Maider Gorritiberea, Maddi Ane Txoperena, Nekane Orkaizagirre eta Haizea Solagurenbeasko
Askapena. Brasil 2016 brigada

Rio 2016: Partida ez da bukatu

Puntako kirolarien eta turista kirolzale aberatsen elkargune bilakatu da Rio de Janeiro azken egunotan. Brasilgo hiri ezagunenaren kaleak betetzen ari da ekitaldia, eta milaka eta milaka zale xumeago etxeko pantailetatik ari dira jarraitzen hango tenis, hockey eta igeriketa sinkronizatuko probak. Baita medaila banaketak, estatuen arteko lehiak… Nazioartearen begiradapean dago Brasil egunotan.

Telebista eta komunikabide nagusiak, ordea, herrialde erraldoiko errealitatearen beste aldeak ezkutatzen ari dira: egoera politikoa bor-bor dago, eta jokoen testuinguruan Michel Temerren eta haren estatu kolpearen kontrako protestak ugaritu egin dira. Senatuan ere hasi berri dira Dilma Rousseffen kargugabetzearen azken bozketa prozesuan, eta lehen egunetan lortutako emaitzak baieztatzen badira, indartu baino ez dute egingo estatu kolpea, eta horrekin batera, haren aurkako mobilizazioak.

Rousseffen kontrako kargugabetzea, izan ere, ez dago soilik ustezko ustelkeria kasu batean oinarrituta. Eskuineko indarrek, Rede Globo telebista kate hegemonikoaren laguntzarekin, 2014ko hauteskunde kanpainaren hasieratik antolatu zuten estatu kolpea. Hautesleen %56ren babesarekin eta 54 milioi herritarrek botoa emanda lortu zuen Rousseffek Brasilgo presidentetzara iristea, 2015ean, baina behin Gobernura iritsita, ez zituen hauteskunde programan agindutako neurri ezkertiarrak bete. Horrek ere gutxitu zuen presidentearekiko herri babesa.

Egoera baliatuz, eskuineko eliteek gogor jo zuten Rousseff-en kontra, berez Brasilen ohiko diru mugimendu bat den ustezko ustelkeria kasu bat aitzakiatzat erabiliz, eta haren kontra kanpaina misogino gogorra ere eginda. Ibilgailuetako pegatinetan, esaterako, bere irudia modu sexistan erabiltzea bultzatu zuten. Urteetan sakontzen zihoan Brasilgo krisi ekonomiko eta politikoak ere ez zion lagundu PT Langileen Alderdiari Gobernuari eusten. Eta testuinguru horretan bozkatu zuten Rousseff kargugabetzea, apirilaren 17an, Diputatuen Ganberan.

Estatu kolpea eman duenez geroztik, Temerrek herriaren eta behartsuenen kontrako neurri gogorrak hartu ditu. Esate baterako, pentsioen erreforma, hezkuntza eta osasunaren pribatizazio saiakerak, eta hainbat ministerioren itxiera (laborantzakoa, emakumeena eta giza eskubideena). Beste neurri neoliberal batzuk ere iragarri ditu, esaterako, asteko lanaldia 80 ordura igotzea (egun 44 ordutan dago), transnazionalei ateak irekitzea, eta Petrobras petrolio enpresa publikoa esku pribatuetan uztea (hori ere ustelkeria kasuek zipriztindu arren, Gobernuarentzako diru iturri garrantzitsua izan da, munduko petrolio enpresa handienetarikoa izanik).

Mugimendu sozialen kontrako errepresioa ere areagotu egin du kolpearen osteko Gobernuak: atxiloketak eta istilu gogorrak eragin ditu poliziak Temerren kontrako protestetan (haren kontrako kartelak daramatzaten pertsonei atxiloketa mehatxua egin die), eta  MST bezalako mugimenduei eraso zuzenak egiten ari da.

Herri mugimenduak Temerren estatu kolpea bertan behera gelditzea eta Rousseff itzultzea eskatzen du, Konstituzioa errespetatu gabe eta modu antidemokratikoan kanporatu dutelako presidentetzatik. Halere, Rousseff itzultzekotan, Gobernua ezkerrerantz biratzeko eskatzen diote, baita erreforma politiko sakonak garatzea ere. Horretarako, Frente Brasil Popular ezkerreko mugimenduen elkarguneak konpromiso batzuk eskatu dizkio PT Langileen Alderdiari. Esate baterako, hauteskunde sistema demokratizatzea, ustelkeria borrokatzea eta eskuineko komunikabide hegemonikoekin apurtzea.

Dena den, inor gutxik espero du Senatuko bozetan garaile atera eta Rousseff Gobernura bueltatuko denik, eskuinak eta eliteek ongi lotuta daukaten prozesua delako kolpea. Halaber, hauteskundeak berriro egitea ere ez du nahi ezkerreko mugimenduak. Izan ere, horrek estatu kolpeari zilegitasuna emango lioke.

Litekeena da, beraz, 2018ra arte gutxienez ezkutuko eta eskuineko diktadura batek jarraitzea Brasilen. Horren aurrean, mobilizatzen segitzeko deia egiten du Brasilgo herri mugimenduak, ez baitaude prest urteetan lortutako eskubideak galtzeko. Eta Olinpiar Jokoen testuingurutik haratago, zein Rousseff boterera itzulita ere, borrokan segitzeko konpromisoa hartua dute: partida ez da bukatu, eta kalea berreskuratzeko prest dago Brasilgo herria.

Edozer gerta ere, guk elkartasun internazionalista ematen jarraituko dugu Euskal Herritik. Brasilgo internazionalak dion bezala, «bem unidos, façamos nesta luta final, uma terra sem amos a Internacional!».

Bilatu