Osakidetzako hizkuntza normalizazioko teknikaria eta LABeko afiliatua
«Quousque tandem abutere, Aitor, patientia nostra?»

Oso bidezkoa da, baiki, Administrazioaren erabakiak eta agintariak kritikatzea, eta abagunerik ez da falta, baina marra gorri batzuk ez genituzke zeharkatu behar, gure gogara edo interesarengatik pertsonak –arduradunak barne– modu merke eta makurrean laidotuz.

2020/02/15

Aitor Montesek berriro ere iritzi artikulu batean, agintarien aurkako salaketa dela medio, langile baten kontra egin du, eta bide batez, modu txarrean ukiturik utzi ditu haren lankideak ere. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) ere berba gogorrez astindu du, eta izan da imitatzailerik, Osakidetzako hizkuntza normalizazioko teknikariak ere inoiz larrutuak izan direlako, batek daki zergatik.
Tamalez, pertsonak dira hain arin eta modu iraingarrian inarrositakoak, pertsona duinak, errespetua merezi dutenak, oroz gain, haien aurkako eldarnioak besterik ez badugu.

Alta, Aitor Montes zuzen dabil dioenean Osakidetzako Euskara Zerbitzua une kritiko batean dagoela, burua joan baita II. Euskara Planaren amaierako ebaluazio orokorra eta III. Euskara Plana diseinatzen egin behar direnean. Horrela, pertsona zentzudun orok pentsatuko luke ahalik gehien egin behar dela une kritiko honetan jarraipena ziurtatzeko.

Nola bermatzen da premiazko jarraipen hori? Zerbitzuan Euskara Plana bultzatu duen teknikariaren laguntzaz, zeinek halaber planaren bitarteko ebaluazioa kudeatu baitu, zein Euskara Zerbitzuaren zutabeetatik bat baita, eskarmentu handikoa, urte luzeetan erakunde handienetariko baten euskara-arduraduna izandakoa.

Hori guztia begi bistakoa den arren, Aitorrek nahiago du bere gustu eta interesen araberako mundu bat irudikatu ezen ez aurrean duenari begiratu. Interesa zeinahi delarik ere, baina argi dago Aitor Montesek gutxi dakiela eta asko suposatzen duela.

Suposatzen du une honetan plangintzaz eta Euskara Zerbitzuaz arduratzen den teknikaria agintariek nahierara eta legez kontra aukeratu dutela; teknikari hori morroi hutsa dela, beldurtia, sabel eskertua, seriotasunik gabe jardungo duena; zerbitzuburu batek hizkuntza politika erabakitzen duela, arauak ematen dituela, ez dagoela nagusien aginduetara; ezohikoa eta irregularra dela bitarteko une batean, iragankortasunez, teknikari batek, finkoa nahiz interinoa izan, goragoko funtzioak betetzea.

Aldiz, ba omen daki, gero agintariek bere gogara zerbitzuburu nor izendatuko duten: teknikari berori. Nire irudiko, hoberik ezean, ondo egingo lukete, teknikari morroi, ganorabako eta beldurti hori, segur aski, orain egokiena den bezala, gero ere aukerarik onena izan litekeelako.

Baina Aitor Montesek jakin ez daki teknikari arduraduna lankideek berek proposatu diotela Osakidetzako agintaritzari, unearen izaera kritikoaz eta hautagaiaren balioaz jabeturik; konbentzitu behar izan dutela ardura har dezan; teknikari batek goragoko funtzioak hartu ahal dituela, iragaitzaz, finkoa ez izan arren, zeren, Administrazioan, oraingoz, ez baitago kastarik; Administrazioa erakunde hierarkikoa izanik, teknikari eta arduradun oro goragokoen esanetara dagoela; Euskara Zerbitzuaren burua ez dela Osakidetzako organoetatik bat, ez duela araurik ezartzen; Euskara Zerbitzuaz iragaitzaz arduratzen den teknikaria langile esperientziadun, serio, zintzo, argi, bipil eta lankideek oso estimatua dela.

Oso bidezkoa da, baiki, Administrazioaren erabakiak eta agintariak kritikatzea, eta abagunerik ez da falta, baina marra gorri batzuk ez genituzke zeharkatu behar, gure gogara edo interesarengatik pertsonak –arduradunak barne– modu merke eta makurrean laidotuz. Era berean, doilorkeria handia da argudioak mamitzerakoan lotura makurrak asmatzea, efektismo hutsaren bila, hortik gezur beltzak besterik ez baita sortzen.

Euskalgintzan ere hori ikusi behar? Izaitetik hek bezala Ortzi Jaunak zain nazala!

Artikuluak
Marcos Roitman Rosenmann
2020/10/29
Nerea Sanchez, Jose Manuel Arias, Estibaliz Zelaia
2020/10/29
Iñaki Etaio
2020/10/29
Juan Luis Mugertza Unanue
2020/10/29
Gutunak
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
2020/10/29
Joseba Otano Villanueva | Administrazioan Euskaraz Taldea
2020/10/29
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
2020/10/29
Gerardo Hernández Zorroza
2020/10/29