Larraitz Ugarte
Abokatua

Politikakeria, populismoa, marketina edo ezerezaren kudeaketa

Zergatik hipoteka baten inskripzioa (bankuari baino interesatzen ez zaiona) zordunak, hau da, herritarrak ordaindu behar du?

Asteon ikusi, irakurri eta entzundako guztiak zur eta lur utzi nau. Txorakerien muga guztiak gaindituta daudela uste duzunean, beti dator norbait langa aise pasa eta berau gorago ezartzera. Horrela dago Espainiako sistema juridiko, legegile eta politikoa. Eta, zoritxarrez, baita Euskal Herriko botere legegile eta politikoa ere, lehenaren ispiluan islatzeko bere joera nabarmen areagotuta. Aste honetakoa oso esanguratsua da, baina gauzek funtzionatzen duten moduaren adibidetzat baino ez hartu, arren, asmoa ez baita gertatutakoa salatzea, «politika egiteko modu berria» kritikatzea baizik.

Asteon denok Auzitegi Gorenaren deliberoaren zain geunden; batez beste etxe berri baten erosketaren eta honen gaineko hipotekaren ordainketaren baitan Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko Zergagatik ordaindu beharreko 800 eta 1.500 euro arteko kopurua nork ordaindu behar duen jakin zain, alegia. Eta hara non Espainiako Auzitegi Gorenak denok esperotakoa ebatzi duen; esperotakoa diot, bestela ez baitzen posible Auzitegi honen jurisprudentzia ororen aurka jotzen duen Areto Zibilaren sententzia ezagutu eta hiru aste berantago osoko bilkura bat deitzea. Espainiar justizi sistemari geratzen zitzaion sinesgarritasun apurra lurperatu duen kudeaketa, inondik inora. Honaino denok dakiguna eta kaleetan salatu dena. Ez da ausardia juridikorik egon bestelako interpretazio bat finkatzeko, horrek burtsan, Europan eta bankuen administrazio kontseiluetan eragin zezakeen lurrikararen ondorio larriei aurre egiteko.

Sorpresa, erabaki honen ondoren antolatu den zirku mediatikoa ikustea izan da. Pedro Sanchezek, espainiar jendartearen “Robin Hood berri” autoizendatuak hemendik aurrera hipoteken zerga herritarrek gehiago ordainduko ez dutela aginduko duen errege dekretu espres bat onartu eta indarrean sartu du. Pablo Iglesiasek bere azken programan hipoteken eskriturengatik ordaindu beharreko zerga herritarrei igotzea proposatu zuela ahaztu eta bere haserrea iragarri zuen Auzitegi Gorenaren «injustizia» salatuz. Azkenik, antza oraintsu arte bere alderdia gobernuan egon dela ahaztu duen Alderdi Popularreko Pablo Casadok gobernura iristen bada zerga bertan behera utziko duela agindu du; batzuen edo besteen alde jarri ordez, erabaki salomonikoa hartu eta erkidego autonomoen diru baliabide bat ezabatu du prentsaurreko batean. Bide batez, Casadok eskuin klasikoarengandik gehien miresten dudan ezaugarrietako bat galdu duela iruditzen zait, sendotasuna, edozeinek esaten duenaren gainetik izateko gaitasuna; karguan daraman hilabete eskasetan lider bat baino bluff mediatiko bat dela argi erakutsi du. Beste alderdietako liderrak, berriz, populismoaren olatura igo eta zein baino zein oldarkorrago Auzitegi Gorenaren aurkako gurutzadan. Edozein legebiltzarkide eskuindarrek esango dizu asten «begira nola dagoen justizi sistema!». Denok gara orain feministak, denok bankuen aurkako, denok ia-ia antisistema!

Ez zait gustatzen politika ofiziala zertan bilakatzen ari den ikustea. Hasteko, espainolegia da. Espainiaren agendaren baitan, jakitun Sanchezen dekretuak ez duela eraginik euskal herritarrongan (Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko Zerga kontzertatuta dago), noiz eta bertako diputazioak oraindik isilik direnean inolako aipamen politikorik egiteke (Nafarroako Gobernuak esan du aztertuko duela nola jardun dezakeen «herritarren mesedetan»).

