Martxel Toledo Garmendia
Oiartzun

Ofizialtasuna, lorgarria ala amets bat soilik?

«Beste hainbat arlotan bezala, kirolean ere, ofizialtasuna lortzeko oztopoa ez da juridikoa, ez da lege arazoa, politikoa baizik. Eta hori horrela, orain galdera da, arazo politiko horri aurre egin eta egungo egoera gainditzeko, selekzioen alde gaudenon estrategia zein izan behar den.»

Urteak eta urteak daramatza herri honek euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen, baina salbuespen gutxi batzuk kenduta, tamalez, lagunarteko partiduekin konformatu beharrean gelditzen gara, nazioarteko lehiaketa ofizialetan euskal kirolariek soilik Espainia eta Frantzia ordezkatuz aritzeko aukera izaten dutelako.  


Urtean zehar hainbat kirol modalitatetan euskal selekzioak lagunartekoa jokatzen badu ere, abendua izaten da ofizialtasunaren aldarriak dezibelen goi punta harrapatzen duen unea, besteak beste, futbolak gizartean duen indarragatik eta batik bat trantsizio garaitik ona ia urtero Gabonetako datek futbol selekzioaren partidarekin lotura izan dutelako. Eta aurten ere, horrela izan da, ligaren atsedenaldia aprobetxatuz, gure selekzioa Peruko selekzioaren aurka aritu zelako San Mames futbol zelaian.


Baina aurkariaren maila, emaitza, giroa eta jendearen erantzuna alde batera utzita, seguruenik, hau da euskal gizartean egun dagoen zalantza handiena: euskal selekzioak nazioartean aritzeko ofizialtasuna lorgarria da ala aldarrikapenaren oihuak eta zaratak puztutako ametsa baino ez?
Selekzio batek nazioarteko txapelketa ofizialetan aritzeko bete behar duen ezinbesteko eta lehen baldintza kirol arlo horretako federazio hori nazioarteko erakunde horretako kide izatea da; futbolaren kasuan, euskal futbol federazioa UEFA edo FIFA-ko kide onartua izatea, txirrindularitzaren kasuan, euskal federazioa UCIko kidea izatea, saskibaloian, FIBAko kidea izatea eta horrela, kirol modalitate guztietako euskal federazioak nazioartekoetan kide izatea. Baina zein da egungo errealitatea? Aipatu federazio horietan ez dagoela euskal federaziorik eta, ondorioz, gure ordezkaritza Espainia eta Frantziako federazioek dutela, beste arrazoien artean, euskal federazioetako agintariek kide izatea ez dutelako eskatu. Eta eskatuta lortzea zaila izango bada, eskatu gabe ematea, ia ezinezkoa. Sinplea bezain ulertezina.


Euskal Herriak bere selekzio propioa izateko duen eskubidearen aurkakoek diote Estatu ez garen heinean, ez dagoela selekzio ofizial baten aukerarik, baino hori gezurra baino ez da, datuek erakusten baitute, kirol ezberdinetako nazio erakunde horietan, estatu ez diren 100 naziotik gora direla eta, beraz, inongo arazorik gabe bere selekzioarekin lehiatzeko aukera dutela. Futbol selekzioaren harira ari garenez, aipatu, kirol honetan, besteak beste, Bermuda, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda, Faroe uharteak, Hong Kong, Palestina, Taipei eta azkenekoa Gibraltar direla horren lekuko. Beraz, ez da derrigorrezkoa estatu izatea, baizik eta «zure» estatu horrek, gure kasuan Espainia edo Frantziak, nazioartean aritzeko eskubide hori onartzea eta oztoporik ez jartzea. Baina beste hark zioen modura, hemen, «elizarekin» egiten dugu topo, orain arte Euskal Herriarekiko erakutsitako jarrerak argi erakusten baitu, bi estatu horien izaera ez dela demokratikoa, inposatzailea baizik.


Bada arrazoi modura ofizialtasuna ez onartzeko aurkariek erabiltzen duten beste aitzakia bat ere, alegia, liga propiorik ez izatearena. Baina aurreko kasuan bezala, hori ere gezurra baino ez da, eskuartean ditugun datuek hori hankaz gora jartzen dutelako. Eta horren adibide baino ez da Andorrarena, bere selekzio propioa izatearekin batera, Espainiako futbol ligan jokatzen duelako.
Beraz, beste hainbat arlotan bezala, kirolean ere, ofizialtasuna lortzeko oztopoa ez da juridikoa, ez da lege arazoa, politikoa baizik. Eta hori horrela, orain galdera da, arazo politiko horri aurre egin eta egungo egoera gainditzeko, selekzioen alde gaudenon estrategia zein izan behar den.
Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariak partiduaren harira egindako adierazpenetan, besteak beste, esan du pankartatik harago joanda, prest dagoela urratsak egiteko eta, zentzu horre- tan, plan estrategiko bat ari dela osatzen euskal selekzio ezberdinek nazioartean aritzeko duten aukera juridikoki aztertzeko, eta publikoki, laster emango duela horren berri. Espero dut oraingoan zintzo aritzea eta hitz borobiletatik harago joatea, hori baita euskal gizartearen gehiengo handi batek aldarrikatzen duena.


Euskadiko Futbol Federazioak ere, nazioartean  ofizialak izateko urratsak egiteko prest dagoela esan zigun azaroan egindako bileran eta hori bera aipatu du egun hauetan. Horregatik, Peruren aurkako partiduan zaleen jarrera oso garrantzitsua zela adierazi zigun, istiluak gertatuz gero, hemendik aurrera partidua bera ere arriskuan egon daitekeelako. Ikusitakoa ikusita, uste dut zaleen jarreraz ezin direla kexatu, bikaina izan delako.


Euskal jokalariak ere urrats horiek egiteko prest azaldu dira eta aurten ere «ofizialtasuna nahi dugu» pankartarekin zelairatu dira beraien borondate zintzoa adieraziz. Beste arlotako euskal kirolariek ere ofizialtasunari emandako babesa azken urteetan nabarmena izan da. Kirol mundua berea ematen ari da.


Beraz, guztiok prest bagaude, zer falta da bakoitzak bere arloan ofizialtasunaren alde egin behar diren urratsak egiteko? Ba, zintzoak izatea, esandakoa betetzeko borondatea eta ausardia izatea, bengalen eta istiluen aurrean guk izan dugun bezala. Eta horrela bada, ziur nago, euskal selekzioaren ofizialtasuna, egun ametsa izatetik, epe ertainean, errealitatea izatera pasatuko dela. Hori da selekzio mailan herriak ikusi nahi duena.

Bilatu