Normandiako lehorreratzea eta Ukrainako krisia

Tarteka nire aitak Bigarren Munduko Gerrako gertakari bati buruzko aipamena egiten du: «Gaurko egunez, orain dela 71 urte, Paulus mariskalak amore eman zuen Stalingrad inguruan».

2014/06/21

Hori edo antzeko beste esaldiren bat botatzen du. Eta horrela, Mosku, Leningrad, Stalingrad, Kursk eta antzeko beste izen batzuk aipatzen ditu; eta, izen horiekin batera, leku horietan izandako batailak oroitzen ditu. Pentsatzen dut data horiek gogoratzen baditu garai hartan gaztetxoa izanik Europan nagusi zen gerraren gorabeherak arretaz jarraitzen zituelako izango dela. Harritzekoa bada ere, inoiz ez dut entzun Normandiako lehorreratzea edota Mendebaldeko Europan izandako beste batailarik aipatzen. Ordurako Bigarren Mundu Gerraren etorkizuna nahiko argi ikusiko zuen. Beharbada, horregatik eragingo zion arreta maila txikiagoa Normandiako lehorreratzeak, eta, hala, gertakari horrek ez du aurreko beste bataila batzuek utzitako arrastorik utzi bere gogoan.

Edonola ere, argi dago Bigarren Mundu Gerraren memoriak eta gertakarien dimentsioak ez dutela bat egiten egun saltzen den irudiarekin. Egunotan Normandiako lehorreratzearen 70. urteurrena ospatu da, bataila erabakigarria izan balitz bezala. Zentzu batean erabakigarria izan zen: Ameriketako Estatu Batuek azken unean muturra sartu zuten Europako gerran, Armada Gorriak Pariseraino iristeko aukera zuelako, aurreko gerra batzuetan beste armada errusiar batzuek egin bezala. Azken orduko mugimendu horri esker, gaur arte Ameriketako Estatu Batuek Europako kanpo politika baldintzatzen jarraitzen dute, Europaren eta Errusiaren arteko edozein hurbilketa oztopatuz. Bizilagunen artean elkarrizketak oztopatzen direnean, edozer mehatxu gisa interpreta daiteke. Errusiaren balizko mehatxu horiek NATO indartzen dute. Estrategia horretan Polonia da Ameriketako Estatu Batuen aliatu hurbilena, eta, horregatik, Barack Obamak Normandiako gertakarien ospakizunetan parte hartzeko egindako bira Varsovian hasi zuen. Bertan Obamak iraganean bere aliatuek Polonia abandonatu egin zutela gogoratu zuen. Jarraian Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk «Poloniako segurtasunarekin» duten konpromisoa berretsi zuen. Arrisku irudi hori indartzeko, Ukrainan gertatzen ari dena oso ongi datorkio Obamari.

Bien bitartean, Ukrainan hauteskundeak burutu dira. Inork ez daki oso ondo nola egin diren bozketak, emaitzak zeintzuk izan diren, baina, hori bai, inork ez du zalantzan jarri Petro Poroxenkok irabazi dituenik hauteskundeak. Zenbait kasutan begiraleek txikikeriatan erreparatuz prozesu osoak zalantzan jartzen dituzte; beste batzuetan, aldiz, edozer onartzen da. Aktore ezberdinek Ukrainako hurrengo presidentea nor izango zen adostua zutela ematen du.

Kontuak kontu, hauteskundeek ez dute inolako aldaketarik ekarri. Batere lotsarik gabe arerioak suntsitzen aritu ziren hauteskundeen aurretik, esate baterako, Jarkoven alkatea tirokatuz eta Odesan sindikatuen etxeko sarraskia burutuz. Hauteskundeen ostean ere garbiketa prozesu horrek aurrera jarraitzen du, orain beste dimentsio batean eta Ukrainako Armadaren parte hartze zuzenarekin. Aste honetan bertan Lugansk inguruan beste bi kazetari hil dituzte. Errusiako telebistakoak. Ukrainako Armadak hildakoek, baina, ez dute kontatzen antza. Testuinguru horretan, Ukraina eta Errusia ez dira inolako akordiora heldu, ez gasarekin lotutako zorraren ordainketaren inguruan, ezta prezioaren inguruan ere. Horrenbestez, astelehenean Errusiak hornidura moztu zuen. Momentuz inor ez da gehiegi larritu; udan gaude eta eskaera minimoetan dago, baina, auziaren konponketa luzatu eta negua hurbiltzen bada, gasaren hornidura tentsio puntua bihurtuko da zalantzarik gabe. Auzia argi dago: gasaren faktura bere gain nork hartuko duen da gakoa. Ukrainak gaur egun ez du ahalmen ekonomikorik hornidura ordaintzeko. Orain arte Errusiaren bizkar gelditzen zen zama nagusia, baina, bi herrialdeen arteko urrunketaren ostean, Errusiak faktura kobratu nahi du. Hainbat galdera gelditzen dira airean: Ukrainaren aliatu berriak prest al daude faktura euren gain hartzeko? Zeren truke? Zeintzuk izango dira eskatuko dituzten bermeak?

Artikuluak
Jonathan Martínez
2020/10/25
Miren Amaia Aguirre López
2020/10/25
Iñaki Egaña
2020/10/24
Rubén Oneca Erro y Maite Cisneros Rodríguez
2020/10/24
Gutunak
Jose Ramon Etxebarria, Laura Mintegi, Niko Xamardo, Iñaki Zabaleta eta Jexuxmari Zalakain
2020/10/23
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2020/10/23
José Murillo Ridao
2020/10/23
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
2020/10/22