Iñaki Altuna

Oztopoak eta aukerak oraingoan ere

Bide-orria berritzeko eta indar harremanean eragiteko erronkak izango dira nagusi, eta horretarako ezkerreko independentistek beren estrategiaren dimentsio osoa barneratu beharko dute

Aste honetan Josu Urrutikoetxea atxilotzeko saiakera albiste izan da. Bere neska-laguna harrapatu dute, ordu batzuen ostean aske uzteko, ez baitute bere kontra ezer. Operazioak, bistan da, ustez Oslon Gobernu espainiarraren zain izandako mintzakidea zuen jomuga. Osloko mahaia, hain zuzen ere, saboteatzeko eginahaletan ibili ziren CNI Espainiako zerbitzu sekretuek bultzatutako saioa izan dela oraingoa ere esan dute hedabideek. Nonbait, albiste dirdiratsuak behar dituzte, sikiera egun batez Barcenasen auziak sortutako ekaitza lehen albiste ez izateko. Ez litzateke, halere, zuzena halako ekinbide polizialak soilik zalaparta mediatikotik irteteko Gobernu espainolak duen beharrarekin lotzea. Edonola ere, ez luke lortuko, ez baitago ustelkeriaren estoldetan eztanda egindako krisi ikaragarria baretuko duenik, ez denbora luzez, behintzat.

Polizia bidezko estrategiak erro askoz ere sakonagoak ditu. Estatuen izaera ukatzailea ez ezik, konponbidean aurrera egiteko ireki den aukera oztopatzeko apustua ere azaltzen du estrategia horrek. Horixe da prozesuaren arazo eta zamarik handiena, eta hala izanda hasiera-hasieratik ere.

Ekinbide armatua uzteko ETAren erabakia ekarri zuen Aieteko Adierazpena sukaldatzen ari zen garaian ere berdintsu aritu ziren konponbide ezaren agenda maneiatzen dutenak, eta orduan ere Josu Urrutikoetxea atxilotzen saiatu ziren. Hauxe izan zen GARA egunkariak aste historiko hartan kaleratutako ale berezian argitaratutakoa: «Ibilbide orria marrazten ari dela edo ari daitekeela esateak ez ditu orain arte eta hemendik aurrera egon daitezkeen arazo eta oztopoak ezabatuko. Prozesuak etsai handiak ditu. Ekinbide armatuaren amaiera behin betiko iragarri berri du ETAk, eta horretara iristeko zenbait eragilek –adibidez, nazioartetik– lana egin dutela agerian geratu da aste honetan bertan, baina izan dira beste batzuk aukera hau zapuzten edo baldintzatzen saiatu direnak».

Eta hori esan ostean aste honetako gertaera gogorarazi digun pasartea aipatu zuen GARAk adibide gisa: «ETAk erabaki historikoa ezagutarazi zuen egun berean, ‘El Pais’ egunkariko erreportaje batek azkenaldian zabaldutako zurrumurru bat baieztatu zuen: Josu Urrutikoetxea atxilotzeko saioa egin dute orain dela gutxi. Guardia Zibilak eman zien informazioa indar frantsesei, baina Urrutikoetxeak ihes egitea lortu zuen. Ozta-ozta, antza. Zurrumurruek diotenez, atxiloketa saioa maiatzeko hauteskundeak baino lehentxeago izan zen».

Estatuen borondateari dagokionez, beraz, testuingurua ez da aldatu, eta horrek, bistan da, egin beharreko bidea behar bezala ez garatzea ekarri du. Errealitatearen zati bat da, alabaina. Aukera politiko eta sozialak hor baitaude, zenbaitetan orain dela hiruzpalau urte baino argiago eta indartsuago. Egungo amaraun instituzionalarekiko atxikimendu eza, “España” proiektuaren porrota, Ipar Euskal Herrian sortutako ekimenak, konponbidearen agendak euskal gizartean lortutako oniritzia, errepresioaren kontrako dinamika berrituak... Ezker abertzalean urte askotan izandako mamu bat –borroka armaturik gabe mugimendu abertzalea asimilatua izango zela– ez zen axioma. Ez zuen eta ez du, ezinbestean, gertatu beharrik. Iruñeko alkateak jakin berri du, ikurrin erraldoi bat zerutik erortzen ikusi duenean.

Estatuen posizioa eta baldintza politiko zein sozialak aztertzea, horratik, ez da nahikoa errealitate osoa marrazteko. Blokeoa gainditzeko eta baldintza horiek gero eta indar handiagoz askatzeko, aldaketa eragin nahi dutenen –eta, zehazki, ezker abertzalearen– ekinbidea funtsezkoa da. Bide-orria berritzeko eta indar harremanean egoki eragiteko erronkak izango dira nagusi datozen hilabeteotan, eta horretarako ezkerreko independentistek beren estrategiaren dimentsio osoa barneratu eta kultura politiko berria eraiki beharko dute. Lan moldeak, antolakuntzarako egiturak, praktika politikoa, lehentasunak... apustu politikora egokitu behar dira, ez alderantziz.

Bilatu