Juan Martin Elexpuru

Sahararrak lehertzear?

Otsaileko azken astean Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan izan ginen, urtero han egiten den Maratoi Solidarioa aitzakia hartuta. Barajasko aireportuan 160 lagun bildu ginen, munduko 26 herrialdetakoak. Tartean 20 bat euskaldun. Gurekin batera laguntza humanitarioko kaxak eta kaxak sartu ziren Air Algerie-ko txarterrean, gehienak osasungaiz beteta. Egun berean beste espedizio txikiago bat irten zen Italiatik.

Tindufeko aireportura heldu, autobusa hartu eta ordubetera Smara-ko kanpalekuan ginen gaueko ordu biak aldera. 40.000 mila biztanle inguruko herria izan arren, linterna argiak baino ez. Hartu behar gintuzten familietako etxekoandreak lurrean eserita patio batean, bakoitza zenbaki batekin. 14a da gurea eta Maina gure familiako etxekoandrea, adinean aurrera doan emakume dotore eta atsegina.

Herria ikustera irten ginen hurrengo goizean. Bost wilaya edo hiritan bizi dira berrehun bat mila iheslari Aljeriak utzitako basamortu gorrian. Hondarrezko kaleak, planta bakarreko adobezko etxe xumeak, haimak ere bai; espazio zabalak (ia 20 km omen du herriak borobilean); ahuntzak kalean, batzuk libre eta beste batzuk burdinazko hesien barruan, argal-argalak, janari hondarrez elikatzen dira, eta paperez eta plastikoz. Auskalo nora doazen autoak; eta jendea, ume asko, txukun jantzita, aurpegi alaiarekin, politak, ez zaizkigu gehiegi itsasten, karameluak eskatzen lotsagabeenak.

Buruzagi politiko baten hitzaldia daukagu goizerdian. Gaztelania oso onean, historia eta egungo egoera azaltzen digu : «Espainiak, NBEaren aginduei jarraitu eta deskolonizazio prozesuari ekin beharrean, atea zabaldu zien Maroko eta Mauritaniari 1975ean. Kolonoekin batera armada sartu zen eta askok ihesari eman genion. Ehunka hildako bidean, balen zein fosforo eta korda bonben eraginez. Hemen kokatu ginen, denbora gutxirako izango zelakoan. Gerrari ekin genion gure lurraldea berreskuratzeko. Mauritaniak atzera egin zuen 1979an, baina Marokok hartu zuen hark utzitako eremua. Frente Polisarioak estu hartu zuen Marokoko ejertzitoa , ekialdea liberatu genuen, gure lurraldearen % 30 inguru. 16 urteko gerraren ondoren, NBEaren bitartekaritzaz, suetena sinatu eta akordio batera heldu ginen 1991n. Errolda egin eta hurrengo urtean, 1992an, autodeterminazio erreferenduma egingo zen. Gaur arte».

Azaldu du errolda egin egin zela, erreferendumerako baldintzak bete zirela, baina Marokok eragotzi egin zuela galtzeko beldurrez. Eta NBEk amore eman zuela. Marokok 400.000 kolono inguru sartu ditu inbasioaz geroztik. Gaur egun, saharar bakoitzeko bost marokoar bizi omen dira lurralde okupatuetan.

«Suetenaz geroztik, urtero antolatu dira negoziazio mahaiak ONUren itzalpean. Eta argia ikusten hasi garen bakoitzean Frantziak itzali du, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan duen beto eskubideaz baliatuta». Frantzia omen da egun Marokoren euskarri nagusia, Espainiarekin batera. Marokok autonomia eskas bat eskaini zien orain dela urte batzuk, baina Polisarioak ez zuen onartu, NBEk presionatu arren. Independentzia da onartzen duten irtenbide bakarra. «Datorren astean dator ONUko arduraduna, baina badakigu ez dakarrela proposamen berririk. Oso etsita gaude. 38 urte daramagu leku honetan; noiz arte galdetzen dute belaunaldi gazteek. Asko esatea da, baina agian borroka armatura itzuli beharko dugu. Beste biderik ez dut ikusten». Suizidioa ez den, galdetu du norbaitek. Ez luketela ohikoa egingo, asmatuko luketela zerbait.

Munduko 82 estatuk onartzen dute Saharako Errepublika Demokratikoa, baina horien artean ez dago Europakorik eta indartsurik. Laguntza humanitariotik bizi dira. Eta hau erdira jaitsi da krisiaren ondorioz. Une honetan beren baliabideen erdia kanpoan bizi diren familia sahararretatik ei dator. Europako Komunitateak eta Marokok sinatu berri duten arrantza hitzarmena gogor salatu du. Arrantza-leku sahararrak ustiatzen dituzte gehienbat, eta hori nazioarteko legediaren aurka ei doa. «Gure herriaren baliabide naturalak harrapatzen ari dira». «Ari zarete» ulertu dugu han gaudenok.

Maratoia, esperientzia ahaztezina hondarrezko itsasoan antxintxika egitea. Bakardadea, isiltasuna, noizbehinka andreen irrintzi zirraragarriek urratua. Aurtengo lema: «Giza eskubideak Sahara Mendebaldean», lurralde okupatuetan azkenaldian gertatzen ari diren desagerpen, tortura eta bortxaketak salatu asmoz.

Hurrengo egunean Rabouni hiriburu administratiboan dagoen Erresistentzia Museora bisita. Adineko militar batek ematen ditu azalpenak, mapa aurrean duela. «Zuetako askok beharbada ez du jakingo munduko hesirik handiena Saharan dagoela. 2.700 km ditu, bitan banatzen du gure lurraldea; israeldarren laguntzaz eraiki zuten marokoarrek 1981-1987 epean. Lehen lerroan minak daude, bost milioi inguru. Bigarrenean alanbre-hesia, eta atzean lau metro alturako hondar-hesia. Eta hura zaintzen 165.000 soldadu. Militarren postu bat bost kilometrotik bost kilometrora». Marokoarrei gerran kendutako materiala erakusten da museoan. Dokumentuak, tankeak, fusilak… Esperanza y Cia, Marquina, España jartzen duen mortero batek erakarri ditu gure begiak.

Besarkadak, musuak, malko batzuk ere bai agurtzeko orduan. Espediziokide asko errepikatzaileak dira, laguntza-taldeetan, proiektuetan, umeak etxean hartzen… dabiltzanak. «Maitagarriak dira», «Eta miresgarriak», «Bakarrik daude munduan», «Herritarrok jarraitu beharko dugu elkartasuna agertzen», entzuten da autobusean. Eta esaldi kezkagarri bat dabil askoren buruan: «Agian borroka armatura itzuli beharko dugu». Eta nabari da bakezaleenak ere ulertzen duela. «Ba…, badaramate urte batzuk hori esaten, baina ez dute egingo», dio batek. «Oraingoan oso konbentzituta ikusi ditut», beste batek.

Ahots kritikoren bat ere entzuten da: «Hainbeste urte inork ahora emandakoa jaten, eta ohitu egin dira. Egoera gogorra da, bai, baina egunero jaten dute behintzat, hirugarren munduko leku askotan ez bezala. Egin dezatela zerbait!». «Baina zer egin dezakete!?», erantzuna, hiru edo lau ahotsetara.

Hegazkina aireratu da basamortuaren erdian. Haiek han geratu dira eta gu hona gatoz.

Bilatu