Osakidetza, euskararekiko axologabekeriaren izurriteak jota
Egun hauetan albiste izan da komunikabideetan Zumaiako mediku eta pediatra ez elebidunen gaia, baita Aramaion ordezko mediku elebiduna eskatzeko ekimena ere.
Komunikabideetan bi horiek izan dira hizpide, baino ondo baino hobeto dakigu osasungintzako langileok, baita herritar gisa osasun etxeetara bertaratzen garenok ere, Osakidetzan hizkuntz eskubideen errespetuan egunero bizi dugun arazo larria. Ondorioz, orohar Euskal Herriko zein EAEko jendartearen gehiengo batek ezin du jaso eskubidez dagokion kalitateko osasun zerbitzu publikoa. LAB sindikatuak argi du ez dela kalitateko osasun zerbitzurik jasoko erabiltzaileen hizkuntza eta komunikazioa kontutan hartzen ez den bitartean.
Aramaio eta Zumaiako kasuek begi bistan utzi dute Osakidetzaren eguneroko errealitate gordina: Osakidetzan langile berriak kontratatzean edota lan zentro batean kokatzean, ez da kontutan hartzen zerbitzu elebiduna eman behar izatearen aldagaiaren beharra. Are gutxiago lana euskaraz egingo duten sailak sortzen joatearena, hori izango bailitzake egoera atzera bueltarik gabe konpontzeko bidea. Are okerrago, hizkuntzari dagozkion zentzuzko irizpideak ez betetzeaz gain, Osakidetzak hizkuntz araudia aplikatu behar ez izateko kontratazio formulak erabiltzen ditu, lanpostu elebidunetan langile ez elebidunak kokatuz. Egoera orokorra da, eta horren adibide da Zumaian gertaturikoa.
Zoritxarrez, arazoaren iturria sakonekoa da. Lehenik eta behin, Osakidetzan ez dago euskara erakundeko hizkuntza izatera iristeko benetako erabaki politikorik, ezta euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izateko plangintza eta neurri zehatzik ere. Ondorioz, Zumaiako, Aramaioko... praktika orokorrekin aurkitzen gara. Beste zenbait kasutan, langilego berriari Hizkuntz Eskakizunaren egiaztatzea eskatzen zaio, ustezko egiaztatze hori praktikan erabilera bihurtzen dela ziurtatzeko bitarteko eta laguntzarik gabe. Ondorioak begi bistakoak dira. Itzulpengintza, berriz, erabat erdaraz bizi eta produzitzen duen erakundea makilatzeko neurri gisa erabiltzen da.
Hizkuntz normalizazio prozesu arrakastatsuak egin dituzten enpresa eta elkarteetan langile eta kideen sentsibilizazioa, partehartzea eta ekarpena funtsezkoa izan da beti. Arrakastarako zutabe ezinbestekoa da. Osakidetzan, aldiz, beste hainbat gaietan bezala, langilegoa euskararen normalizazio prozesutik kanpo, ezjakitun dago, eta langileen ordezkarion partehartzea trabaz beterik dago, negoziatzeko gure eskubideari eta bizi dugun egoerari bizkarra ematen diote. Horrela, bistan denez, euskararen normalizazioan aurrerapauso eraginkorrak egitea ezinezkoa da, eta euskararekiko ondorio kaltegarriak sortzen ditu. Bestetik, esan beharra dago zenbait sindikatu euskararen normalizazioak behar dituen neurrien etengabeko sabotai lanean aritzen direla etengabe.
Gaur egungo Euskara Plana hankamotza da erabat. Baina edozein kasutan, gauzak ez badira erabat aldatzen, Plan honetan jasotakoak ere ez dira beteko. Zergatik? Gasteizen eta Zerbitzu Erakunde gehienetan horretarako borondaterik ez dagoelako, lehenik. Bigarrenik, bitartekorik ez dagoelako. Adibide gisa, Zerbitzu Erakunde gehientsuenetan ez da normalizazio prozesuaren jarraipena egiten arituko den lan talderik osatu (nahiz eta euskara Planean jasota egon) eta Euskara Teknikariak itzultzaile lanak egiten ematen dute lan jarduna, egoeraren jarraipena egiten eta aldaketarako neurrien erabakitze lanetan aritu ordez. Bereziki larria da euskara ikasteko ahalegina egiten duen langileak Osakidetzaren aldetik jasotzen duen tratua. Adibide bat jartzearren, Osakidetzan ez duzu arazorik izango zure lan jardunarekin zerikusirik ez duen ikasketetako azterketetara joan ahal izateko baimena lortzeko. Aldiz, HABEren euskarazko azterketetara aurkezteko baimenak ukatzen ari da Osakidetza gaur egun.
Mila oztopo eta mila urraketa, eta guztiak ezin dokumentu batean bildu. Hauen guztien aurrean LABek kexa eta salaketa ugari aurkeztu ditu, zoritxarrez sarritan erantzunik ere jaso ez dutenak. Hala ere ez dugu etsiko, ziur. Gainera, Zumaia eta Aramaioko kasuek garbi utzi digute, presio eraginkorra eginez gero Osakidetzari aitzakiak motz geratzen zaizkiola. Edozein kasutan, osasungintzako arduradun politikoen jarreran eta jokaeran aldaketa orokorra aldarrikatu eta lortu behar dugu ezinbestean, horretarako eragileok, herritarrok eta euskararen aldekoak garenok, aktibatu eta egoera guzti hauen aurrean erantzunak artikulatu behar ditugu. Gainontzean, han eta hemen iraunkorki errepikatuko zaizkigu hizkuntz urraketak.
Erabaki eta konpromiso irmoak, plangintza integralak, langilegoaren partehartzea, bitartekoak, laguntzak, hizkuntz eskubideen errespetua, erabilera ardatz, euskara osasugintzako hizkuntza izatea helburu, horra hor gure apustua.
Bide horretan, langileok aldaketa euskaratik eta euskaraz eragin behar dugula garbi dugu eta langilego eta herritarrei dei egiten diegu bide honetan indarrak bildu eta tinko aurrera egitera.