Arkaitz Rodriguez eta Kizkitza Gil de San Vicente
Sorturen Nazio Kontseiluko kideak

Osasun publikoa sustatzeko garaia

Bizi ditugun krisiei (osasuna, zaintza, ekologikoa, ekonomikoa) aurre egiteko sektore publikoaren eta zerbitzu publikoen garrantzia dago ezbaian. Kapitala eta bizitzaren arteko borroka horretan sektore publikoak noren alde egingo duen dago ezbaian.

Pandemiak agerian jarri du gure osasun sistema publikoen egoera prekarioa. Hasieran, agintari publiko nagusiek prestatuta geundela esan ziguten, baina pandemiaren garapenak azkar utzi zituen hitz horiek agerian. Urteetako politika murriztaileen bidezko eraiste neurtuaren ondorioa da.

Osasungintzaren eskuduntza duten agintariak, jarrerak gorabehera, inprobisatzen ari dira. Lehen erabakia ardura gainetik kentzea eta berau indibidualizatzea izan da, alegia, osasungintza publikoaren egoera tamalgarriaren ardura haiena izango ez balitz bezala aritzea, urteetako murrizketak haien erabaki politikoa izan ez balira bezala jokatzea, pandemiaren bilakaera kaskarra herritarron arduragabekeriari leporatuz. Eta bigarren erabakia izan da pandemiaren kudeaketa neurri murriztaileetara mugatzea. Zaintza lehenetsi zitekeen eta, horretarako, neurri murriztaileez gain, bestelako askotariko neurriak hartu, jakinik zenbat eta halako neurri gehiago hartu, orduan eta neurri murriztaile gutxiago beharko zirela; baina, horren ordez, aipatu neurri murriztaileetara mugatu dute beren ez-kudeaketa.

Duela bi hilabete osasungintzetako milaka langile (erizainak, aztarnariak...) bidali zituzten langabeziara ustez okerrena pasatuta zegoelakoan. Seigarrenak beraz, lehen olatuak bezain «prestatuta» harrapatu gaitu. Eta ez, dagoeneko errua ez da pandemiarena, haien politikena baizik. Haiek, ez beste inork, jorratu dutelako osasun sistema publikoa eraistearen aldeko politika deliberatua. Haiek, ez beste inork, lehenetsi dituztelako gutxi batzuen interes ekonomikoak gehiengo zabalaren osasunaren eta behar ekonomikoen kaltetan. Haiek, ez beste inork, jorratu dutelako politika informatibo ezin kaskarragoa pandemia osoan zehar. Eta haiek, ez beste inork, jarraitzen dutelako eraginkortasun zalantzagarriko neurriak hartzen (Covid pasaportea, musukoak kanpoan...) eta benetan eraginkorrak diren neurriak saihesten (aztarnari kopurua emendatzea, lehen arreta indartzea...).

Ildo horretan, jakin badakite, Covid pasaportea ez dela eraginkorra kutsatzeak ekiditeko, areago, zenbait unetan segurtasun sentsazio faltsua ere eragin dezakeela (Covid pasaporteak txertaketa sustatzeko baino ez du balio, eta denbora tarte mugatu batean, hortik aurrera eraginkor izateari uzten baitio). Musukoa kalean derrigortzea eraginkorra ez den bezala, kutsatze arrisku handiena ondo aireztatu gabeko barrualdeetan gertatzen dela demostratu delako. Edonola, bata zein bestea oso tresna eraginkorra egiten ari zaie pandemiaren kudeaketa lotsagarria eta osasungintza publikoaren egoera tamalgarria ezkutatzeko.

Zaintzaren paradigmak osasun eta askatasun kolektiboak ditu helburu eta abiapuntu. Osasunerako eskubidea bera da askatasun kolektibo horietako bat; denok ez bagara eskubide horren jabe, pribilegio bilakatzen da. Munduko ultraeskuin ia guztia kalera atera da Covid pasaportearen kontra. Azkena, aste honetan bertan, Espainiako Vox alderdi faxista. Herritarron haserrea kapitalizatzea da haien helburua. Gurean ere, badira kalera atera diren mota ezberdinetako herritarrak. Haserrea ulergarria da, baina Covid pasaportearen kontrako aldarriaren eskutik nagusitzen ari den askatasunaren kontzepzio liberal eta indibidualistak kezkatzen gaitu.

