Iñaki Altuna
GAUR8

Proposamenak doitu aldaketak bultzatzeko

Nafarroak erabaki dezan EH Bilduk joan den asteartean eginiko proposamena aztertzeko bi faktore hartu behar dira kontuan: alde batetik, ezker abertzalearen ibilbidea bera, eta, bestetik, gaur egun Nafarroan sortu den aukera politiko historikoa. Gaur arte geratutakoari eta gaurtik aurrera gerta daitekeenari begiratuta konpreni daiteke hobeto proposamenaren zio eta oinarria.

Adolfo Araiz hautagaiak Telesforo Monzon ekarri zuen gogora, eta haren loreontzi hautsia. Metafora hura erabili zuen Monzonek lurralde batasuna aldarrikatzeko eta partizioaren gaitza, minbizia agerian uzteko. Loreontziak gaur egun josi beharreko hiru puska dituela esan zuen Araizek: EAE, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herriko hiru probintziak.

Atzera begiratuta, erreferentzia garbia aurki daiteke 2004ko azaroan Arnaldo Otegik Anoetan aurkezturiko “Orain Herria-Orain Bakea” eskaintza hezurmamitzeko ezker abertzalearen baitan egin zen hausnarketan –Lizarra-Garaziko aukera gainbehera etorri zenean eta ezker abertzalean krisi galanta sortu, proposamen politikoa berritze aldera abiarazitakoa–. Hiru «eragin guneak» agertu ziren lehen aldikoz, eta horrek, bistan da, Loiolako elkarrizketei ekiteko oinarria eskaini zuen, nahiz eta, gerora, prozesuaren arauak adostetik harago, lehen helmuga bera ere aldez aurretik zehazten saiatu ziren ezker abertzaleko ordezkariak (Hego Euskal Herriko lau herrialdeek osaturiko autonomia, erabakitzeko eskubidea izango zukeena; edo, beste modu batez esanda, KAS Alternatiba zaharberritua).

Prozesua hark aurrera ez egiteak, besteak gauza batzuen artean, Nafarroako auziari nola eutsi utzi zuen airean. Akordioa alderdien (Batasuna, EAJ eta PSOE) artean ixtea ezinezko bilakatu zen. Negoziazio eredu klasikoak ez zuen gehiagorako eman. Horrenbestez, Nafarroako kontuari ere zehazki erantzun nahi izan zion ezker abertzaleak berak 2009an egindako eztabaida estrategikoak. Hala zioen “Argitzen” eztabaida txostenak: «Nafarroa Garaiaz eta lurralde batasunaz darabilgun mezua, maila batean, defentsiboa da, jakin badakigulako, finean, lurralde batasuna emango bada, horretarako nafar herritarren borondatea ezinbestekoa izango dela eta, beraz, hegemonia sozialaren berreskurapenak izan behar duela gure helburua. Horri begira, erabakitzeko eskubideaz ari garenean, euskaldunok gure barne antolaketa erabakitzeko eskubide osoa dugula da aldarrikatu beharrekoa». Beraz, Labriten entzundakoak logika horri jarraitu dio. Prozesu politikoaren eta urteotan egindako ibilbidearen ondorio da.

Erregimenarekin amaitzeko aukera

Bigarren faktorea egungo abaguneari dago lotua, funtsean Nafarroan hamarkadotan eratutako erregimena gainbehera etorri ahal izateak sortu duen itxaropenari. Aldaketa politiko sakona emateko baldintzak izan badira, PSNren neurrira egindako eta –halere, aldi berean– PSNk berak galarazi izan duen gobernu aldaketa hutsetik harago. Aukera egonda, ulergarria da EH Bilduk ahalegina egitea bere proposamena egoerari doituz.

Eta, halere, ez da erraza izango, ezta hurrik eman ere. Gainera, zenbait gauza argitzeko dago oraindik; adibidez, arrakasta izango lukeen Podemos-Ahal Dugu alderdi berria hauteskundeetara aurkeztuko den edo ez, edo UPNren barruan egondako azken barne mugimenduek zer ondorio ekarriko dituzten alderdi barruko zein inguruko giroan. “Navarrometro”-ak aldaketa oso posible dela adierazi du, baina ezin esan egina dagoenik, are gutxiago inkesta horrek emandako zenbait datu eta portzentaje ez direnean batere sinesgarriak. Inkesta batek Barcina erditik kentzeko balio izan du, baina hori ez da nahikoa erregimenarekin amaitzeko. Akats larria litzateke horren arabera jardutea. Aldaketa ez dago hain gertu, eta ahaleginak eta bi egin beharko ditu horren bila ari den orok.

Bilatu