Joxean Zapirain
Gehitu Elkarteko Osasun Taldea

Pandemiari buruz bidean ikasi (ez) duguna

Gogor astindu gaitu pandemia batek, berriro. Baina iruditzen zaigu hiesaren pandemiarengandik aspaldi ikasi behar genituenak oraindik behar bezala barneratu gabe harrapatu gaituela covid-19ak.

Gogor astindu gaitu pandemia batek, berriro. Bai, berriro. Izan ere, dagoeneko ahaztua dugula ematen duen arren, covid-19ak eragin duen osasun-krisia ez da gure gizarteak azken hamarkadetan pairatzen duen lehengoa, eta zer esanik ez beste herrialde txirotu batzuetan.

Osasun-krisi honek hankaz gora jarri ditu gure bizitzak, eta «gure» esatean, begi-bistakoa da zentzurik zabalean ari garela: gure, zure eta edonoren bizitzei buruz ari gara, noski.

Azken asteetan, hildakoen eta kutsatuen kopuruak hobera egin du, eta, bere larrian, orain itxaropenez hartzen ditugun azken albisteak. Eta egoera baretzen hasi dela sinetsi nahi dugun honetan, aukera hau baliatu nahi dugu bidean ikasi dugunaz ideia pare bat partekatzeko, datuak berriro okerrera egin eta egoeraren larritasunak gogoeta egiteko indarra kendu baino lehen.

Denok harrapatu gaitu ezustean krisi honek, eta askok inoiz sentitu gabeko beldurra eta ezinegona pairatu dituzte lehen aldiz pandemia baten ondorioz. Baina, hemen bertan, gutako batzuek ondo zekiten lehendik ere zer den gaixotasun berri baten beldurrez bizitzea, senide eta lagun hurkoak galtzea noiz gaixotu ziren jakin gabe, ez infektatzeko zer egin behar den ere oso ondo ez jakitea, maite dituzunengandik badaezpada urrun egon beharra, infektatuz gero lanpostua galtzeko beldur izatea, edo lana aurkitzeko izan ditzakezun aukerak muga ditzakeela pentsatzea.

Oraintsu arte gizartearen zatirik handienari burutik ere ez zaizkio inoiz pasatu horrelako kezkak, baina azken 3-4 hamarkadetan milaka pertsonak izan dituzte kezka horiek, noizbait beste pandemia batean infektatu zirelako soilik. Eta ikerketari, sendabideei eta prebentzio-neurriei esker eta egin den informazio- eta sentsibilizazio-ahaleginaren ondorioz, gaur egun beldur horietako asko gaindituak ditugun arren, oraindik ere, gure lagun, senide, lankide edo bizilagun batzuek beren ingurukoei ezkutatzen diete behinola birus batekin infektatu zirela, edo aitzakiak asmatu behar dituzte lankideak ohar ez daitezen noizean behin osasun-azterketak egitera ateratzen direla lanetik, edo kezka gehigarriak dituzte hipoteka bat kontratatzean bizitza-aseguru bat egitera behartzen dituztelako eta inork gutxik egiten dielako horrelako asegururik. Beste batzuk, infektatu diren edo ez jakiteko, etxetik urrutien duten farmaziara joaten dira inork ikus ez ditzan test laster bat erosten.

Eta gure gizarte ustez aurreratu eta eredugarri honetan oraindik horrela bizi dira, bizi gara, birus batekin infektatu izana lotsatzeko arrazoi balitz bezala, birus batek duintasuna kendu balezake bezala, edo hurkoa baztertzeko nahikoa balitz bezala. Horrela bizi ginen, eta gutxien espero genuenean edonori eragin diezaiokeen birus berri honek ezustean harrapatu gaitu denok berriro. Behintzat, honek guztiak balioko baligu ohartzeko eta ohartarazteko zenbaterainoko bidegabekeria pairatzen duten oraindik ere GIBarekin bizi direnek, gaitzerdi. Inork esan gabe ere, badakigu bi pandemia hauek ezin direla parekatu, bi gaixotasunek beren berezitasunak dituztela, gauzak ezin direla hain arinki nahasi. Batez ere, bata gaixotasun transmitigarria delako (hiesa gorputzeko zenbait jariakinen bidez transmititzen da soilik) eta bestea, berriz, covid-19a, gaixotasun kutsakorra da. Ñabardura garrantzitsu horiek kontuan hartu behar direla badakigu, bai.

Baina hori guztia horrela izanik ere, ez dirudi gauzak hain ondo egin ditugunik. Eta horretan ere, «gu» esaten dugunean, zentzurik zabalenean ari gara. Erraza da gizarte gisa egin ditugun hutsegiteak azpimarratzea, besteak beste, hutsegiteak begi-bistakoak direlako. Baina etxetik hasi beharko genuke ezer baino lehen, gabezia ugari ditugulako, ez bakarrik gure elkartean bertan, baita hainbeste hildako eta gaixo izan dituen LGTB mugimenduaren parte handi batean ere. Harrotasunaren inguruko mezu politikoetan ere, zenbaterainoko lekua izaten dute bada GIBarekin bizi direnenen aldarrikapenek? Eta, zer esanik ez, urteko beste edozein egunetan. Hutsegite sistemiko bat gertatu izanak bakarrik esplika lezake hainbeste eta hainbeste pertsonak oraindik ere ia klandestinitatean bizitzea osasun-arazo bat baino ez dena. Edo, nahiago bada, bestela esateko: GIBarekin bizi diren zenbat pertsonaia publiko ezagutzen ditugu? Gure lagun, senitarteko edo lankideen artean seguruenik badago egunero antirretrobiralak hartzen dituen norbait, edo odol eta hazi bidez baino transmititu ezin den birus bat izateagatik diskriminatua izateko beldurrez bizi denik.

Gogor astindu gaitu pandemia batek, berriro. Baina iruditzen zaigu hiesaren pandemiarengandik aspaldi ikasi behar genituenak oraindik behar bezala barneratu gabe harrapatu gaituela covid-19ak. Birus baten aurrean zaurgarria izateak ez gaituela ez hobeak eta txarragoak egiten behingoz ikasteko balioko baligu behintzat, ez genuke aurrerapauso makala egingo oraingo honetan.

Bilatu