J. Ortuñez
Errepresaliatua

O tempora, o mores

«Tamalez, ez Estrasburgokoa ez beste edozein bataila ez dago aldez aurretik bermaturik eta, gainera, gorago esan bezala, bataila hau irabazita ere euskal presoen auzia ez da horratik amaituko.»

Zalantzarik gabe, berri on batekin hastea atseginago nukeen. Ez zitzaidakeen gaizki irudituko, esaterako, Estrasburgok hartu beharreko erabakia dagoeneko hartu eta bere ebazpenak lehen instantzian erabakitakoa berretsi izan balu. Kontu horiek, baina, beren denbora behar dute. Honelako luzatzeetan, gainera, espainiar Gobernua eroso samar ibiltzen da eta ez du ezertan azkartuko. Izan ere, espetxe frantses zein espainoletan euskal presoen egoerak bere horretan jarraitzen du, eta azken berriak entzunda, txarrera ere jo duela gehituko nuke.


Hori horrela, Auzitegi europarrak oraindik hartu ez duen erabakiari gaurdanik aurre egiten hasi zaion Gobernuak berak eta bere bidelagunek egun hauetan erakutsitako ateraldi histrionikoak aldez aurretiko etsimendua eta amorrualdi itxuragabea lotzen dituen nolabaiteko nahaste direla otutzen zait.


Bide batez, Gobernu espainolak iritzi publikoa eta hedabide/elkartze-mamuak prestatzen ditu haien ustez kasurik txarrena denari begira: espetxe frontean mugitzera behartuko lukeen hori bera, hain zuzen, kanpotik inposatutzat eta nola hala bete beharrekotzat aurkeztea nahiago badu ere. Aldi berean, Auzitegi europarraren erabakiak Gobernu espainolaren alde joaz gero, horrek euskal gizartean eragingo lukeen frustrazioa Madriletik induzitu hantura mediatikoaren adina izango litzatekeela kalkulatzen bide dute agintariek.


Inor ez dadila engaina, ordea: Europan asko dira 197/2006 delako doktrinaren kontrako ebazpen europarraren aurrean atseginik eza nabarmenduko zuten Estatuak (nahiz eta espainolean nekez hitz egin daitekeen atseginik ezaz bakarrik, bere gustukoa ez den edozein erabaki, ebazpen edo erresoluziori uko egiten baitio aldez aurretik). Epailetzak nola erantzuten duen da bestelako kontua, eta ez zait iruditzen epaile guzti-guztiek zer egin beharko duten oso argi daukatenik: hauetako batzuk, orain arte itsumustuan defendatu duten doktrina jokoz kanpoko, zentzugabe eta zamatsuegi egiten hasi zaiela nonbait, kontrako adierazpenak egiten hasi dira euren iragana zuritu nahian; beste batzuk berriz Gobernuaren agindu zein norabideari beha daude oraindik, betiko moduan.


Egia da, ikuspegi juridiko hertsi batetik begiratuta ere, 197/2006 izendaturiko doktrina aldrebeskeria izugarria dela. Hain zuzen, Zuzenbidearen Historian aski errotutzat ematen genituen oinarriak (legezkotasuna, segurtasun juridikoa, zigor arauen atzeraeraginik eza…) urratzen ditu. Gauzak honela, doktrinaren aurka esparru sozialen eta profesionalen aldetik agertu den gehiengoari Estrasburgok arrazoia emango diela pentsatzea guztiz zilegi zait. Alta, hori zuhurtziaz esan nahiko nuke, jakin badakidalako horrelako erabakirik har ez dadin espainiar Estatuak baliatu dituen bitarteko eta jukutriak kontaezinak direla eta beraz (Estrasburgoko ebazpena bere –eta beste askoren– interesen kontrakoa izanez gero) aurrerantzean ere zazpi ahaleginak eta gehiago egingo dituela pentsa daitekeelako. Espainiaren temakeria horrenbesteraino iristeko prest dago. Izan ere, Europako (ez bada munduko) eskuin burugogorrena izatea da neofrankista espainiarren ezaugarri nagusietakoa. Erdi Aroko jarrerak atzean gelditu behar ziren arren, Jaungoikoarengan norabidea bilatzen ibili eta hankarte, apain-orrazi, montera edo potinetan interpretazio-irizpideak oinarri dituen pentsamolde inkisitoriala bada oraindik Espainiako hainbat sektoretan.


Ez gara gu izango, ez, ideiak eskainiko dizkiegunak, baina denon ezagun da harropuzkeria osoz aipatzen duten «ingeniaritza juridikoak» tarte handi samarra duela erabaki europarra izen soilaz betetzetik (hau da, antzekotasunik luketen bestelako kasuetara hedatu gabe) helegiteak banan-banan (ad infinitum, beraz) aurkezteraino. Europa prest ote legoke jadanik erabaki eta are berretsitakoa horrenbestetan berrikusten ibiltzeko? Denborak esango digu.


Oso kontuan hartzekoa da, bestalde, auziaren mamia ez dela Estrasburgok nori emango dion arrazoia (inori eman beharrean ere), doktrina bezalako neurri krudelak bezain zentzugabeak ahalbidetzen dituen salbuespen egoera noiz amaituko den baizik. Honela ulerturik, bide luze eta alde askotako horretan doktrina hori amaitzea pauso bat besterik ez da, garrantzi handikoa izanik ere.


Hori bai, euskal gizarteak garaipen hori merezi du. Tamalez, ez Estrasburgokoa ez beste edozein bataila ez dago aldez aurretik bermaturik eta, gainera, gorago esan bezala, bataila hau irabazita ere euskal presoen auzia ez da horratik amaituko.


Estatuen itsukerian arraildura erabakigarria irekiko luke eta eremu honetan egunero dihardutenei hauspo indarberritua eskainiko lieke, dudarik ez; baina ez gaitezen itsutu gai honekin, amnistiaranzko bidea Estrasburgotik ezinbestean eta soilik pasako bailitzan.


Zentzu baikorrekoa balitz ere, Europako ebazpenaren irispen erreala guztiz motz geldituko da aldi berean ez badugu gure presoak Euskal Herrira ekartzeko atxikimendu jendetsu bezain eraginkorra eratzen. Kolektiboaren gerturaketak amaiera emango lioke sakabanaketari eta egin nahi dituen urratsetarako bidea erraztuko luke, bestelako baldintzetan eztabaidatu eta bere ekarpena egiteko parada izango lukeelako.


Hau guztia, esan gabe doa, preso gehiagorik ez eta berriro egoteko motiborik ere egongo ez den bide dinamikoan kokatu beharra dago. Noski, soilik Euskal Herriaren aitortzak ahalbidetuko lukeen oinarri demokratikoak bermatu ahal du gisa horretako egoera. Hauxe da, ez besterik, Aberri Egun honetan Kolektiboak eskatzen duena: amnistia-autodeterminazioa.

Bilatu