Martxel Toledo Garmendia
ESAIT

Ofizialtasuna, lorgarria ala soilik amets bat?

Beste hainbat arlotan bezala, kirolean ere, ofizialtasuna lortzeko oztopoa ez da juridikoa, politikoa baizik. Eta orain galdera da, egungo egoera gainditzeko, zein izan behar da selekzioen alde gaudenon  estrategia?

Urteak daramatza herri honek euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen, baina salbuespen gutxi batzuk kenduta, tamalez, lagunarteko partiduekin konformatu beharrean gelditzen gara, nazioarteko lehiaketa ofizialetan euskal kirolariek soilik Espainia eta Frantzia ordezkatuz aritzeko aukera izaten dutelako.

Urtean zehar hainbat kirol modalitatetan euskal selekzioak bere lagunartekoa jokatzen badu ere, abendua izaten da ofizialtasunaren aldarriak dezibelioen goi punta harrapatzen duen momentua, besteak beste, mediatikoki futbolak gizartean duen indarragatik eta batik bat trantsizio garaitik ona ia urtero Gabonetako datek futbol selekzioaren partidarekin lotura zuzena izan dutelako. Eta aurtengoan ere horrela izan da, Ligaren atsedenaldia aprobetxatuz, pasa den larunbatean gure selekzioa Peruko selekzioaren aurka aritu zelako San Mames futbol zelaian.

Baina aurkariaren maila, emaitza, giroa eta jendearen erantzuna alde batera utzita, seguruenik, hau da euskal gizartean egun dagoen zalantza handiena, alegia, euskal selekzioak nazioartean aritzeko behar duen ofizialtasuna lorgarria da, ala aldarrikapenaren oihuak eta zaratak puztutako ametsa baino ez da?

Selekzio batek nazioarteko txapelketa ofizialetan aritzeko bete behar duen ezinbesteko eta lehen baldintza zera da, kirol arlo horretako federazio hori nazioarteko erakunde horretako kide izatea, alegia, futbolaren kasuan, euskal futbol federazioa UEFA edo FIFAko kide onartua izatea, txirrindularitzaren kasuan, euskal txirrindularitza federazioa UCIko kidea izatea, saskibaloian, FIBAko kidea izatea, eta horrela, kirol modalitate guztietako euskal federazioak nazioartekoetan kide ofizialak izatea, gutxi gora-bera 50 kirol modalitate ezberdinetan. Baina zein da egungo errealitatea? Aipatu federazio ho- rietan ez dagoela euskal federaziorik, eta ondorioz, gure ordezkaritza, Espainia eta Frantziako federazioek dutela, beste arrazoien artean, euskal federazioetako agintariek, kide izatea ere ez dutelako eskatu. Eta jakina, eskatuta ere lortzea zaila izango bada, eskatu gabe ematea, ia ezinezkoa.

Euskal Herriak bere selekzio propioa izateko duen eskubidearen aurkakoek diote, estatu ez garen heinean, ez dagoela selekzio ofizial baten aukerarik, baina hori gezurra baino ez da, datuek erakusten baitute, kirol ezberdinetako nazio erakunde horietan, estatu ez diren ehun naziotik gora badirela, eta beraz, inongo arazorik gabe beren selekzio propioarekin lehiatzeko aukera dutela. Futbol selekzioaren harira, aipatu, kirol honetan, besteak beste, Bermuda, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda, Faroe irlak, Hong Kong, Palestina, Taipei eta azkenekoa Gibraltar direla egoera horren lekuko. Beraz, ez da derrigorrezkoa estatu izatea, baizik eta «zure» estatu horrek, nazioartean aritzeko eskubide hori onartzea eta ondorioz, oztoporik ez jartzea. Baina hemen, «elizarekin» egiten dugu topo, orain arte Euskal Herriarekiko erakutsitako jarrerak argi eta garbi erakusten baitu, bi estatu horien izaera ez dela demokratikoa, inposatzailea baizik.

Baina bada beste aitzakia bat ere, alegia, liga propiorik ez izatearena. Baina aurreko kasuan bezala, hori ere gezurra baino ez da, esku artean ditugun datuek hori hankaz gora jartzen dutelako. Eta horren adibide baino ez da Andorrarena, bere selekzio propioa izatearekin batera, Espainiako futbol ligan jokatzen duelako.

Beraz, beste hainbat arlotan bezala, kirolean ere, ofizialtasuna lortzeko oztopoa ez da juridikoa, politikoa baizik. Eta hori horrela izanda, orain galdera da, arazo politiko horri aurre egin eta egungo egoera gainditzeko, zein izan behar dugu selekzioen alde gaudenon estrategia? Zeintzuk eta nolakoak dira egin behar ditugun urratsak?

Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak partiduaren harira egindako adierazpenetan, besteak beste esan du, pankartatik harantzago joanda, prest dagoela urratsak egiteko eta zentzu horretan, plan estrategiko bat ari dela osatzen euskal selekzio ezberdinek nazioartean aritzeko duten aukera juridikoki aztertzeko eta publikoki laster emango duela horren berri. Espero dut oraingoan zintzo aritzea eta hitz borobil eta politetik harantzago joatea, hori baita, euskal gizartearen gehiengo handi baten aldarrikatzen duena.

Euskadiko futbol federazioak ere nazioartean ofizialak izateko urratsak egiteko prest dagoela esan zigun azaroan egindako bileran eta hori bera aipatu du egun hauetan hedabide ezberdinetan. Horregatik, Peruren aurkako partiduan zaleen jarrera oso garrantzitsua zela adierazi zigun, istiluak gertatuz gero, hemendik aurrera partidua bera ere arriskuan egon daitekeelako. Ikusitakoa ikusita, uste dut zaleen jarreraz ezin direla kexatu, bikaina izan delako.

Euskal jokalariak ere, urteak joan urteak etorri, aipatu urrats horiek egiteko prest azaldu dira, eta aurten ere eskuetan «ofizialtasuna nahi dugu» pankartarekin zelairatu dira, beraien borondate zintzoa adieraziz. Beste arlo- etako euskal kirolariek ere ofizialtasunari emandako babesa nabarmena izan da. Kirol mundua berea ematen ari da.

Beraz, guztiok prest bagaude, zer falta da, bakoitzak bere arloan ofizialtasunaren alde egin behar diren urratsak egiteko? Ba, zintzoak izatea, alegia, esandakoa betetzeko borondatea eta ausardia izatea, bengalen eta istiluen aurrean gu izan garen bezala. Eta horrela bada, ziur nago, euskal selekzioaren ofizialtasuna, egun ametsa izatetik, epe ertainean, errealitatea izatera pasatuko dela. Hori da-eta, besteak beste, selekzio mailan herriak ikusi nahi duena.

Bilatu