Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia, Joxe Mari Muñoa
Etikarte Fundazioa

Premia zientifikoa, askatasun etikoa eta atzeraldi ekonomikoa

«Zientifikoki eztabaidaezina al da erremediorik gabe beharrezkoa den defizitaren murrizketa «nahitaez» ekonomiaren ikuspegitik ahulenak direnen kontura egitea?»

Krisi ekonomikoak tinko dirau gure artean eta hala iraungo du herritar guztiek bizimodu normala iristen ez duten bitartean. Hala ere, badirudi atzeraldi ekonomikoa jada gainditu den zerbait dela. Atzeraldi hori anormaltasunaren hazkunde modura ulertzen dugu, izan ere, gizaki duin gisa bizitzeko behar ditugun bitarteko ekonomikoak –lanaren bidez edota gizarte politika asegarri eta eraginkor bati esker lortuak– eskura izatea eragozten digu. Pertsona guztien oinarrizko premiak asetzeko ezintasun horrek irauten duen bitartean, nahiz eta, dioten bezala, atzeraldi «teknikorik» egon ez, bidegabekeria sozialak lehenean irauten duela aitortzera eta salatzera derrigortuta gaude. Injustizia nabarmena baita munduko ekonomia gutxi batzuen interesen eta boterearen zerbitzuan egotea, eta, era berean, hainbat pertsonaren gabezia eta pobreziatik elikatzea.


Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), hau da «troikako» hiru kideetako batek, bilakaera positiboa aurreikusi du 2014 honetarako espainiar ekonomiarentzat, iazko (2013) %1,2ko beherapenari kontrajarrita %0,6ko hazkundea iragarri baitu, aurrez iragarri zuten %0,2ko hazkundea baino are handiagoa. Aipatutako «troikak» adierazi du –NDFk ez ezik, Europako Banku Zentralak eta Europar Batasunak berak osatzen dute hirukoa– Espainia bide onetik doala ikusita, osatu egin behar litzatekeela orain arte egindako «erreforma ekonomikoa» eta neurri egokiak hartu beharko liratekeela horretarako, bereziki «defizita» murriztearen ingurukoak, eta hurrengo urtean, 2015, %3 inguruan geratu behar lukeela zifra horrek. Gauzak horrela ikusita, gure ekonomiaren etorkizuna positiboa, baikorra litzateke. Eta ez soilik atzeraldiaren mamua uxatzen delako, baizik eta, hazkunde ekonomikoa kontuan hartuta, erkidego politikoak guztion onaren dimentsioa –hau da, politika ekonomiko zuzenagoa– gauzatzeko aukera izango lukeelako. Edo, beste modu batera esanda, aurrera egingo litzatekeelako aurrez aipatutako «normaltasun» sozioekonomikoa (ondasun ekonomikoak zuzentasunez, gizakien beharrizanen arabera banatzea) lortzeko bidean.


Hala ere, hain erakunde goitarretatik egiten zaigun planteamendu ekonomikotik ondorioztatzen den ikuspegi baikor eta itxaropentsu hori ez da, bere horretan, hain erraz onartzekoa. Ez, behintzat, egiaz gizatiarra izan nahi duen politika ekonomiko batek bilatu behar lukeenaren ikuspegitik balioesten bada eta ekonomiak zientifikoki ongi funtzionatzetik harago joan nahi baldin bada. Azken xedea gizaki guztien funtsezko premiak asetzea da, eta kontuan izan behar da herritar horien guztien izenean eta ordezkaritzan egikaritzen dutela botere politikoa orain gobernuan daudenek. Eta jarduera ekonomikoaren antolamendu politikoak ere herritar horien guztien zerbitzura egon behar du.


Gaur bizi dugun egoera honetan, askok argudiatu ahalko dute aurrez aipatutako defizitaren murrizketa zientifikoki beharrezkoa dela hazkunde ekonomikoaren helburu hori erdietsi nahi bada. Hala, betebehar «zientifikoa» izanik, ezinbestekoa litzateke, eta ez luke zentzurik izango hari kontra egiteak. Arrazionaltasun zientifikoaren ezaugarrietako bat da, izan ere, nahitaez bete beharrekoak diren hainbat legeri men eginez jokatzea. Nolanahi ere, defizit hori jaistea beharrezkoa bada, ezinbestean, hainbat baliabide gutxitu eta murriztu beharko dira. Eta horrek ihes egiterik ez dagoen beste galdera baten aurrean kokatzen ditu ekonomiaren funtzionamendua «gobernatzen» duten agintariak, Europar Batasuneko politika ekonomikoaren arduradunak barne direla. Alegia, aurrez aipatutako hurrengo bi urteotan, noren diru-sarreretan egingo dira defizita jaisteko nahitaez egin beharreko murrizketak?


Gauzak horrela izanik, eta horrela diren neurrian, ezinbestekoa da ondoren datorren galdera planteatzea. Zientifikoki eztabaidaezina al da erremediorik gabe beharrezkoa den defizitaren murrizketa «nahitaez» ekonomiaren ikuspegitik ahulenak direnen kontura egitea? Horrek, izan ere, pobrezia maila handiagoak ekarriko ditu, langabezia handiagoa, zehatzago esanda. Hau da, planteatu beharko da, lortu nahi den helburu «ekonomikoa» erdiesteko, erreforma ekonomikoa, beharrezkoa izango den, orobat, gizartean ondorio guztiz larriak izango dituen beste neurri batzuk onartzea, hitz gutxitan esanda, gizartearen maila beherenekoak are gehiago pobretzea. Oso gogorra da horrelako zerbait baiestea. Arrazoi etikoek giza duintasunarekin koherenteagoak izango diren beste bide eta neurri batzuk bilatzea eta erabiltzea eskatzen digute.

Bilatu