Josu Naberan
idazlea

Nortzuk dira gorriak, ama?

Ai ume, oraindik txikiak zarete halako gauzak ulertzeko. Azalduko dizue bere sasoian, geroxeago, gure Ikastolen Sarean.

–Atzo arratseko Tertulia Ezkutua biziki interesgarria, ezta, neskak?
–Ba bai, gaurkotasun handiko gaia, ene iritziz ere.
–Zer deritzezue gure Amonak ekarri zituen ñabardurei?
–Niretzat interesgarriena Memoria Historikoaz egin zuen laburpena.
–Bai neuretzat ere, batik bat “Zuri Ankerraren” historia hura. “Franco” deitzen zuten, ez?
–Bai, ”Franco eta Franquista” delakoak. Eta gaur ere haien ondorengoak etorri direla agintera, azken “Erreferenduman”  irabazita.
-Tira, zeozer bagenuen entzunda gure etxeetan, baina zer edo zer bakarrik. Gure gurasoek nahiko isilik eduki zuten gordeta, isilean.
–Hura izendatu ere egiteko beldurrez edo…
–Normala, ankerkeria hura aipatu nahi ez izatea. Jasan eben jasatekoarekin…
-Tira, goazen Etxera, gure Ama itxaroten izango dugu eta…
–Bai, eguerdia da honezkero.

–Umeok, goazen hemendik beste leku batera.
–Ama, nortzuk izan bi horiek? “Eskola” delako batez galdezka etorri dira.
–Tira umeok, esan dizuet, behin baino gehiagotan, ez-ezagunekin EZ tratatzeko.
–Baina nortzuk ziren bi horiek, halako muturrekin?
–Zuri Etorri Barriak. Goazen bilketa egitera, eguerdia da eta… Eta badakizue ez duzuela esan behar ezer gure “Ikastola Ezkutuez”.
–Horrenbeste badakigu, Ama. Askotan errepikatu diguzu eta…
–Tira, goazen eguneko bilketa egitera, sasoia da eta…
–Nora Ama? Betiko moduan “Lekueren Ortura”
–“Lekuko” Ortura, umeok. Zaindu mesedez zuen ahoskera!

–Bada, neskak, nik orain ulertzen dinat haboro “Zuri Etorri Barrien” kontu hori. “Zuri Ankerraren” ondorengoak ditugula eta… esan ohi dena.
–PP-VOX dekakoak? Umm, hori haboro ulertzeko, beste Tertulia Saio bat beharko dinagu agian.
–Agian. Eta gure Amonaren beste ñabardura interesgarri bat, gure “Ikastola Ezkutuaren” jatorria eta historiarena. Ez zaizue iruditzen?
–Bai, txit interesgarria hori ere. Asko dinagu ikasteko oraindik.
–Ah, zelan galdu genuen “Erreferendum” hura. Izan ere, ez genuen lortu burujabetza, Hezkuntza Programaziorako exijitzen genuen gutxienezko baldintza hura: “Programatze Talde Anizkoa” (P.T.A)
–Halaxe. Eta hortik geure “Ikastola Sare Propioa” sortzea.
–Zer erremedio. Gure Jentilitateko gurasoen kargura eta kontura izan ei zuan, Amonak atzoko “Tertulia Ezkutuan” azaldu zuenez.
–Eta ostean Arrotzen propaganda gezurti nahasia: gurea “Eskola Pribatua” zala, eta eurena, barriz, “Publikoa”.
–Bai, sakonean “Ideologia Borroka” zegon azpi-azpian. Horregatik komeni dun halako pasadizoak gogoratzea.
–Eta gure Leinuen Memorian gordetzea. Tira, goazen orain Amarenera, zain izanen dugu eta…

–Eta orain beste kontu bat, umeok. Zer egiten zenuten ordu horietan Ikastolatik kanpo? Sasi-eskola egiten akaso? Ez nadila enteratu halakorik egiteko kapaz zaretenik.
–Ez Ama, pentsatu be ez holakorik! KORRIKA debekatu dutenez, Ikastolak “Korrika Txikia” antolatu dau, eta…
–Eta?
–Ba hori be galazo egin dabela “Guardazibilak”.
–Beste horrenbeste! Badakizue orain kontuz ibili behar duzuela.
–Bai Ama, “Argi ibili” behar dugula, sarri errepikatzen dozun lez.
–Orain zoazte olgetan elurretara.
–Aaah, ze polita elurra!
–Ume hauek… Izan ere, hemen, gure Leinua bizi garen lautada honetan, ez da ohizkoa elurra egitea. Begira, KORRIKA ez balute debekatu, elurrarekin hasiko zen gaur berton, “Araba” deritzan lurralde hartan.

–Ah, gainera neskak, beste kontu deigarri bat Amonak izendatu duena “Tertulia Ezkutuan”. Plandemia eta Umeen kontu hori.
–Ah bai, eta nerabeena. Bada, nik bederen ez ninan ezagutzen auzi hori.
–Umeen auzia, hartan ere.
–Eta nerabeena. Ezta, neronek ere.
–Gure umeek eta nerabeek zenbat pairatu zuten Aldi Plandemiko luze hartan.
–Esaizu ba. Ni ere hunkituta utzi nau. Eta bai Arrotzen zein gure Jentilitatean gertatu zunan Umeen hura
–Eta nerabeena.
–Ume eta nerabeena. Biak ala biak izan zitunan, bai. Adin txiki horietakoa “arriskutsuak” omen zirela eta.
–“Arriskutsuak” Nagusientzat, jakina.
–Sekula halakorik! Eta hala zelakoan, badaezpadako botikak inokulatu zizkieten umeei…
–Eta nerabeei.
–Hala da, eta “Maskara” haiek ezarri Eskoletan zein Ikastoletan. Gure Leinuak ere ez zuen jakin geure ume eta nerabeak jagoten!
–Gero,azkenean, ez zela horrelakorik esan zuten: adin txikikoek ez zirela inondik ere “Arriskutsuak”, alderantziz baizik.
–Hortaz, hura ere “Buloa”? Arrotzen propaganda, agian?
–Tira, ez dinagu inongo frogarik hori berresteko.
–Entzun dudanez,  gure Leinuko Guraso Talde batek, “Eguzkilore” deritzenak, oraintxe aurkeztu barri dau auzi horri buruzko txosten sakon bat. Izugarrizko albo-kalteak, bai organiko nahiz garuneko ondorio larriak…
–Nerabe hainbatek buruaz beste egiteraino…
–Tira, ez dinagu hori horregatik izan dela baieztatzeko aski frogarik.
–Dena dela, geure Leinukook ere ez genuela jakin gure Umeak babesten!
–Ezta gure nerabeak ere.
–Gauza bat ez dinat argi geratu, “Plandemia” horren zergatia, eta zergatik deitzen dioten “Plandemia”. Hori ez don gure jatorrizko ahoskera ere.
–Tira, nik ere ez zekinat. Hurrengo Ezkutuko Tertulia batetan argitzekoa agian.
–Agian.

–Orduan Ama, nortzuk dare “Zuriak”?
–Ai ume, oraindik txikiak zarete halako gauzak ulertzeko. Azalduko dizue bere sasoian, geroxeago, gure Ikastolen Sarean.
–Eta nortzuk dira “Gorriak”, Ama?
–Gorriak geu gara, Ume.

Bilatu