Abokatua
Poliedroa

Mugimendu politiko bati poliedro forma izan dezan eskatzen diot, ertz ezberdinak izatea, ertz horietan bizi paralelo anitz garatzeko aski malgua izatea.

2020/08/09

Bitxia da jendeak edozein gai ertzetatik begiratzeko duen joera ia ekidinezina. Film bat, liburu bat, diskurtso politiko bat edota lagunarteko bazkari batean norbaitek esandako zerbait hil ala biziko eztabaida baterako lehergaia izan daiteke. Azken asteotan, adibidez, musukoen harira piztu dira eztabaidak eta posizionatu beharrak. «Zu musukoen aurkako friki konspiranoiko horietako bat zara?» versus «Ez zara konturatzen musukoen onurak zalantzagarriak direla eta gizartearen kontrolerako mekanismo gisa inposatu dituztela?». Noski, biak ala biak, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, argudio zerrenda luzeekin. Gehiengoak, halere, diziplinaz baina konbikzio maila oso ezberdinarekin daramatza, isunen eta gaitzespen sozialaren eraginkortasunaren erakusle gehiago eztabaida sakonen emaitzena baino.

Ederra da eztabaidatzea, ideiak trukatzea, besteari entzun eta dialektika horretatik ikasgaiak ateratzea. Elkar ulertzeak, eztabaidak berdinketan amaitzeak edo bakoitzak bereari eusteak berdin du, emaitzak ez du axola, ariketa bera da apasionantea. Zenbaitetan, baina, pasio osasuntsutik haratago doaz eztabaidak eta koherentziaren termometroan marra gorria nork altuen duen zehazteko lehiaketa bilakatzen dira. Argudioen mailarekin eta intentsitatearekin irabaztea baino parekoaren aurrean gorentasun morala erakustea helburu bilakatzean gertatzen da hori. Bide galtzailea da, dudarik gabe, eztabaiden maila asko pobretzen duelako. Jarrera pobre horren atzean egon daitezkeen arrazoiak psikologia sozialean bilatu beharko dira, baina giza miseriekin ideologiekin baino zerikusi gehiago dutela esatera ausartuko nintzateke.

Koherentzia gainbaloratuta dago ezkerreko mugimenduetan. Eta gaizki ulertuta. Izan ere, gauza batekiko koherentziak, lehentasunen beharrezko hierarkizazioa kaltetzeaz gain, sarri beste gauza batzuekiko koherentzia eragozten duela nabarmena da. Maiz, gainera, koherentzia ez dago norberak uste duen tokian, alboko kalean baizik. Bakoitzak bere etxean egin dezala nahi duena, baina koherentzia hiperbentilatua mugimendu politiko bati galdatzen zaionean, marjinetako marjinalitate bokazioa dago atzean. Eta ez dira gutxi hiperbentilazio horren ondorioz desintegratu diren mugimenduak. Mugimendu politiko bat ez baita karratu zuzen perfektu bat izan behar, are gutxiago bertan jende asko etxekotzea lortu nahi bada. Ez da ere, noski, formarik gabeko borobil bat izan behar, mugak delimitatu gabe dituena eta edozein zirrikitutan deformitate gaitasun erabatekoa duena, zinismoa eta printzipioen erabateko galera ez baitira inoiz alternatiba egokia izan.

Nik mugimendu politiko bati poliedro forma izan dezan eskatzen diot, ertz ezberdinak izatea, ertz horietan bizi paralelo anitz garatzeko aski malgua izatea; ertz horietako biztanleek euren artean sinpatia berezirik ere ez dute zertan izan behar, baina poliedroaren barruan guztiak eroso sentitu behar dira, %70ean bederen (%100ak beti iruditu zaizkit susmagarriak).

Ertzak erakargarriak dira, nola ez. Identitate bat ematen dute. Ni poliedroan nago, baina hemengo hura bezala, ez beste hango hura bezala. «Nireak eta haiek» bat eraikitzen da eta ertzari distira atera diezaioket; neu distiragarriago bilakatu, eta, bide batez, nire bizitzari zentzua eman. Arazoa nire identitate hori elementu bakarrak definitzen duenean dator: beste ezeren gainetik gaya naiz, edo bizikleta zalea, edo ekologista, edo beltza, edo euskaltzalea, edo feminista, edo ehiztaria... Izan ere, ertz horrek beste guztia bigarren planoan uzten duenean, histrionismoa hasten da. Eta okerrago dena: hor hasten dira ertzari tira beharrak poliedroaren forma aldatu nahian, berau guztiz desitxuratu arte. Gure ertzaren betaurrekoetatik begiratuko baititugu osotasunak eta, noski, osotasun horiek beti gabeziak erakutsiko dizkigute, gure ertzak poliedroan ordezkaritza txikiegia duelako, poliedroa ez delako guztiz koherentea eta purua, terminologikoki ez delako zehatza... Horregatik exijituko dugu gureak ateratzen diren bakoitzean definituko gaituzten «-ista» zerrenda luze bat botatzea, nire «-ista» bederen ahaztu gabe. Bederen eta batik bat eta lehenbizi.

Jarrerok, gainera, ez dute bere funtsa kolektibitatearen hobekuntza orokorrean,  indibiduo gisa ditudan nire behar existentzialetan baino. Eta ez dakit hori ezkerreko jarrerarekin «oso koherentea» den, baina eragin nahi den helburua atxikitzeko modurik hoberena ez dela garbi erakutsi digute iraganeko hainbat pasartek munduaren luze-zabalean. Ertzak, erakargarriak izateaz gain, beharrezkoak dira poliedroak poliedro forma izaten jarrai dezan. Baina ertzek ez dute baliorik poliedroaren barruan dagoenari dialektika osasuntsurik egiten ez bazaio eta bertara gerturatzeko eta ez izutzeko norabidean lanik egiten ez bada. Ertzek ez dute koherentzia hiperbentilaturik eta gorentasun moralik behar; poliedroari aurrera egiten lagundu behar diote, ertz espezializatuek duten jakituria poliedroaren zerbitzura eta horren mesedetan jarri behar dute, horrela soilik lortu ahal izango baita %70eko adostasun horri ertzetik eta poliedroaren zentrotik maila bereko atxikimenduarekin eustea.

Horretarako, hizkuntza arrunta erabiliz hitz egitetik has daiteke. «Nire» bizitzako lehentasunak lehentasun kolektiboekin bat egitea derrigorrezkoa ez dela pentsatzetik, guztiona nirearen gainetik jarriz nirea garrantzitsua dela errespetuz gogoratuz, nireak ez direnak errespetatuz eta gutxi gorabeherako adostasun edo elementu komunetan indarrak ipiniz. Poliedroa bere horretan baita ederra. Artikulu hau amaitu dudan honetan, poliedroaren barruan gero eta erosoago sentitzen naizen horietako bakarra ez naizelakoan nago.