Oasia zabortegi

ndustria ugari dugunez, industria-hondakinak egoki kudeatzea funtsezkoa da, giza osasunari eta ingurumenari edozein afekzio saihestu behar denez gero. Hala ere, lazakeria nagusitu izan da gurean, aspalditik.

2020/02/19

Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da hondakindegiak kontrolatu eta zaintzea, zuzen erabiltzen direla bermatzeko, osasunerako eta ingurumenerako arriskuak ekiditeko. Agerikoa da ez duela batere ondo bete Zaldibarkoan. Ikus dezagun zeintzuk hamar akats nagusi egin dituen:

1. Zaintza txarra. Horixe izan da egindako hankasartzerik larriena. Hondakindegiaren funtzionamendua ez zen batere egokia. Gaizki neurtzen zuen metanoa, baimenik gabe biltzen zituen zenbait material, legezko eremua baino nabarmen handiagoa hartu zuen. Ingurumen baimen bateratuaren betetze «maila txikia» zela ikusi zen iazko ikuskatze txostenean. Ura ez zuen egoki babesten, eta zabortegien baldintza berezi zenbait ez ziren betetzen. Amaiantoa ez zuen bereiz biltegiratzen. Eraikin eta eraispen hondakinekin ez zuen behar zen bereizketa egiten. Hondakin arriskutsuak biltzeko baimenik izan ez arren, bifenilo polikloratuak kutsatutako lurrak pilatu zituen. Lardaskeria zen nagusi eta Jaurlaritza geldi.

2. Epelkeria. Oso lagun jokatu du Jaurlaritzak Verter Recycling-ekin. Ohikoa du joera hori EAJ-k zerbitzu publikoak enpresa pribatuek kudea ditzaten uzten duenean, sarritan langileen kalterako. Garraioa, adinekoen egoitzak, osasun arloa... nonahi ditugu adibideak. Hondakindegia bi urterik behin ikuskatu zuen Jaurlaritzak, eta emaitza gero eta okerragoa zen, azkenengoan notarik kaxkarrena jarri zioten. Hala ere, gero eta hondakin gehiago jasotzen ziren. Hain zuzen, 2017an 379.689 tona jaso ziren, 2019an 510.994. Amiantoa duten materialei dagokienez, 2.954 tona 2017an, 4.235 iaz. Jaurlaritzak mesedetu egin izan ditu hondakindegi pribatuak publikoen aurrean, mankomunitateek salatu duten lez. Hondakinen arloa irabazi handiko negozio bihurtu da, non talde boteretsuek lasai asko jarduten duten.

3. Inprobisazioa. Luiziaren egunean langile bi desagertu ziren. Haien bila jardun zuten suhiltzaile eta erreskate taldeetakoek amiantotik babesteko jantzi barik, nahiz eta Jaurlaritzak bazekien amiantoa zegoela bertan. Lan arriskuen prebentziorako gutxieneko neurriak ez ziren aintzat hartu, segurtasun protokoloek huts egin zuten.

4. Larritasuna arindu. Jaurlaritzak tragedia lan istriputzat joz, txikiagotu nahi izan du gertatutakoaren garrantzia. Gainera, herritarren eskarien eta senitartekoen kexa adierazpenen aurrean ezikusiarena egin du, eta «Twitterreko kanpainei» jaramonik egiten ez diela erantsi.

5. Lidergo eza. Urkulluk ezbeharraren ondoren eskainitako lehen agerraldian, astelehenean, ez zuen gaiaz ezer aipatzeko asmorik, soilik hauteskundeez aritzekoa zen. Senideekiko enpatia falta deigarria izan da. Zer irudi aholkularik gomendatu ote zion esaterako prentsaurrekoaren hasieran hondamendiarekiko kezkarik ez erakustea eta desagertutakoen senideei elkartasunik ez adieraztea?

6. Berandu. Urkulluk sei egun behar izan ditu hondamendiarren larriaz ohartzeko; sei egun igaro arte ez da tokian agertu, ez da desagertutako langileen senitartekoekin batzartu. Azken ikuskaritzatik sei hilabetera eta luizitik astebetera ireki dio Jaurlaritzak zigor-espedientea Verter Recycling-i. Usoak joanda, sareak heda.

7. Antzezpena saihestu nahi zuela adierazi zuen lehendakariak. Azkenik atzera egin du, Zaldibarrera joan da; bertaratuko dela jakinarazi gabe, ezkutuan egingo balu bezala, baina ETBren kamerek Teleberrirako irudiak izango dituztela ziurtatuz, eszena bermatuz.

8. Itzuri. Erantzukizunari ihes egin nahi izan dio Jaurlaritzak. Josu Erkorekak Verter Recicling enpresari leporatu dio erru guztia, Jaurlaritzaren betebeharrak hutsaren hurrengoa bailiran.

9. Zaborra zabaldu. Zaldibarko ezbeharragatik Jaurlaritzaren aurka egitea «politika sarraskijalea» egitea dela adierazi du Jaurlaritzaren bozeramaleak. Ez da ohartu laidoaren neurrigabekeriaz; gehiengo sindikala, Zaldibar eta inguruko herritarrak eta oposizioko alderdi guztiak ditu kritikari. Guztiak iraintzeak zaborraren kiratsa handitu besterik ez du egiten.

10. Txorimoaloa atera. Akatsen ugaritasunaz eta herritarren begiradaz oharturik, ohiko aterabidea, eskuliburuek gomendatzen dutena: atentzioa desbideratzea. Horretan, zer hobe PPren estiloa kopiatzea baino; ETA ekarri behar harira, nahiz eta aspaldi disolbatuta dagoen. Herritarren protestak «kanpaina» ei dira; eta kanpainaren diseinatzailea, badakigu. aspaldikoa.

Industria ugari dugunez, industria-hondakinak egoki kudeatzea funtsezkoa da, giza osasunari eta ingurumenari edozein afekzio saihestu behar denez gero. Hala ere, lazakeria nagusitu izan da gurean, aspalditik. Gogoan ditugu irregulartasun larriak izan zirela zenbait kasutan: Larrabetzun, Azkoitian, Zallan, Enekurin, Zallan, Irunen, Argalarion... Zaldibarkoaren harira, argi ikusi da hondakinen arloan kudeaketa enpresa pribatuei uzteak eta Administrazio Publikoaren zaintza ardura utzikeriaz betetzeak zer ondorio dituen. Gizakien osasunari eta ingurumenari kalte egitea saihestea oinarrizko printzipioa den arren, zabarkeria nagusi zabortegian. «EAJ eredua» ez bide da horren eredugarria. Zabor politikak erakutsi du euskal oasia zabortegia zela.

Artikuluak
Iñaki Egaña
2020/07/04
Tomás García Díaz
2020/07/04
Maitena Monroy
2020/07/03
Antton Elorza
2020/07/03
Gutunak
Gerardo Hernández Zorroza
2020/07/03
Miren Goñi eta Iñigo Legorburu | Leoka Guraso Elkartea (Hernani)
2020/07/02
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
2020/07/01
Azken post-ak
Fito Rodriguez
2020/06/18
Koldo Campos
2020/06/15