Politika egiteko modu hau ez da zilegi, ez da herritarrontzat egokia. Inkesta demoskopikoek agintzen dute politikan, ez dialektikak, ez programa politikoen konfrontazioak, ez sakontasun ideologikoak eta azterlan serioek. Bi lema, hiru inkesta, irribarre bat eta neurrira egindako traje bat. Tarteka neurri egokiren bat, betiere ez bada sistema kolokan jartzen eta berau apuntalatzeko bada. Horixe baino ez da ari politika bilakatzen. Zirku fribolo eta kalitate eskaseko bat, herritarren interesetarako baino alderdien eta zehatzago alderdikide batzuen botereguneen interesetarako baino ez dena.

Politika serio egingo balitz, alderdietako liderrek mea culpa bat aldarrikatuko lukete erru guztia Auzitegi Gorenera bideratu gabe. Eta herritarrok eta antolakunde herritarrek ez lukete Auzitegi Gorenera soilik begiratuko; organo legegile eta lider politikoengana ere kontu eske joango lirateke. Hau ez baita erabaki berria. Afera juridiko hau sarri iritsi da Gorenera eta jurisprudentzia nagusia beti izan da banketxeen aldekoa. Horren jakitun izan beharko lukete alderdiek, liderrek eta arlo juridikoan dihardutenek. Zertara dator hainbeste eskandalu orain Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia berretsi baino egin ez denean? Non dago botere legegilea, non botere exekutiboa Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko Zergaren gaineko araudia urteotan aztertu eta berau herritarrek ordaintzea justua ote den zehazteko? Eta deliberoa, herrikoia ez izan arren, zerga herritarrek ordaindu behar dutela balitz?

Bide batez, honi guztiari lotuta, ezin dugu ahaztu herritarrok hipoteka bat sinatzen dugunean ez dugula eskriturengatik ordaindu beharreko zerga soilik ordaintzen, gure hipoteka jabetza erregistroan inskribatzeko ekintza ere herritarrok egiten dugu. Imajina dezake norbaitek, guk gure zordun baten jabetza batean traba bat, enbargo bat publikoki inskribatuta geratzea nahiko bagenu, inskripzio hori zordunak ordaindu behar izatea? Zergatik hipoteka baten inskripzioa (bankuari baino interesatzen ez zaiona) zordunak, hau da, herritarrak ordaindu behar du? Zergatik dago herritarra inskripzioaren eta eskrituren tramite guztiak bankuaren konfidantzapeko aholkularitza batean egitera behartuta? Auziok ere epaitegietan daude. Botere legegileak Auzitegi Gorenaren erabaki ez herrikoi bat eman arte itxaron beharra al dauka gero exekutiboa salbatzaile gisa agertu eta lege aldaketa espres bat egiteko? Gauza bera bankuen gehiegizko klausulekin, komisioekin eta inolako kontrol publikorik ez duten ehunka produktu espekulatiboekin.

Non dago botere legegilea herritarrok bankuen uztarripetik askatzeko eta gure eskubideak bermatzeko? Non dago legegilea, non daude politikariak banku publiko baten aldarrikapena egiteko, berau martxan jartzeko legeak onartzeko eta banku etiko eta konprometitu baten aldeko urrats sendoak egiteko? Ez al dira Euskal Herrian kontrako noranzkoan pausuak eman, iraganean zeuden kontrol publikoko mekanismoak ezabatuz Kutxabanken eta Caja Navarran emandako prozesuetan?

Sistema demokratiko osasuntsu batean, politika jendartearen zerbitzura aritzen da, bokazio publikoz dihardu. Herritarrok arau justuak behar ditugu, onartutako arauak justuak edo gutxienez logikoak direla sentitu behar dugu. Zergekin maiz gertatzen da horrelakorik; jendeak ez du uste ordaintzen duena proportzionala eta egokia denik eta albokoak beti gutxiago ordaintzen duela uste du. Horren aurrean araugintza justu edo orekatua eta pedagogia politiko handia behar dira. Eta arduraz jokatzea. Herritarrok segurtasun juridikoa behar dugu gaur honela dena bihar kontrakoa izan ez dadin. Herritarrok bankuen eta interes ekonomiko ilunen aurrean babesa behar dugu eta hori botere politiko intsumitu, independente eta demokratiko batek gida dezake soilik. Inkesta demoskopikoak, lema hutsalak eta neurrira egindako trajeak alboratu eta politika maiuskulaz, serio egiteko garaia dugu. Espainiako agenda politiko-mediatikotik, intseguritate juridikotik, sistema judizial usteldutik, populismo kutretik lehenbailehen ihes egin behar dugu, Euskal Herrian herritarren mesedetara egongo den demokrazia indartsua atxikitzeko.

Bilatu