Asier Fernández de Truchuelo Ortiz de Larrea

«Paris traditoribus non praemiat»

Gaur egun Prantzian gutxi gorabehera zortzirehun mila Harkis egongo dira. Aitortu beharra dago botu kopuru makala ez direla. Nicolas Sarközy (LR), Marine Le Pen (FN), François Hollande (PS), Emmanuel Macron (En Marche!), politikari guztiek euren botoak nahi dituztenez noizbehinka begi keinuren bat egiten diete.

«Les pieds-noirs et les harkis, txanpon baten aurpegi biak./ Zango beltzak eta Harkisak, biek guda galdu zuten, lehenak aberriratuak bigarrenak erbesteratuak/ Aberri berri, aberri zaharra, aberririk ez./ Lehenak onartuak, bigarrenak arroztuak, landaratuak urtez urte ahaztuak».

Independentzia aurreneko Aljeriak Prantziar administrazioa eta gobernu egitura berak zituen. 1848an hiru departamenduetan banatua izan zen «trois départements du nord», Alger (91), Oran (92) eta Constantine (93). 1902.ean laugarrena sortu zen «territoires du sud» (Aïn-Sefra, Ghardaïa, Oasis eta Touggourt), 1955ean Bôneko (Annaba) departamendu berria eratua izan zen. 1957, 1958 eta 1959. urteetan gatazka bortitzaren erdian lurralde osoaren banaketa berregituratu zen.

Argi eta garbi geratzen da Aljeria Prantziaren eskualde bat zela, kontinenteko beste departamentuak bezala. Hala ere 1962ko uztailaren 5ean, «erreferendum» baten ostean, askatasun osoa lortu zuen, ehun eta hogeita hamabi urteko prantziar okupazio kolonialari bukaera emanez.

Bozketa bide luze eta malkartsu baten helmuga izan zen, zortzi urteko gerrate latz baten ondorioa. Askatasuna ez da oparitzen, ezta erreguka edota mesedeka lortzen den gauza bat.

Prantzia menpeko Aljeriara (1830-1962) «lanera» joandako Europar Kolonoei, jatorriz prantsesak, espainolak, italiarrak, alemaniarrak, suitzarrak eta prantzesen garaipena baino lehen Aljerian bizi ziren judutarrei, sefarditak eta arabeak heldu aurretik judutarren ondorengoei, zango beltzak deitu zizkieten.

Kolonizazioaren une gorenean miloi t'erdi lagun izatera heldu ziren, populazioaren %15a, independentzia sinatu zenean gizartearen %11 ziren, hiribilduetan aldea handiagoa zen, Oranen %50a, Arjelen %36a eta Annaban %41a.

Eviango hitzarmenekin, 1962ko epailaren 18an, agintariek gatazka bukatzea erabaki zuten. Hurrengo egunerako su etena adostu arren bakea ez zen iritsi eta zango beltzek, milioi bat gutxi gorabehera, Aljeria askea utzi behar izan zuten.

Kolono hauetako askok metropoliarekin inongo harremanik ez zuten, ez ezagunak, ez lagunik, ez familiarik, arbasoak kolonian aspaldi kokatuak ziren. Bertan lan egin eta kolonian jaio arren, independentziarekin arrotzak bezala alde behar izan zuten. Azken finean prantsez kulturaren sustatzaile eta egitura kolonialaren defendatzaile sutsuak ziren.

Askatasun gudan koloniaren alde borrokatu zuten musulmanez osatutako indar irregularren gudariei eta ondorengoei «harkisak» deitu zizkieten. Heren bati Prantziaren alde armak hartzera behartu zieten.

Eviango hitzarmenekin liskarrak ez ziren eten. Jasandako indarkeriagatik eta jazarpenagatik beren etxeak uztera behartuak izan ziren.

Aljerian hil –100.000 baino gehiago– edota gartzeleratu ez zituztenak –Gurutze Gorriaren esanetan 1965an 13.500 harkis preso zeuden–, metropolira hanka egiten saiatu ziren. Lortu zutenak 90.000 inguru izan ziren, helduak, nerabeak eta haurrak artean zirelarik.

Hala ere, harrera ona ez zieten egin, Errepublikak ez zituen babestu eta gainera ahaleginak egin zituen Aljerian gera zitezen. «Paris traditoribus non praemiat» hau da, «Parisek traidoreei ez die ordaintzen».

Iritsi zirenei, Espainiako gerrate zibila bukatu zenean prantsesak errepublikar soldaduak atxilotzeko sorturiko «kontzentrazio kanpoetan», giltzapetu zituzten. Haietako bat Camp Joffre de Rivesaltes izan zen (Camp des Harkis 1962-1977), prantsesak leungarri giza «internamendu kanpoak» zerizkieten. Azkenik eta kasu hoberenetan ahaztuak hirietako auzo txiroetan (banlieues quartiers) bukatu zuten.

Denborak zauriak sendatzen dituela esaten ohi da, Harkisei dagokienez gezurra dela aitortu beharra dago, denbora igaro arren Aljeriako herriarekin adiskidetzeko garaia ez zaie heldu.

Bi mila garren urtean Parisen Jacques Chirac presidentea eta Lionel Jospin lehen ministroaren aurrean, Abdelaziz Bouteflika, Aljeriako presidente zera esan zuen: «Harkisak azpisugeak eta kolaborazionistak besterik ez dira». Parisko politikariek ez zuten tutik esan, ez zuten ezeberez egin.

Aljeriako Batzarre Nazionala aberri bake prozesuaren barruan aurreneko urtean Muyhaidinei eskainitako amnistia, hamarkada bateko gerrate zibilari amaiera emateko, Harkisei ez zitzaien heldu.

Fatima Benasci-Lancou Harkis haietako baten esanetan, larritu ziren, zauria berriro ireki zitzaien. Harkisen memoria historikoa aldarrikatzen hasi ziren.

Gaur egun Prantzian gutxi gorabehera zortzirehun mila Harkis egongo dira. Aitortu beharra dago botu kopuru makala ez direla. Nicolas Sarközy (LR), Marine Le Pen (FN), François Hollande (PS), Emmanuel Macron (En Marche!), politikari guztiek euren botoak nahi dituztenez noizbehinka begi keinuren bat egiten diete.

2016ko buruilak 25ean, François Hollandek, garaiko Prantziako presidentea, lehendabizi eta modu pertsonalean Prantzes Estatuak Harkisak gerizperik gabe utzi izanaren ardura onartu zuen. Oroitu dezagun zetozen bozketen primariak zirela. Musulman onen eta txarren arteko bereizketa egiteko erabiltzen dituzte, onak Inperioaren alde odola eman zutenak (Morts pour la patrie), beste guztiak txarrak.

Halakoak ikusirik Harkisak ez zirela inungoak atzeman zuten.

Bilatu