Julen Orbea Bereikua

Nork kontrolatzen du kontrolatzailea?

Kalez jantzitako polizia batek pistolaz mehatxatu zuen Gasteizen herritar bat, Errekaleorren borraz buruak zabaltzen aritu dira, Gazatik zetozen sei ekintzaile, Israelgo soldaduek torturatu ondoren, Loiuko aireportuan kolpekatu dituzte. Bortizkeriaren inpunitatea astebetean. Ez da berria. 44 urte daramate horrela. Eusko Jaurlaritzak balidatutako 336 tortura salaketa, 1992tik zero zigor. Rosa Zarraren erailketa 30 urtez ukatu, azkenean aitortu, inor zigortu gabe eta gainera ESAN sindikatu poliziala oroigarria kentzeko eskatzen. Iñigo Cabacas erail zuen ertzaina inoiz ez da identifikatuko. Eta Kontxi, Remi, Arkaitz, Ina Zeberio –13 bala zuloz eraila–, Juan Calvo –Arkautin torturapean eraila–…

Azken garaian, Xuhar Pazos 16 urteko adingabea begi bateko ikusmenik gabe utzi zuten; kasua artxibatu egin zuten biktimak deklaratu aurretik. Etxarri gaztetxearen desalojoan herritar batek barrabil bat galdu zuen, ertzainen biolentziaren ondorioz. Bilbon Ernairen aurka oldartu, hainbat zauritu eta zauritutakoei isuna jarri. Amaya Zabarte Anoetan lurrera bota zuten karga batean. Lurrean zegoela, konorterik gabe, Ertzaintzako agente batek ostikoa eman zion. Biktimari bizitza osorako arrastoak geratu zaizkio. Kasua artxibatu zuten. Eta faxistak Euskal Herrira datozen bakoitzean, kolpeak, beti, beti dira ezkerreko, antifaxista, independentista eta autoritarismoaren aurka altxatzen direnentzat, izan Sestaon, Atxurin, Gasteizen, Gernikan. Lekuak aldatzen dira baina jomugan dituztenak beti dira alde batekoak. 

Patroia behin eta berriz errepikatzen da, berdin da sailburua nor den, izan Atutxa, Ares edo Zupiria, inork ez du erantzukizunik hartzen, biktimak erruduntzat hartzen dituzte. ErNE, ESAN, SiPE sindikatu polizialek presioa egin eta korporatibismo hutsez ertzainak beti babesten dituzte. Epaileek kasuak artxibatzen bukatzen dute. Kritika minimo bat egiten duena kriminalizatu egiten dute, eta inpunitatea borobiltzeko, komunikabide batzuen kolaborazioa. Ondo ikasitako doktrina. Azken uda garaietan gainera, batek daki nork egindako pintadak agertzen ari diren, biktimismoa beste garai batzuetako esaldiz loratuz. 

ETA 2018an desagertu zen, baina «terrorismoaren aurkako borroka»-rako aitzakia eta joera errepresiboa ez. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aurrekontua (%94 inguru Ertzaintzara bideratzen da zuzenean), gutxi gorabehera, 190 milioi euroan handitu da 2018tik (660 milioi euro inguru izatetik 850 milioi euro izatera igaro da 2026an), hau da, %28tik gorako igoera. 

Urduritasuna agerikoa da eta behartuak sentitzen ari dira azalpenak ematera. 2021ean Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzorde bat sortu zuten: EAJko juristak, esperientziadun ertzainak, Zuzenbidean doktoreak, Udaltzaingotik jubilatuak... Poliziak giza eskubideak betetzen dituela ikuskatzeko. Kontsultiboa da eta gomendioak emateko dago. 2025ean, Juan Luis Ibarra Batzordeko lehen lehendakariak dimisio aurkeztu zuen, informazioa jasotzeko «trabak jasangaitzak zirelako», eta 2023-2024 aldiko txostenean ofizialki salatu zuen Ertzaintza dokumentazioa atzeratzen aritu zela hamabi hilabetez. Herritarrari legeak ez dio Batzordera zuzenean jotzeko aukerarik ematen eta bost urtean txosten bakarra atera du. Ertzaintzak, bere barne araudian, sindikatuen korporatibismoan eta informazioaren opakutasunean oinarrituta, inpunitatearen kontrola izaten jarraitzen badu, nork kontrolatzen ditu? 

Borondate politiko kontua da, nahi izanez gero, badago nondik ikasi. Irlandan 2005ean martxan jarri zuten Fiosrú bulegoak herritarren kexak ikertzen ditu instituzio polizialaz kanpotik, ikertzaileekin, eta herritarrak zuzenean jo dezake hara. Policing and Community Safety Authority agentziak gainbegiratu egiten du, ez gomendioak eman bakarrik: prozesu osoaren jarraipena egiten du. Baimen beharrik ez dute dokumentazio arrunta lortzeko eta ez dago Gobernuko aurrekontuek baldintzatua. Kontuak Parlamentuaren aurrean zuzenean eman behar ditu, ez dago Barne Sailari lotua. Londresko Poliziak dituen gardentasun neurriak, Lisboako gertuko udaltzainak, Suediako Gobernuak sustatutako bulegoa... Gasteizko Parlamentuak Batzordea izan, badu, baina paperean. Errealitatean, Ertzaintzak berak ito du bost urteren buruan, barnean duen kaka alfonbra azpian gordetzeko inpunitatea duelako. 

Hori dena ez da kudeaketa arazo soil bat. Ez da konpontzen sektore herritarren aurka beti oldartuz, ez da gorroto, beldur eta segurtasun faltaren karta sustatuz konponduko. Erantzukizun politiko handiko arazo bat da. Segurtasun Sailean arazoak areagotzen joan dira urteekin; opakutasuna Barne Sailean goitik beherakoa da; 2025ean Miren Dobaran Arkautiko zuzendariak dimisioa eman zuen bere laguntzailearekin batera. Zupiriak ere bi aukera ditu: Ertzaintza kontrolpean jartzeko benetako neurriak hartu, hamarkadetako zigorgabetasuna desagerrarazteko ausardiaz jokatu eta batzorde independente bat eratzeko bideak jarri; edo, zuzenean, dimisioa eman. Erakunde poliziala kontrolatzeko gai ez den gobernu bat gehiegikeria horien guztien konplize da? Inpunitatea ez da deskuiduz sortzen, eta Jaurlaritza honek ezin baditu lotu, hobe da alde batera egitea. 

Ertzaintzan ez da inoiz depurazio instituzionalik egon, Barne Arazoetarako Unitateak aldizka ikertzen ditu banakako agenteen jokabide irregularrak. Azken urteotan hainbat diziplina espediente ireki dira eta horietako batzuek zehapen edo eteteak eragin dituzte, baina kea besterik ez da. Egia osoa, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea. Lau kondizio horiek bete ezean, Ertzaintzak ez du demokratikoa izaterik eta hori ahalbidetzen duten arduradun politikoek ere ez.

Bilatu