Jon Muñoz
Ikastolako langilea eta EAEko Hezkutza publikoko eskola bateko gurasoa

Publikoa, euskalduna eta propioa bai, baina ez horrela

Ikastolek erkidego batetik haragoko lana egiten dugu eta egiten jarraituko dugu.

Hezkuntza komunitatearen partaideak garen gehienok bat gatoz EAEko Hezkuntza lege aurreproiektuaren zirriborroak hutsuneak dituela, baina azken egun hauetan tristuraz jarraitzen ari naiz Hezkuntza sistemaren inguruan ematen ari den eztabaida, hezkuntza sistema dualaren edo publiko eta pribatuaren gaian polarizatzen ari delako. Steilasek, LABek eta ELAk batera sinatutako azken testuak eta pertsona batzuen iritzi artikuluek lerro xume hauek idaztera animatu naute.

Euskal hezkuntza sistema publikoa beharrezkoa da. Noski, hezkuntza oinarrizko eskubide unibertsala delako, baina publikoa izateak ez du suposatu behar administrazioak zuzenean kudeatu beharra dagoenik. Publiko kontzeptua ezin duzue monopolizatu kontzeptu zabala delako. Egun Euskal Herriak lau administrazio publiko ditu (EAE, Nafarroa, Pirinio Atlantikoko Departamentua eta Gaztela-Leon Trebiñun) eta hauetan euskararen ofizialtasuna ez da berdina; beraz, administrazio bakoitzak kudeaturiko hezkuntza publikoan euskararekiko hartuko lukeen jarrera ezberdina litzateke. Zuen argudioetan Europako datuak erabiltzen dituzue, betiere zuen interesen aldekoak. Gogoratu Europako herrialdeen artean hezkuntza publikoaren eredua ezberdina dela eta herrialde batzuetan ikastetxe publiko kontzeptua ez da ulertzen zuek defendatzen duzuen eran.

Propioa bai, baina zer da propioa? EAEn soilik eragingo duen sare publikoa? Beraz, Trebiñu, Nafarroa eta Iparraldea alboratuko duen sare publikoa? Hori al da propioa?

Segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa guztiz beharrezkoa da, baina nola lortu Jaurlaritzak kudeatutako sistema publikoaren eskolen artean ere ematen denean?

Publifikazio marko eta araudia. 2022an, berriro ere, 90eko hamarkadaren hasieran hainbat ikastoletan sortutako eztabaidak, mina eta negarrak eragin nahi dira? Publifikazio hori zelan gauzatuko litzateke? Publifikazio horren helburua zein izango litzateke? Eusko Jaurlaritzaren sare publikoaren ehunekoak gora egiteko baino ez? Eusko Jaurlaritzaren sare publikoan sartu eta gero, zer planteatzen da? Egoera honetan, Trebiñuko ikastolarekin zer gertatuko litzateke? Nafarroako eta Iparraldeko ikastolekin elkarlaguntza eta elkarlana egongo litzateke?

Euskara erdigunean jartzea eta hizkuntza ereduak desagertzea beharrezkoa da, honen alde zuekin batera kalera aterako nintzateke (baina zuen borroka partikularra egin nahi duzue). Honekin batera euskal curriculuma ezarri behar da, baina Euskal Herria osotasunean hartzen duen curriculuma.

Hezkuntza sistema osatzen duten langileen enplegu eta lan baldintza egokiak bermatzea. Hezkuntza sistema osoko langileei erreferentzia eginez gero, guztiz beharrezkoa da, baina idazkia irakurtzean funtzionario finko gehiago nahi dituzuela iruditzen zait (hiru sindikatuak funtzionarioen enpleguaz eta baldintzez baino ez dira kezkatzen?; zer gertatzen da hezkuntza sistema osatzen dugun langile ez funtzionarioekin?). Hezkuntza sistemaren kontzeptua ezin du EAEko administrazio publikoaren sistemak monopolizatu, hezkuntza sistema kontzeptu orokorra delako.

Ikastolek erkidego batetik haragoko lana egiten dugu eta egiten jarraituko dugu, hasi ginenetik zailtasunak eta oztopoak ezagutu ditugu, baina aurrera egiten ikasi dugu eta aurrera egiten jarraituko dugu.

Bilatu