Beñat Sarralde Goitia

Pantailen garaian, nora doa euskara?

Zenbatetan pentsatu dugu ea zergatik gazteen artean askok egiten duten haien artean gazteleraz eta ez euskaraz? Euskara mantendu eta hura hedatzea gustatuko litzaigukeen ia gehienon burutik inoiz pasatu den galdera da. Baina erantzuna? Nork ote dio galdera hain konplexu horri erantzuna? Analisi konplexu eta luzea beharko litzateke erantzun posible bati hurbiltzeko. Halere, gaurkoan nire ustetan euskara gazteen artean hainbeste ez hedatzea eragiten ari den arrazoi bati buruz arituko naiz: sare sozialak eta eduki digital sorkuntza.

Sare sozialen erabilera gazteen artean gero eta hedatuago dago, haien artean hiper-konektibitatea errealitate bihurtuz. EAEn, 2024ko Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoak erakusten du hamar gaztetik zazpik hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituztela egunero. Hori gutxi ez eta, Nafar Foru Erkidegoan, 2024ko Nafarroako Gazteen Diagnostikoak dio gazteek lau ordu inguru igarotzen dituztela egunero pantailen aurrean. Bi datu hauei erreparatuz, oso argi geratzen da Euskal Herriko gazteenak ordu kopuru dexentea pasatzen dutela bai pantailen aurrean zein sare sozialetan murgilduta. Honek, argi uzten du euskarak interneten lekua izan behar duela, eta ez bakarrik hori, baizik eta eduki digital oro euskaraz kontsumitzeko aukera egon behar dela. Euskarak gero eta toki gehiago dauka sareetan, baina oraindik lana egiteke dago, hainbat eduki digital bakarrik edo ia bakarrik gazteleraz kontsumi daitezkeelako. Zinemaren kasuan, adibidez, Eusko Jaurlaritzak dioen bezala, 2023an, euskarak %2,48ko presentzia izan zuen Hego Euskal Herriko zinema-areto komertzialetan. Hots, 2023an, 563 film estreinatu ziren, eta horietatik 14 bakarrik eman ziren jatorrizko bertsioan euskaraz (4) eta euskarara bikoiztuta edo azpitituluekin (10). Azken hau alde batera utziz eta sare sozialetara itzuliz, UEMAk 2022an egindako ikerketan herri euskaldunetako gazteek sareetan ikusitako euskarazko edukiek ez zuten ezta %10a gainditzen. Gainera, umeen artean hain hedatuak dauden bideojokoek ez daukate ia ezta aukerarik euskaraz jartzeko jokuak. Honek bihurtzen du bideojokoen mundua ere ia esklusiboki gaztelera-hiztuna. Egoera guzti honek, diglosia digital bat sor dezake, arrisku zuzena izanik euskararentzako. Pantailak gazteen bizitzaren erdigunean daude eta euskarak han lekua irabaz dezan uste baino garrantzitsua eta beharrezkoagoa da.

Euskal eduki sortzaileak behar ditugu, euskaraz lan egiten dutenak. Halere, kontsumitzaileen presentzia ere bada gakoa. UEMAk 2022an aurkeztutako analisian azpimarratu zuen Go! azen telesaila, euskarazko produkzio hutsa izanik, arrakasta handia izan zuela gazteen artean. Horrek erakusten du kalitatezko eskaintza dagoenean kontsumitzaileak badaudela. Hizkuntzaren normalizazioaren parte nagusietako bat da eduki digitalak euskaraz sortzea eta kontsumitzea. Izan ere, gazteek gero eta denbora gehiago ematen dute pantailen aurrean, eta sarritan, kultur ekintz gutxi kontsumitzen dituzte egunerokotasunean, kontsumitzen duten kultura bakarra internet bidez izanik. Gainera, kontsumitutako kultura hori gehienetan kultur hegemoniko baten parte izan ohi da (ez euskalduna) eta beste hizkuntz batean. Hau, aukera bikaina litzateke euskal gazteak euskal kulturaz hornitzeko, baina, kalitatezko edukirik eta sortzailerik ia izan gabe, ezinezkoa dirudi.

Zehatzago esanda, ezin da euskararen egoera digitala gazteen erantzukizunera mugatu. Sare sozialen erabilera masiboa eta eduki digitalaren kontsumo ohiturak kontuan hartuta, instituzio publikoek eta komunikabide nagusiek funtsezko eginkizuna dute euskarazko edukiak sustatzen eta normalizatzen. Euskararen biziraupenerako, ez da nahikoa herritarren borondatea, beharrezkoa da egitura sendo bat, hizkuntza-politika aktibo eta estrategiko batekin. Orain arteko hizkuntza-politikak gehien bat irakaskuntzan eta administrazioan oinarritu dira, euskara jakin eta erabiltzeko aukera xede izanik. Hala ere, gaur egungo gazteek euskara ikasteaz gain, euskaraz bizitzeko eta sareetan jarduteko aukerak behar dituzte. Horregatik, hizkuntza-politika berritu eta egokitu egin behar da XXI. mendeko errealitate digitalera. Ez hori bakarrik, euskara ikasteko aukera bera ere ez da bermatzen lurralde guztietan. Ipar Euskal Herrian, adibidez, hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko aukerak mugatuak dira oraindik, eta ikastolen sare pribatuak dira euskalduntze prozesuaren ardatz nagusia. Nafarroako zonalde erdian eta hegoaldean, berriz, euskara ez dago hezkuntza-sistema guztietan integratuta, eta askotan «zonalde ez euskaldun» gisa sailkatutako eremuetan umeek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik praktikan. Horrek esan nahi du herritar askok, bereziki gazteek, ez dutela inoiz edo ia inoiz euskaraz harremantzen, eta, ondorioz, sare sozialetan edo bizitza digitalean ere ez dutela euskararik erabiltzen.

Horregatik da hain garrantzitsua hizkuntza-politika sendo eta bateratua izatea Euskal Herriko eremu osoan, non euskararen normalizazio bilatuko den bai instituzionalki, gizartean zein hezkuntzan, eta, are gehiago, eremu digitalean eta sare sozialetan.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu