Larraitz Ugarte
Abokatua

Normalitate berriko terrazak

Katarsi kolektiboa emango zela, beste balio batzuk gailenduko zirela eta honetatik irakaspenak aterako genituela uste genuen inozoak ere ohartu gara dagoeneko aukera pasa dela.

Mundu honen abiadura izango da akaso, baina memoriak modu ezin garbiagoan gordetzen dituen txikitako pasarteetatik aurreko asterainokoetara jauzi egiteko joera estrainioa dauka. Tartean, nebulosa bat balitz bezala, iragandako urte luzeen bizpahiru kontu baino ez. Adituek diote egitate traumatikoak bereziki ahazteko joera duela gizakiak, autodefentsa mekanismo gisa. Eta horrelako zerbait izan behar da tartean, bestela ez baita posible, egunotan bizi eta ikusten ari garen lez, duela hiru hilabeteko «mundu berri bat eraikiko dugu» horretatik «normalitate berri» honetarako eboluzioa horrelako desmemoria ariketa erraldoia izan izana.

Normalitate berriak terrazak bete eta kurtso bukaerari lotutako elkarrizketak ekarri dizkigu lehen hasiera honetan. Notak eta guraso bilerak. Hiru hilabete klaserik gabe, berdinen arteko jolasik gabe, krepe eta bizkotxo errezetekin aspertu eta haurrak tabletatan murgilduta izan ditugu. Baina «hezkuntza» deitzen zaion horren obligazioak bete beharrarekin, nota lortu nahi bada, akademiaren erritmo bitxira egokitu behar izan gara, horretarako haur bakoitzari bulego informatiko oso bat erosi behar bazaio ere: wifi konexioa, arin dabilen ordenagailua, inprimagailua, eskanerra duena noski, eta mugikor bat guztiari argazkiak egin eta classroom berrian sartzeko. «Teknologia jakitea ondo etorriko zaie» batekin erresolbitu da arazoa. Anormalitatea ahalik eta normalena izan dadin saiakera antzua, ez daitezen euren seme-alabak astronauta eta prestigiodun enpresari bilakatu nahi dituzten gizon-emakumeak aztoratu. Akademiari eutsi, ezer gertatu ez bailitzan. Irakaslea soilik etxeko lanak bidali behar dizkizun pertsona hori bailitzan eta noski, ez-dakit-zer-kriterioren arabera nota jarri.

Emozio eta bizipenak ahoratu eta partekatzea, hori beste kontu bat da. Haur bati etxean geratu behar duela esan eta gero kalera maskararekin atera behar duela esatea ez baita hain garrantzitsua. Total, «gure haurrak txapeldunak dira eta oso ondo eraman dute», entzuten da han-hemenka, zainketa intentsiboetako unitateetako irudi gore-ak egunero ikusi dituztela ahazten dugun bitartean. Oraindik ez digute esan 14 urtetik beherako haurrak (gure herrietan lasai asko euren kabuz eta autonomia osoz, aske, kalean korrika ikusten genituen horiek), heldurik gabe atera daitezkeen. Jaurlaritzari beste behin haiek arautzea ahaztu zaio. Irailerako data bat jarri du, baina planik ez.

Nerabeek, horiek bai, egunero bideo klase andana eta azterketak. Erabateko normalitatea. A, eta ahaztuta neukan pertsona berragertu zait bizitzan: orientatzailea. Bai, «ahalmendunak» fisika eta kimika egitea eta «ahalmen gutxiago dutenak» ekonomia ikastera bideratzen dituen hori, Jaurlaritzaren irizpide omen diren horietan. Ze total, ekonomia galduta ere, prestigiodun karrera bat egiteko (zientzietakoa, ulertzen da) ez dago arazorik. Ekonomiak garrantzirik ez duen akademian ditugu gure nerabeak. Hobe izango da noski, periodikoa leitzen dutenean ezer ulertzen ez duten pertsonak heztea. Latina omen da inportantea, ezinbestekoa zuzenbide ikasi nahi dutenentzat, karrera guztian rebus sic stantibus eta in dubio pro reo baino ikasten ez dugun arren. Ezin sinetsita nago oraindik 30 urte geroago ze gutxi aldatu diren gauzak.

Uda eta oporren gaiak ere etorri dira jarraian eta, aisialdirako terrazen eskaintza besterik ezean, udaldia antolatzearen normalitatean harrapatuko gaituzte hauteskundeek, birusa kontrolpean dagoela esan eta etorkizunerako milaka plan mahaigaineratzen dituzten bitartean. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak dio ez dituela hauteskundeak buruan. Hain modu intentsu eta errepikakorrean esan, ezen buruan hauteskundeak baino ez dituela nabari geratu den. Bozkatu eta ahaztu. Bozkatu eta ondo pasa. Irailetik aurrera kurtso berria gogorra izango denik ez dizut esango eta. Gero, oporren dirua xahututa, «que nos quiten lo bailao» izango da, baina aldi baterako erregulazio espedienteak amaituko dira eta hauteskunde bezperetako ondo ordaindutako planak ahanzturan geratuko dira. 100.000 lanpostu gal daitezkeela aurreikusten da (Pedro Azpiazu EAEko sailburuak berak esan du asteon 68.000 galduko direla, ekidinezina balitz lez), eta familiek ez dute izango 2008an izan zuten koltxoi eta sarerik galeroi aurre egiteko. Aste honetako aldundien diru bilketa datuek gure instituzioen babesa emateko ahalmena kamustua dagoela erakutsiko digute urtea amaitu baino lehen. Halere, sozietateen gaineko zerga jaitsi eta herri honetan hain ezaguna den leloa hankaz gora jartzen hasiak daude: «denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek ezer eman ez dezaten». Baina hau guztia dentsoegia da terraza baterako eta ordurako hotz egingo du terrazetan egoteko.

Gure terrazetan ez da entzuten jada koronabirusaren gaineko elkarrizketarik. Ez da distantziarik gordetzen. Maskarak zintzurrean, algarak eta txutxu-mutxuak entzuten dira, baita ohikoa baino krispazio altuagoa edo animo tonua oso jaitsita duela disimulatu ezinean dagoen pertsona franko ere. Normalitate berriaren ihesbide bilakatu den kirola bezala, gure terrazak askotariko bizipenen ispilu dira. Baina katarsi kolektiboa emango zela, beste balio batzuk gailenduko zirela eta honetatik irakaspenak aterako genituela uste genuen inozoak ere ohartu gara dagoeneko aukera pasa dela. Orain bakoitzak aguanta ditzala bere bizipenak eta gehienez asper dezala ohekidea. Hortik aurrera dena ondo, «betikora» lehenbailehen bueltatu eta guztia azkar ahaztu.

Normalitate berria ze zaharra den eta ze satisfazio gutxi eskaintzen duen. Baina, beste helbururik ezean, ze segurtasun sentsazioa eman dezakeen... Norbait esperimentu sozial honen pantailaren beste aldean badago, irribarretsu egongo da. Kontrol taldeak espero zitekeen bezala erreakzionatu du: dena kontrolpean dago... edo ez? Agian euskaldunok esperimentua zapuzten asmatuko dugu terrazetan gehiago konspiratzen badugu.

Bilatu