Tasio Erkizia
Ezker Abertzaleko militantea

Presoen ikurra eta Urkullu

Ostegunean, Gasteizko Lehendakaritzan  Rene Cassin sariak banatu ziren. Giza eskubideen aldeko eguna izanik, Eusko Jaurlaritzak, urtero legez, horien alde lanean diharduen eragile bat saritu zuen. Aurtengoan Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma izan da saritua. Eta kereila jarritako biktima naizenez, ekitaldira gonbidatu ninduten.

Nire ondoan gazte bat jarri zen, bistaz ezagutzen nuena eta, ni bezala, kereilako partaidea. Ekimena hasi aurretik mutilak presoen ikurra atera zuen bere poltsatik, nik ere nire belaunen gainean jarri nuena Giza Eskubideen Egunean oso apropostzat jo nuelako. Aurrerago, mutilak ikurra altxatu zuen baina gehiegi nabarmendu gabe, eserita jarraitu baitzuen. Dena normal joan zen ekitaldiaren erdialdean Urkullu altxatu, hizlariari isiltzeko esan eta guregana hurbildu zen arte. Gizonak zurbil baino harrokeriaz: «Zuek badaukazue zuen ekimena hor kanpoan, hau gure ekimena da eta, beraz, ikur hori kendu behar duzue».

Zur eta lur gelditu nintzen. Ezin nuen sinetsi ikusten eta entzuten nuena. Eta bereziki larria da erabili zuen forma eta argudioa. Penaturik irten nintzen. Iruditu zitzaidan, lekuz kanpo zegoen jarrera desegoki baten lekuko izan nintzela.

1.- Zer esan nahi du Urkullu jaunak «hau gure ekimena da»  esaten duenean? Nik uste nuen han bildutako guztiak giza eskubideen alde geundela eta ez alderdi batek gonbidaturik. Zer zen, alderdi baten ekimena ala herritarrei irekia, eta bereziki, Frankismoaren biktimei zabaldua? Ez al da benetan larria horrelako argudio bat erabiltzea? Instituzioak modu horretan patrimonializatzeari oker larria deritzot eta Urkulluk horrela jokatzea, lekuz kanpokoa.

2.- Ikur hori dispertsioaren aurkakoa da; beraz ,interes politiko eta elektoralagatik larriki urratzen diren presoen eskubideak aldarrikatzen ditu. Ez zuen ekimena oztopatzen eta nik uste hango inori ez ziola minik egiten. Orduan, zein zen Urkulluren helburua, zein argazkiren bila zebilen? Agian, egunkari batzuek azpimarratu dutena: «Urkullu se encara a los presos»? Jakina, orduan badakigu noren txaloak lortu nahi zituen.

3.- Gogorra egiten zait aitortze, baina beldur naiz Urkulluri ikur horrek min eman ziola, begi bistan uzten zuelako beraien mezuaren eta errealitate gordinaren artean dagoen lubakia. Presoek bizi duten egoera eskandalagarria da. Demokrazia hitzarekin talka egiten duena. Instituzio eta arduradun politikoen epelkeria gogor salatzen duen errealitate gordina. Noizko, hitzetik at, preso gaixoek bizi duten kalbarioaren aurkako salaketa garbia? Noizko dispertsioa gainditzeko keinu zintzo eta ausarta?

Bilboko udaletxean, 1980. urtearen bueltan, deskalifikazio asko entzun genituen PNVren kideen aldetik, Frankismoko krimenak salatzen genituenean. Ez omen zen momentua. Hemendik hogei urtera presoen aldeko mugimendua omenduko dugu? Ez al da askoz egokiagoa, presoen eskubide urraketaren aurka, behingoz eta berehala «Stop» ozena esatea?

Bilatu