‘Paradoxak’
Hasi aurretik argitu behar dut zutabe honetan adierazten ditudan ikuspegiak eta iritziak neureak direla, eta ez lanean nabilen etxearenak. Jende askok galdetzen dit telebistaren etorkizunari buruz, ea zer uste dudan, zein norabidetan doan. Egun, nire bizitzako ordu asko pasatzen ditut-eta aurrera begira, adibidez 2030 eta 2035 urteetan telebista nolakoa izango ote den asmatu nahian (paradoxa, neure bizitzako erabakiak hartzeko beti epe motzera begira ibiltzen naizenean).
Azken hamar urteetako datuekin txosten bat irakurri nuen duela gutxi, 35 eta 45 urte artekoen artean, batez beste egunero lau ordu ikusten duela jendeak telebista Ingalaterran; duela hamar urte baino ordu erdi gehiago. Lau ordu! Ni behintzat batezbesteko horren oso azpitik nago; hala ere, beti esan dut ni ez naizela telebista ikusle edo eduki kontsumitzaile ohikoa (berriro ere paradoxa; nirekin telebistan lan egiten duten askok berdina esaten dute, ez dugula ia telebistarik ikusten, alegia).
Hurrengo ezustekoaren eta dirua egiteko asmakizunaren bila dabil hamaika enpresa, ikusleak erakartzeko trikimailu bereizgarriaren atzetik. Gaur bertan, telebistak eskaintzen dizkidan aukeretako batzuk hauek dira: nahi baldin badut, etxetik kanpo kafe bat hartzen ari naizen bitartean nire telefonotik telebistara mezu bat bidali dezaket telebista programa bat grabatzeko; azken zazpi egunetan ikusi ez dudan edozein eduki ikusi dezaket telebista bertako gidan atzera eginez, telebista pantailan bertan, “klik” bakar batekin; idazle bat gustuko badut, bere izena azaltzen den programa guztiak grabatzeko agindua eman diezaioket telebistari; nire erara egindako zerrenda osatu dezaket, nik nahi ditudan kateekin eta programekin, baita nire lagunek gomendatzen dizkidatenekin ere (nik ezer egin gabe, automatikoki); etxerako bidean trenean ikusten etorri naizen telesaila, etxera iristearekin batera egongelako telebistan azalduko da, segundo bakar bat ere galdu ez dezadan; eta, noski, azken bost minutuak logelako telebistan ikusi nahi baditut, egongelatik dena antolatuko dut, ohean etzatean hantxe azaldu dadin, magiaz bezala. Eta, hurrena gertatzear dagoena? Telebista ikusten ari naizela, komunera joateko beharra suertatzen bazait edo norbaitek deitzen badit, une horretan ematen ari diren programa eten ahal izango dut eta geroago ikusten jarraitu, nik nahi dudanean, telefono deia amaitzetik ordubetera edo komunetik bueltatu eta bost minutura. Hori ere iristear dago, hilabete gutxi batzuk falta dira eskura edukitzeko.
Baina hainbeste pertsonalizazio, aurrerapen eta sofistikazioren artean, zein da errealitatea? Oraindik ere jendearen gehiengoak (%90 inguru) telebista modu sinplean ikusten duela (beste paradoxa bat): telebistaren aurrean esertzen da eta ikusle pasibo bihurtzen da, ematen diotena ikusten du. Nahiz eta eduki konpainien arteko zatiketa handiagotzen ari den eta kate berriak azaltzen doazen, betiko kalitateko kateek jarraitzen dute ikusienen artean (paradoxa hau ere, inoiz baino aukera gehiago dauzkagunean). Eta, agidanez hemendik hamar urtera Ingalaterran ikusleen %70ek telebista modu “tradizionalean” ikusten jarraituko duela uste da.
Kontua da joerak aldatuz doazela, baina pixkanaka-pixkanaka. Hor atzetik psikologia eta hezkuntza prozesu luzea dago eta belaunaldi berriek ohitura berriak hartu beharko dituzte. Bide batez, horren inguruan ere sortu da lan ugari; nork esango zukeen jarrera horientzat analistak behar genituela? Lehen Munduko arazoa noski, eta beraz, batzuen poltsikoak betez, arazorik gabeko jende zaurgarriagoari arazo berriak sortzeko apeta.
Aukerak ematea da helburua. Eta, ondoren, bakoitzak erabaki dezala zer, non eta nola: nahi duzun lekuan eta orduan eta nahi duzunarekin, zuk aukeratzen duzun edukia, zuk nahi duzun gailuan. Telebistaren demokratizazioaren kontzeptua behin baino gehiagotan entzun dut bileretan. Demokrazia aldarrikatzen telebistako edukien eta ohituren testuinguruan. Paradoxa, eskubide hori beste oinarrizko arlo batzuetan oraindik lortu ez dugunean.