Publikoa bada, publikoa da!
Hamaika eredu aurki ditzakegula non enpresa pribatuek inplizituki hezkuntza publikoan eragiten duten. Bien bitartean, politikagintzan dabilen ordezkariak publikoaren aldeko apostu sutsua saltzen jarraituko du.
Azken aldian, azkar batean atzeman izan dugu publikotasunaren eta pribatutasunaren arteko eztabaida. Pandemiak sortutako egoeraren ondorioz, hezkuntza zein osasun publikoaren garrantzia non geratuko zen galdetu diogu behin baino gehiagotan gure buruari. Hala nola, gobernu ordezkari ezberdinek, bakoitza bere irakurketaren baitan, zerbitzu publikoak babesteko eta indartzeko asmoa plazaratu nahi izan dute azken hilabeteetan.
Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, noski. Kale artean, lantokietan edota hedabideetan ikus daitezkeen eredu argiak asko dira, baita zerbitzu publikoen menpe dauden lan baldintzen prekarizazioaren inguruan ere bai. Baina badira hainbat adibide «izkutuko curriculumaren» menpean instituzio ezberdinen pribatizazioaren alde egiten dutenak, hala nola, hezkuntzaren alorrean esaterako. Edo beste modu batera esanda, nola eragiten dute enpresa pribatuek insitituzio publikoen sektoreetan? Nola transmititzen dituzte haien balio ekonomizistak eskola publikoaren inguruko ideologiaren oinarrian? Hona hemen hainbat adibide:
Lehenik eta behin, espainiar Estatuko argitaletxe batek ikaskuntza-zerbitzuarekin loturiko sari batzuk antolatzen ditu, urtez urte. Aurten ere, pandemiak sorturiko egoeraren ondorioz, hauek antolatu eta izurriteak sortu duen parada baliatu du honi loturiko sariakantolatzeko. Argitaletxeak berak instituzio publikoen laguntza izan du hauek antolatzeko eta, haatik, enpresa pribatuak izan dira hauek finantziatu dituztenak. Herriarentzat eta komunitatearentzat sortutako proiektuak enpresa ezberdinen ordainsari.
Bigarrenik, beste argitaletxe famatu batek pedagogia eta metodologia berritzaileen inguruko hitzaldi-sorta argitaratu du jarraian datozen asteetan. Bertan, hezkuntza alorrean aurki daitezkeen hizlari eta aditu garrantzitsuenetarikoak aurki daitezke; doainik eta hezitzaile ororen eskuetan. Berriz ere, etekin pribatuak jarriz erdigunean; formakuntza zuzena zein publikoak ekar dezakeen onura gutxietsiz. Hezkuntza komunitatearentzat sorturiko adimen intelektuala enpresa ezberdinen ordainsari.
Hirugarrenik, ospe handiko tanpoi eta konpresa ekoizle enpresa multinazional bat hamaika eskoletatik dabil bere sexualitate tailerra musutruk eskainiz ikasleriari. Zeinen jatorrak! Berriz ere, horrenbeste eztabaida, gatazka zein naturaltasun eza sortzen dituen gaiak desnaturalizatuz. Hezkuntza komunitateak horrenbeste beharko lukeen ber-hezkuntza hezkidetzailea hutsalduz enpresa ezberdinen ordainsari.
Eta azkenik, punta puntakoa den merkataritza elektronikoko mundu enpresa potenteenetariko bat hortik dabil ere, eskolaz eskola, bere etekinen ehuneko bat donazio gisa itzuliz eskoletara; hauek bere zerbitzu erraldoi horretan eros dezaten. Hezkuntza komunitateak tokiko merkataritza guneetan egin beharko lituzkeen erosketak enpresa handien artifizialtasunean ordainsarituz.
Agerikoa da, hortaz, hamaika eredu aurki ditzakegula non enpresa pribatuek inplizituki hezkuntza publikoan eragiten duten. Bien bitartean, politikagintzan dabilen ordezkariak publikoaren aldeko apostu sutsua saltzen jarraituko du. Hezkuntza publikoan lan egiten dugunok ere kontraesan txiki horien onarpenean buruhausteak izaten jarraituko dugu. Eta hezkuntza komunitatearen inguruan darabilen edozeinek zalantzak izango ditu benetan publikoa dena, publikoa den ala ez. Zeren eta, publikoa bada, publikoa da.