Aster Navas

Peugeoteko kidea

Badirudi fededunek ez dutela Macarena Amaren begirada ezagutzen; ezta aditzen ere. Dirudienez, Birjinak jada ez die sinestunei lehen bezala begiratzen; zaharberritze lanen aurretik Esperanzak zuen errukiz eta minez betetako begirada hura galdu du. Batek beti uste izan du eliztarrak zirela imajinari begiratzen ziotenak, eta bat-batean konturatzen da kontrakoa dela; edo, gutxienez, begikotasunezko lotura horretan −Andra Mariaren eta erlijiozaleen arteko komunikazioan− nolabaiteko elkarreragina badagoela, edo bazegoela behintzat. Ez dakit; ez dut behar adina erreferentziarik gertatutakoaren benetako garrantzia neurtzeko: inoiz ez dut irudi batekin halako elkartasunik sentitu. Kontua da aurpegiaren desitxuratze larri horrek dimisioak eragin dituela kofradiaren barruan.

Badirudi Abalosek ere −«no me reconozco»− ez duela plazaratutako grabazioetan bere burua ezagutzen. Dirudienez, audioan entzuten den ahotsa ez zaio Garraio ministro ohiari ezaguna egiten; saiatu arren, ez du sentitzen entzuten den ahotsa berea denik. Geuri galdetuko baligute, baietz esango genuke: Abalosen ahotsa dela hori. Baina egia da ahotsa zerbait oso pertsonala dela, eta inork ez du jabeak baino hobeto ezagutzen. Kontua da, joan den astetik hona, Abalosi, ahotsa ez ezik, begirada ere aldatu zaiola: berak nola begiratzen digun eta guk hari nola begiratzen diogun, ez dira duela egun gutxiko begirada berberak.

Badirudi Santos Cerdani UCOren solasaldietan agertzen den tipoa ez zaiola iruditzen Santos Cerdan denik. Eta berak inork baino hobeto ezagutzen du Santos Cerdan. Ez, Servinabarren jabea izateko kontzientziarik ere ez du; eskerrak agenteek jakinarazi diotela. Bai, dokumentuak ikusiak ditu, baina urte hauetan zehar, milaka dokumentu pasatu zaizkio sinatzeko. Haietako asko gainetik baino ez ditu begiratu. Antolakuntzako idazkari ohiari, sinadura ez ezik, begirada ere aldatu zaio: berak nola begiratzen dien PSOEkideei eta PSOEkideek hari nola begiratzen dioten, ez dira duela egun gutxiko begirada berberak.

Badirudi Koldorekin oker geundela. Ez genuen espero Koldo Garcia grabazioen egilea izatea. «Iturgin» soil baten gisara begiratzen genion. Orain, Koldori, profila ez ezik, behakoa ere aldatu zaio: berak nola begiratzen dien Peugeoteko kideei eta Peugeoteko kideek hari nola begiratzen dioten, ez dira lehen bezalako begiradak.

Badirudi Sanchezek ere ez dituela azken etapa honetan bere alderdiaren buru izan direnak ezagutzen. Bai, penintsula autoz zeharkatu zuten berberak dira, baina begirada zeharo aldatu zaie. Ez diote begiratzen garai hartan bezala, eta berak ere ez die begiratzen lehen begiratzen zien moduan.

Badirudi hiritarrok ere ez dugula guztiz ulertzen Sanchezen biktimaren papera. Egun hauetako haren soa interpretatzea kosta egin zaigu; zaila da imajinatzea ustezko putazale eta lapurrak ontziaren gidari izatea. Sanchezek ez digu jada lehen bezala hitz egiten eta guk ere ez diogu Sanchezi lehen bezala entzuten: ez dugu haren begietako mezua ulertzen. Nahasi egin gaitu −«Son las cinco y todavía no he comido»−. Badirudi fededunek ez dutela Macarena Amaren begirada aditzen; ez eta ezagutzen ere. Mendeetan zehar, Ama Birjinaren begietan mezu argi eta garbi bat distiratzen zen, sinestunen belaunaldien norabidea markatu izan duena. Baina orain, Ama Birjinak ez die begiratzen lehen begiratzen zien moduan...

En fin.

Bilatu