Hemen jokoan dagoena asko da. Hemen, bizi ditugun krisiei (osasuna, zaintza, ekologikoa, ekonomikoa) aurre egiteko sektore publikoaren eta zerbitzu publikoen garrantzia dago ezbaian. Kapitala eta bizitzaren arteko borroka horretan sektore publikoak noren alde egingo duen dago ezbaian. Eta hemen, eraldaketa sozial eta politikorako gehiengoa dago; erronka horietan lehiatzeko indar harreman egokiak ditugu. Aukera dugu eta, horrek, aldaketaren aldeko sektoreok erantzukizunez eta inteligentziaz aritzera eraman behar gaitu.

Osasun krisiaren aurrean, zaintza kolektiboa eta bizitzak ekarri behar dira erdigunera:

1. Herritarron eskubideak murriztu behar badira (eta sarri egin behar izaten da, eskubide indibidualak kontratu kolektibo batzuen barnean ulertu behar baitira; askatasun kolektiboak, hainbatetan, askatasun indibidualak murriztea eskatzen duelako; eta unibertsalak ez diren eskubide edota askatasunak ez direlako eskubide edo askatasun, pribilegio baizik) izan dadila denon osasuna jokoan dagoelako, denon onerako, behar bezain beste justifikatuta, arrazoituta eta elkar zaintzaren zein askatasun kolektiboaren logikari erantzunez, ez zerbait egiten ari den plantak egiteko, are gutxiago benetan egin beharko litzatekeena egiteko borondate falta ezkutatzeko.

2. Txertoen patenteak indargabetu daitezela eta guztion osasuna gutxi batzuen negozioaren aurrean lehenets dadila. Mundu osoan txertaketa azkartu ezean, birusaren aldaera berriek etengabe arriskuan jarriko gaituzte.

3. Informazioa eta prebentzioaren aldeko jarrerak eta politikak bultzatu daitezela: aztarnariak kontratatu eta haien lana egiteko behar dituzten baliabideak bermatu. Birusaren aurretik joatea da aukera bakarra zazpigarren olatua ekidingo badugu.

4. CO2 neurgailuen instalazioa eta musukoaren erabilera sustatu barrualdeetan. Antigeno testak doan edo errentaren arabera banatu.

5. Mediku eta erizainak kontratatu, eraisten ari diren eta funtsezkoa den lehen arretako zerbitzu publikoa bermatzeko. Era berean, pandemia osasun mentalean eragiten ari den arazoei aurre egiteko osasun zerbitzuak indartzea.

6. Sektore kaltetuenentzat baliabideak (ekonomikoak zein bestelakoak) bermatu behar dira. Bestetik, herritar orok konfinamenduak bete ahal izateko beharrezko baliabideak eskaini (isolatzeko logelak, kontziliazioa ahalbidetzen duten bitartekoak edo protokoloak...). Baita garraio publikoen maiztasuna handitzea ere, masifikazioak ekiditeko.

7. Ildo horretan, klase, genero eta arraza faktoreak determinanteak dira pandemiak pertsona bakoitzarengan dituen ondorioetan. Hartzen diren neurriak hartzen direla, faktore horiek aintzat hartu beharra dago, eta pandemiaren kudeaketa sozialki justua egiten dela bermatu.

8. Covidak krisiak azkartu ditu (ekologikoa, zaintzarena, ekonomikoa eta soziala) eta aldaketa handien garaian murgildu gaitu. Herri gisa eta demokratikoki ekin behar diogu egoera horri, asko dugu jokoan.

­­Horregatik guztiagatik eta ke laino guztien gainetik, zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu herritar guztiak. Lehen arreta eta osasun publikoa defenda dezagun. Gora (elkar zaintzen duen) herria!

Bilatu