Asier Vega
Alternatiba

Pankarta, epailea eta ministroak

«Euskal eskumari ezin zaio eskatu soilik momentu zehatz batean hautua egitea: alegia, bere herriko gehiengo sozialarekin batera manifestazio batera joan edo Ertzaintza honen aurka bidali –lehen aukeraren alde egin izana ospatu behar badugu ere–; askoz gehiago eskatu behar zaio.»

Beharbada ozenago esan daiteke, argiago ezinezkoa baita eta, ahots gehiago… etorriko dira. Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen bakearen eta giza eskubi- deen aldeko aldarrikapena gogoratzen dugun jendetsuena izan zen, deialdiaren arrakastaren meritua partekatua izan arren. Izan ere, salbuespen egoera baterantz doan erregimen politiko baten laguntza izan zuen, gizarte mugimenduek askotan amestu baina hamarkadotan lortu ez duten erantzuna eragin duena: eskubideak eta duintasuna aldarrikatzeko gero eta jende gehiago kalera ateratzea; Euskal Herritik Herrialde Katalanetara, murrizketak eta gehiegikeriak salatzeko bete diren plazak ahaztu gabe.


Urtero, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak milaka lagun biltzen ditu kalean. Hala zen ETAk bere ekintza armatua bertan behera utzi baino lehen –bitxia da ez zirela manifestazio haiek legez kanpo uzten– eta gerora ere. Frankismoa- ren ondorengoen gezurretatik haratago, manifestazio hauek sinetsarazi nahi izan dutena baino helburu sinpleagoa dute: presoen senide eta lagunak zigortu eta hiltzen dituen dispertsioaren amaiera, gaixo larriak edo sendaezinak kartzelatik ateratzea eta kondenak luzatzeko erabiltzen diren oinarri legalik gabeko neurrien amaiera.


Laburbilduz, Espainiako Gobernu desberdinek euskal presoei ezarritako espetxe politika,  zigorrean eta salbuespenean oinarritutakoa, behingoz amaitzea eskatzen da. Batzuek, sentitzen duten gorrotoa dela-eta –biktimak edo minaren trafikanteak diren heinean ezberdina izango dena–, justizia mendekuarekin nahasten jarraituko dute; baina ukaezina da euskal gizarteak eskubideen berrezarpena, gatazkaren behin betiko konponbidea eta bakea eskatzen duela. Euskal Herriak argi hitz egin du, solaskiderik ez badu ere.


Velasco epaileak larunbateko manifestazioa debekatzea erabaki zuenean, zalantzazko meritu bakarra –erregimen espainolarentzat gutxienez– izan zuen: pankarta beraren atzean EH Bildu osatzen dugun alderdi politikoak, EAJ, ELA eta LAB sindikatuekin batera biltzea. Bitxia da, baita barregarria ere, nola Espainiako Erresumako Gobernu guztiek bere balizko etsaiak indartzen dituzten.


Batzuek itun nazionalista bat segituan ikusi dute, eta bada beldurra dionik; baina beste ezeren gainetik, ardura ariketa bat besterik ez da izan, euskal herritarron oinarrizko eskubideen aurkako enegarren erasoa –besteak beste, manifestazio eskubidearen aurkakoa– gelditzeko asmoz egina.
Sigla batuketa hau erregimen espainiarrak herri honen bakearen eta normalizazio politikoaren aurka etengabe egiten duen boikotaren emaitza besterik ez da izan. Gatazkaren aldeetako baten indarkeria bertan behera gelditu ondorengo prozesuan, batetik, ez dute batere lagundu, eta bestetik, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzeko pauso bat bera ere ez dute eman –Estrasburgok derrigortu duenean izan ezik–; eta gainera, presoen eskubideak defendatzea edo haiekin elkarrizketak izatea delitu bakarra duten gizon-emakumeak jazartzen, legez kanpo uzten eta espetxeratzen jarraitu du. Hor ditugu berriki gertatutako Herriraren  edota EPPKren abokatuen aurkako operazioak, justizia bere nahierara erabiltzen duen kasta buruzagi baten politika suizidan egindako urrats berriak, hain zuzen.   


Aparteko aipamena merezi du Francoren garaietatik barne ministrorik traketsena izan denak. Ez bakarrik manifestazioa Israeldik baloratzeko burutazioa izateagatik, mende erdian Europan izandako erakunde armatu guztiek batera baino hildako gehiago eragin dituen genozida bat omentzen zen bitartean; ezta «abortuak ETArekin zerikusia duela» esan zuen ministroa izateagatik ere. Traketsa da espetxe politika ez dela aldatzen «manifestazio bat edo birengatik» esateagatik; esaldi horrek, lehenik eta behin, euskal presoentzat ad hoc sortutako salbuespen politika dela berresten duelako. Horrez gain, ez lukeelako ukatu behar haserretutako herri batek gauzak aldatzeko duen gaitasuna. Gamonalen adibidea dugu; inork ez duelako gogoratzen zenbat plaza protestaz bete ziren iraultza baten bezperan.


Euskal Herritik, besteak beste, gure etorkizuna zein izango den erabakitzera eramango gaituen bidea eraikitzeko ahalmena izateko, pankarta bat eta epaile xelebre bat baino gehiago behar da. Euskal eskumari ezin zaio eskatu soilik momentu zehatz batean hautua egitea: alegia, bere herriko gehiengo sozialarekin batera manifestazio batera joan edo Ertzaintza honen aurka bidali –lehen aukeraren alde egin izana ospatu behar badugu ere–; askoz gehiago eskatu behar zaio. Adibidez, murrizketa eta erreformak onartzen ez jarraitzea –are gutxiago, hauen alde jokatzea edo hauen soberakinekin negoziatzea–; ez onartzea bankuek inposatu eta Europako instituzioek ezartzen duten logika kapitalista barneratzen dutenek inposatzen diguten miseria kudeatzea; herria eraikitzea euskal banku publikoa defendatuz eta ez Kutxabank pribatizaziora eramanez; etekin sozialik ez duten azpiegitura erraldoien politika bertan behera uztea eta intsumiso azaltzea abortuarena bezalako erreformen aurrean, Eusko Jaurlaritzak egun dituen eskumenak erabiliz.
Edonola ere, urtarrilaren 11k alderdikerien gainetik protagonista nagusi bat izan zuen: herria. Eta kontuz ibil daitezela ulertu nahi ez dutenek ez gobernuek, ez poliziek, ezta armadek ere, ez dutela herriaren erabakiak gelditzerik.

Bilatu