Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea

Osasunaren alde!

Ez dauka zentzu handirik osasun aurrekontuaren zati handi bat etor daitekeen balizko pandemia baten aurrean prestatzera bideratzeak. Baina horrek ez du esan nahi osasun sistema erresilientea behar ez dugunik.

Aurreko zutabean hezkuntzan izaten ari diren mobilizazioez aritu nintzen. Gaurkoan, berriz, osasun sistemari begiratu beharko diogu. Deialdi zabalak izan dira arlo honetan ere egunotan, eta bihar Bilbon manifestazioa egingo da. Kexa horien arrazoiak ez dira asko azaldu behar, herritar gehienok jakinaren gainean baikaude: Osakidetzaren gainbehera bizitzen ari gara.

Euskal osasun sistema publikoaren ahultzea begi bistakoa izan da azken urteetan, Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketen eta pribatizazioen ondorioz. Koronabirusaren krisia heldu orduko, aurretik bizi zen egoera agerian gelditu da: bere indarren mugan dagoen osasun sistema bat ikusi da. Langileen  ahaleginei esker hainbat gabezia larri arintzea lortu da, baina euren osasun fisikoa eta psikikoa arriskuan jarriz. Horren emaitza da langileak guztiz akituak daudela, eta nabarmena da giza baliabideen eta baliabide materialen falta. Hala ere, pandemia baino askoz lehenagotik lehen arretan mobilizazioak eta grebak izan dira, sistemaren oinarriaren egoera larria salatzeko.

Ez dauka zentzu handirik osasun aurrekontuaren zati handi bat etor daitekeen balizko pandemia baten aurrean prestatzera bideratzeak. Baina horrek ez du esan nahi osasun sistema erresilientea behar ez dugunik, hau da, beharrizan aldakorretara egokitzeko gaitasuna duen sistema ezinbestekoa ez denik. Horretarako, errezeta magikorik ez baldin badago ere, pisu handia izango dute, besteak beste, osasun publikoaren egiturazko sendotasunak, sistemaren finantzaketa egokiak, plantilla egonkorra izateak, zerbitzuen arteko koordinazio onak, baita gizarte-sistemarekiko koordinazio egokiak ere.

Azken finean, beharrezkoa da sistema indartzea eguneroko beharrei modu egokian aurre egiteko gai izateko. Izan ere, horrela, prestatuak izango gara probabilitate txikiagorekin gerta daitekeenerako, edo askoz prestatuagoak behintzat. Funtsezkoa da, halaber, Eusko Jaurlaritzak eskaini ez duen komunikazio estilo gardena eta zuzena, adituei presentzia handiagoa eskainiz.

Bilatu