Larraitz Ugarte
Abokatua

Perspektiba ilunak, ekaitza ez direnak

Udazken eta negu gogorrak datozkigu. Herritarrok kontzientzia hartu eta urgentziaz ahaldundu beharrean gaude, horrelako egoerei aurre egiteko tresnak eskuratzeko.

Aitortu behar dut harridura. Hondartzetako axolagabetasun xaloan oraindik gustura geundela Europako lehen lerroko politikariak udazken negu gogorra datorkigula esatera ausartu dira. Macron, Margarita Robles eta baita Iñigo Urkullu bera ere kurtso politikoaren irekieran. Jakinik agintariek herriari egia esatea (batik bat hau gordina denean) gustuko ez dutela, oso kezkagarria denik ez didazue ukatuko. Eta horrek zer pentsatua ematen du. Beti dena ondo doala esatea komeni zaien horiek perspektiba beltz jarri badigute, errealitatea are eta beltzagoa izango dela zalantzarik ez.
 
Interes tasen gorakada azken urteetako altuena izaten ari da eta 2023ko udaberrira arte igotzen jarraituko omen du gure hipotekak  urteko 1.500-2.000 €ko tartean igoz. Guztion diruarekin erreskatatu ziren banketxeentzat berriz ere opari ederra.

Oinarrizko jateko produktuen igoera, gasolinarena... Prezioen gorakada kezkagarri honek gure erosahalmena jaistea ekarri du (hasi dira kreditu txartelen erabileraren jaitsieraren inguruko lehen datuak agertzen) eta udazkenean modu gordinagoan nabarituko dugu. Batzuok gure aisiarekin lotutako gastuak murriztuko ditugu baina asko izango dira herri honetan jateko eta neguan berogailua edo dutxatzeko ur beroa erabiltzeko benetako ezintasunak izango dituztenak.

Berriz ere, 2008an bezala, aberastasunaren desplazamendu operazio baten aurrean gaude, gutxien dutenek pobretuago eta gehien dutenek aberatsago amaituko duten enegarren operazio honetan. Gerra luzatzearen eta kapitalismo basati hau kontrolatu ez ezik hauspotzearen ondorioak datozkigu gainera. Eta denok ez ditugu berdin ordainduko. Hain larria da datorkiguna, ezen hasi baitira hainbat aditu etxeetan janari, ur eta eskudiruaren akopioa egin behar genukeela aholkatzen.

Bitartean, eskuak lotuta dituzten gobernuak ikusten ditut. Batzuek nahiago izan dute ohi bezala fenomeno naturaltzat kalifikatu datorkiguna. Ekaitzaz hitz egin digute, etorri eta joango dela esanaz, eta iristen denean (hemen ez balego lez) seguru zerbait okurritzen zaiela iradokiz. Fedea izan dezagun eta bitartean marianito bat hartu. Oso Ayusoren estiloan. Finean, orokorkeriak diruditen kontingentzia planak baino ez eta neurri zehatz bakarra: deflaktazioa, errenta aitorpenean jaitsiera bat suposatuko diguna; herritar guztioi hein berean zerga jaitsiera bat suposatuko diguna eta praktikan administrazioarentzat diru galera bat izango dena. EAJren (eta PSEren, ez dezagun ahaztu) neurri honek zerbitzu eta baliabide publikoetan okerrerako eragina izango du, diru gutxiago izango baitugu gastatzeko noiz eta justu diru beharrak handitu beharko liratekeen garaian (administrazio indartsu bat aberastasuna birbanatzeko eta zerbitzu publikoak bermatzeko).

Espainiako politikagintzan, ezkerrak agintzen badu ere, ez gaude askoz hobeto. En el mundo de las ideas bai, erosketa saskiaz, banketxe eta energia enpresei jarri beharreko zergez, profesioarteko gutxieneko soldataren igoeraz... beste tonu batekoak dira proposamenak eta eztabaidak. Baina neurri konkretuetan urri eta koldar ari da Espainiako Gobernua. Horrela, konpentsazio neurrietan tematu da.
 
Populista da gasolinaren prezioa jaistea Gobernuak diruz lagundu duelako. Baina barrilaren prezioa baxu egonik gasolinaren prezioa hain altu egotea nola den posible edo urtero milioitako etekinak ateratzen dituen futbol jokalari batek eta ogia partitzen ari den furgoneta baten gidariak deskontu bera izatea ea zuzena den galdetu behar diogu gure buruari. Edo zergatik ibili behar duen ministerio batek zentro komertzial handiei oinarrizko janarien saskia merkatzeko eskatzen, zuzenean arautzeko aukerarik izan gabe.

 Estatuak ez badu merkatu librea mugatzeko, erregulatzeko balio, merkatu libre hau irabaziak dituztenek irabazteari uzten diotenean erreskatatzeko obligazio morala duenean... zertarako estatua, ezta? Zertarako gobernuak? Zertarako balio du sistema demokratiko batek joko arauetatik kanpo daudenak izkina batean deskojonatzen badaude?

Etxebizitza politika ausartak, merkatu energetikoaren interbentzioa, oinarrizko produktuen salneurrien merkatuaren interbentzioa, banku sistemaren interbentzioa... horretarako guztirako estatuak baditu tresnak. Badu legeak egiteko ahalmena, badu exekuzio ahalmena, badu boterea, herriak emandako boterea. Behar du proiektu politiko independente bat, orekak bilatzen baino gehiago herritarrak babesten arituko den gobernu indartsu bat, programa hori bururaino eramango duena. Eta behar ditu herritarrak alboan, indarra egiten, gobernuari energetikek adinako presioa egiten, patronalak adinako presioa egiten baina kontrako noranzkoan. Zoritxarrez, herritarrak eta antolakunde sozial eta sindikalak ez ditut tenore horretan ikusten en sus cosas, esaten den bezala, guztiari film bat balitz bezala begiratzen, norbera protagonista triste bat dela oharkabean paseaz eta amaiera idatzi gabe dagoela kontziente izateke.

Euskal Herrian ez dugu momentuz Espainiako Gobernuak dituen ahalmen eta botere horiek. Behar-beharrezko ditugu. Beharrezkoa dugu independenteak izatea Frantziatik eta Espainiatik, lobby energetiko eta bankarioetatik. Beharrezko dugu, neurri paliatiboak eta aldi baterakoak bai, baina aberastasunaren birbanaketa eta sektore publikoaren indartzea bermatuko duen izaera juridikoa eskuratzea. Baina baita programa eta norabide argi bat duen eta ausardia izango duen gobernu sendo bat ere, herri honek behinola izan zituen bizi baldintza eta ongizate mailak eskuratu eta kohesio sozial handiko gizarte bat atxikitzeko. Horretarako, baina, herritarrok kontzientzia hartu eta urgentziaz ahaldundu beharrean gaude. Hau ez da ekaitz bat, erabaki politiko/ sistemiko txarren konkatenazioaren ondorioa baizik, borrokatuz garaitu daitekeena.

Bilatu