerotxoago beste bat sartu da: hau gazteagoa da. Erpurua eta erakuslea erabili ditugu adaxkaren hosto txikiak mozteko, eta gero mastekatzeko. Eskuen keinuek adaxkatik ahora egiten dute behin eta berriro. Lehenengo ordua, txantxak egiteko eta lasaitzeko ei da. Hamar bat minutu baino ez dut egin, eta ahoaren zapore garratzak burumuinerako bidea egin aurretik planto egitea deliberatu dut. Hangoak hausnarrean utzi ditugu, eta gu kalera joan gara. Dirudienez, efektua orduak mastekatuz igaro ostean izan ohi da. Kontsumitzaile batek, batez beste, bi mila ordu egiten ditu urtean. Guk askoz ordu gutxiago eginda oso efektu ona eraman dugu Etiopatik.

Bilatu