Joxe Iriarte «Bikila»

Odolez zipriztindu nahian

«Sistemarekiko integrazioa bultzatu dutenak ongi etorriak dira politika instituzionalean. Berriz, EH Bildun militatzen dutenei (independentziaren eta sozialismoren alde borrokatzen dutenei) peaje berezi bat ordaintzea eskatzen zaie. Jakina, hain garbi ezin dutenez azaldu, ‘odolaz zipriztindu izana’ azaltzen dute betiko» (Bikila).

Lerro hauetan azaltzen diren burutazioak hauteskunde kanpainan argitaratzeko tentaldia izan nuen. Haatik, azkenean gerorako uztea erabaki nuen, gaia hotzean aztertzearren. Alabaina, hauteskunde atarian gaude berriz ere, eta, EH Bildu ETArekin nahastuko dutelakoan nagoenez, zenbait ohar azaltzea gustatuko litzaidake.

Izan ere, ETA aspaldi desagertua izan arren eta hilda egonda ere, badirudi, Cid Campeador-ekin bezala, erabilgarria dela gatazka politikorako. Baina EH Bildu sortu zenean ETA jada jardueran ez zegoen eta, gainera, hiru osagai politiko desberdinekin (Sortu, EA eta Alternatiba) sortu zen. ETAren jarduerarekiko, azken biak nahiko kritikoak.

Dena ETA zein garaian jende asko sartu izan zuten kalifikazio horretan eta, ondorioz, injustuki zigortu. Egun, nahiz eta akusazio haiek gezurra zirela frogatutzat eman, berriro, ETAkideak izandakoak balira bezala (Teresa Toda, adibidez, bere bizitza guztian borrokarako tresnatzat luma edo ordenagailua beste ezer erabili ez duena) kalifikatu dituzte, eskrupulurik gabe. Horrez gainera, ETAkide ohiei ere, beren zigorra beteta eta legalki politikan aritzeko oztoporik ez izan arren, politikan aritzeko zilegitasuna ukatzen diete.

Erreinsertzioa hitz edo kontzeptuaz ahoa betetzen duten horiek horretan sinesten ez dutela erakusten ari dira. Hau da, badirudi behin terrorista izateagatik zigortuak izan zirenek betiko gaitzetsiak izan behar dutela, baldin eta beraiek jarritako parametro batzuetara egokitzen ez badira. ETAkide ohia PSE-EEn edo PPn egongo balitz, onargarria litzateke, baina ETAkide ohiak EH Bildun jarduten badu, berriz, gaitzesgarria. Euren ustetan, ez baita damutu egindakoaz. Aita Santuak Goñiko Teodosiori bere bekatuaz damutzeko Aralar mendian kateatuta bizitzea zigortua nola, hala eskatuko diete batzuei amaigabeko mea culpaz belauniko errezitatzea.

Alferrik da argitzea munduan zehar borroka armatuan edo terrorismoan aritutako politiko asko geroago instituzioetan aritu izan direla. Alferrikakoa da ere batzuk beren herritarren onespenarekin Estatuburuak bilakatu direla esatea. Adibidez, hor ditugu egun parlamentari, alkate edo zinegotzi diren eta terroristak izandako Ipar Irlandako errepublikano eta unionistak. Hor ditugu ere Israelgo politikari garrantzitsuak (Isaak Begin zena, horien artean), edo ziurrenik internazionalki laudatuen izan den Nelson Mandela. Eta noski, Espainiako Estatuan, diktatura kriminalaren ministroa izandako Fraga Iribarne. Ez hain laudatua, baina bai onartua. Ordea, Espainia delakoan, aberriaren defendatzailearentzat barkamen eta ulermena da dena. Aldiz, besteentzat, «etsaientzat» (hala baitira kontsideratuak), gorrotoa eta gaitzespena. Espetxe politika aztertzea nahikoa zaigu mendeku politikoa zer den ulertzeko.

Zer esan dezakegu ETArekin zerikusirik izan duten baina sistemaren altzoan babestu direnen hainbat eta hainbaten inguruan? Hor ditugu hain laudatuak izan ziren Mario Onaindia edo Teo Uriarte. Bere garaian biak terroristatzat kontsideratuak (biak ala biak, Amnistiaren legea zela medio libre geratu, baina odolez zipriztinduta omen zeudenez, atzerrira estraditatu-kanporatuak eta herri mobilizazioei esker itzuli zirenak). ETAko militantea izandako Andoni Unzalu, duela gutxi arte esataria eta PSOE-PSEko buruzagi eta parlamentaria izandakoa. Baita PNVko Jose Antonio Urbiola, Joxe Manuel Bujanda eta Iñaki Gurrutxaga (Goiaren kabinete burua hil arte) eta ezagutzen ez ditudan gehiago. PNVk jada ez du gogoratzen EGIko bi gazte (Artajo eta Asurmendi) aldean zeramaten lehergailuaren eztandak hil zituela.

Ezin ahaztu Zumalde, «El Cabra», ETAn ibilitako pertsonaia mitiko eta militaristena, PNVren onespenarekin Berrozi taldea antolatzen ibili zena. Podemosen lerroetan ikusi dugu ETA-pm ohia den Jose Ramon Arrieta senataria. Noski, PPn aurkitzen dira ere: hor ditugu, besteak beste, Mikel Azurmendi eta Jon Juaristi. Horiek guztiak beso zabalik onartuak izan ziren, eta eredugarriak bihurtu.

Zein da kontua orduan? Bada, batzuk, ETA uztean sistemaren altzoan babestu zirenak, horrek suposatzen duenarekin, barkatuak ez ezik, onartuak izan zirela. Besteak, berriz, ez. Zergatik? Nahiz eta borroka armatua baztertu egin izan, beren burua iraultzaile, alternatibo, ezkerreko abertzale edo, gutxienez, 78ko erregimenaren kontrariotzat izaten jarraitzen dutelako.

Nik uste, hor dagoela gakoa. Alegia, sistemarekiko integrazioa bultzatu dutenak ongi etorriak dira politika instituzionalean. Berriz, EH Bildun militatzen dutenei (independentziaren eta sozialismoaren alde borrokan jarraitzen dutenei) peaje berezi bat ordaintzea eskatzen zaie. Jakina, hain garbi ezin dutenez azaldu, «odolaz zipriztindu izana» azaltzen dute betiko.

Gauzak garbi, EH Bilduren barruan militatzen dugun denok, modu batean edo bestean, iskin egin diogu biolentzia politikoari. Jakina, biolentziarekin erasotzen ez diguten bitartean (esate baterako, faxistek edo erasotzaile matxistek). Izan ere, langile mugimendutik hasi eta feminismoarekin jarraituz, denok dugu autodefentsarako eskubidea, modu proportzionalean bada, bederen. Aldiz, botereaz baliatzen diren partidu politiko guztiek estatua eta kapitala defendatzeko biolentzia erabili izan dute eta erabiltzen dute oraindik ere. Jakina, hori legala eta konstituzionala da.

Oharra: nahaste-borraste honi buruz argitasun pixka bat eman zigun (zendu berri den) Joan Mari Irigoienek. Bere omenez, hona ekarri nahi ditut berak asmatutako hitz joko hauek: Potronides ETAri buruz, eta Poltronides gainontzekoei buruz. Potronides desagertu da, baina Poltronidesek bere aniztasunean hor dirau, Potronidesen errapeetatik zukua ateraz.

Bilatu